Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

EAJk uste du Raxoi egokia izan litekeela bake prozesua aurrera eramateko

PPren presidentegaia «pragmatikoa» dela eta bakea kudeatzeako prest egon daitekeela esan du Olabarriak

Emilio Olabarria, iragan ostiralean EAJk Oionen egin zuen hauteskunde ekitaldian hitz egiten. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Mariano Raxoi Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako PPko presidentegaia bakea egonkortzeko buruzagi egokia izan daitekeela uste du EAJk. Hala adierazi du Emilio Olabarria Kongresurako Arabako jeltzaleen zerrendaburuak Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

Raxoi politikari «pragmatiko» gisa deskribatu du Olabarrriak. Haren ustez, «ez lioke muzinik egingo» bake prozesua kudeatu zuen presidente izateari. Horregatik, irtenbide bila Kongresuan egongo den euskal ordezkaritzarekin hitzartze zabala adostu dezakeela adierazi du.

Olabarriaren irudiko, galiziarra ez da «[Jose Maria] Aznar bezalakoa». Alfredo Perez Rubalcaba sozialisten hautagaia ere bakea kudeatzeko buruzagi aproposa izan daitekeela gaineratu du, ez baita «gertatukoarengandik urruti» izan.

Bakebidean, «salbuespenezko agindu juridikoak» bertan behera uzteko eskatu du. Alderdien Legea, terrorismoaren aurkako legeak, presoen sakabanaketa eta halako neurriek «anaitasuna» garatzeko trabak jartzen dituztela azaldu du Olabarriak. Nolanahi ere, beharrezkotzat jo du, bizikidetza hori garatzeko, alderdi politiko guztiek biktimen elkarteekin batera adostutako «konponketa» lortzea.

Aieteko jauregiko nazioarteko konferentziaz ere mintzatu da jeltzaleen Arabako hautagaia. Raxoi eta Rubalcaba Donostiako bileretan gertatuko zenaren jakinean zeudela ziurtatu du, eta bazekitela konferentzia ez zela «nazioarteko pertsonaia ezagun batzuk» biltzea bakarrik, «hilabeteetan egindako lanaren emaitza» baizik.

PSOE, krisiaren erantzule

Hauteskunde kanpaina egoera ekonomikoak baldintzatu duela nabarmendu du Olabarriak. Egoera «negargarria» dela adierazi du, eta PSOE jo du erantzuletzat. Erantzukizun nagusia gobernuan zegoen taldeak izan du, haren esanetan, beren lana «oso gaizki» egin dutelako: «Onartutako erreformek langabezia areagotu dute».

Sozialistek EAJren laguntza izan zuten Espainiako aurrekontu orokorrak onartzeko orduan; baina, Olabarriaren aburuz, horrek ez ditu jeltzaleak krisi egoeraren erantzule bihurtzen. Gobernua babestu zuten «une bakarra» izan zela adierazi du; bestela, Espainian ez zela aurrekonturik egongo, eta ekonomia esku hartuta egongo zela.

Hain da larria Olabarriak irudikatutako egoera, hurrengo urtean Espainia atzeraldian sartuko dela aurreikusi duela. Ekonomia 2017ra arte ez dela haziko gaineratu du.

«Informazio monopolioa»

Bien bitartean, Basauriko Solabarria plazan (Bizkaia) egindako agerraldian, Iñigo Urkullu EAJren EEBren presidenteak ohartarazi du PSOE eta PP «elkar laguntzen» ari direla: «Bion mesedetan». Espainiako bi alderdi nagusiek gainontzeko alderdi politikoen mezuak hauteskunde eztabaidatik kanpo utzi nahi dituztela salatu du. «Kanpoan utzi nahi gaituzte, isildu, ezabatu. Baina gurekin ezingo dute, gurekin jai dute, nazio bat gara!». Raxoi eta Rubalcabaren arteko eztabaida «informazio monopolioaren» kanpaina baten parte dela adierazi du. PPren eta PSOEren jarreraren aurrean lanean jarraitu behar dela adierazi du jeltzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.