EAJk uste du greba deialdiek «hauteskunde kutsua» daukatela

Maitane Ipiñazar legebiltzarkide jeltzalearen ustez, deialdiak ez daude «justifikatuta». «Langileei eraso egitea» leporatu dio oposizioak EAJri

Joan den asteazkenean greba egin zuten EHUn. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
EAJren legebiltzarkide Maitane Ipiñazarren esanetan, datozen asteetarako antolatutako grebeketa, bereziki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikorako deitutakoak «hauteskunde kutsua» daukate, eta zalantzan jarri du deialdi horiek «justifikaturik» ote dauden.

Ipiñazarren ustez, zenbaiteragile ari dira «Euskadi katastrofiko eta ilunaren irudia» ematen, baina hori ez dator bat datuek erakusten duten «kohesio sozialarekin». Haren iritziz, zerbitzu publikoak «herrialderik aurreratuenetakoen parekoak dira, hobetzeko tartea dagoen arren».

Radio Euskadik antolatutako eztabaida batean adierazi du hori Ipiñazarrek. Oposizioko alderdi politikoetako ordezkariak, baina, ez dira bat etorri iritzi horrekin. EH Bilduko legebiltzarkide Oihana Etxebarrietaren ustez, arreta jarri nahi da langileek ezinegona adierazteko erabiltzen dituzten tresnetan, eta ez ezinegon hori sortzen duten arrazoietan.

«Oinarrizko zerbitzu publikoak indartu beharko genituzke, zerbitzu horiek kalitatezkoak izan daitezen onena ematen ari diren langileei eraso egin beharrean», azaldu du Etxebarrietak.

Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Jon Hernandezek «erreakzionariotzat» jo du Eusko Jaurlaritzaren jarrera greba deialdien inguruan: «Esaten ari dira langile publiko horiek guztiak ergelak direla, eta ezkerreko alderdiek eta sindikatuetako zuzendaritzek erabiltzen dituztela euren estrategien mesedetan».

Polemika dataren inguruan

Azken orduetan polemika iturri izan da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako data. EAJren BBBko presidente Itxaso Atutxak esan zuen aukeretako bat zela bozak martxoan egitea, ekainaren 9an egitekoak diren Europako hauteskundeetatik aldentzeko. Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, berriz, esan du oraindik ez duela erabakirik hartu eta ez duela inolako datarik buruan.

Ipiñazarren ustez, «arrazoirik gabeko zalaparta» sortu da gai honen inguruan: «Ez dut uste Atutxak hauteskundeak aurreratzeaz berba egin duenik. Esan duen bakarra da hainbat aukera dagoela. Polemikari ez diot arrazoirik ikusten».

Ipiñazarrek gogorarazi du Urkulluri dagokiola erabakia hartzea: «Testuinguru politikoa aintzat hartuz erabakiko du hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.