EAJk uste du «garai egokia» dela autogobernuaz eztabaidatzeko

jon olano
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak nabari du Espainiako Estatuan «garai egokia» dela estatuaren lurralde ereduaz eta euskal autogobernua eguneratzeaz eztabaidatzeko: «Gizarte honek XXI. menderako behar duen euskal autogobernuaren jantzia birpentsatzeko bidea daramagu, eta dagoeneko bi etapa amaitu ditugu: lehenengo, alderdien lehenengo jarrera hartzea; gero, adituena; eta, orain, fase erabakigarri bat hasi behar dugu».

Ortuzar Onda Vasca irratian elkarrizketatu zuten atzo, eta, bertan, hizpide izan zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoa eguneratzeko eztabaida. Eusko Legebiltzarra udazkenean da gaiari berriro heltzekoa, eta, Ortuzarren esanetan, EAJ prest dago ekimena hartzeko: «Alderdi bakoitzak nola arnasten duen ikusita, hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu, baina ez dugu arazorik alderdi gisa lidergoa hartzeko, presarik gabe baina etenik gabe».

Ortuzarren hitzetan, «lehenik eta behin Euskadin» lortu behar da akordio bat: «Baina ikuspegia pixka bat igotzen badugu, konturatzen gara Estatuan panorama bat irekiko dela, eta panorama horrek egokia izan beharko lukeela lurralde ereduaren gaia jorratzeko».

Carlos Iturgaiz PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidentea, ordea, ez da jeltzaleekin fio, Herri Irratian esan zuenez: «EAJk gehiengo parlamentario bat dauka PSE-EErekin, gobernatzeko, eta beste bat politikoa, EH Bildurekin, udazkenetik aurrera estatus berria aurrera ateratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.