EUSKARA

EAJk salatu du azken epaiek «euskararen normalizazioa zalantzan» jartzen dutela

Oldarraldi judizialaren aurka egingo diren mobilizazio guztietan parte hartzera dei egin du alderdi jeltzaleak

Esther Apraiz eta Irune Zuluaga, gaur, Sabin Etxean eginiko agerraldian. EAJ
Ion Orzaiz.
2023ko urriaren 21a
13:56
Entzun

«Oso kezkatuta». Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren gaineko gogoeta egin du EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleak, eta azken epaien gaineko desadostasuna agertu nahi izan du, adierazpen baten bitartez. Eusko Legebiltzarreko eledun Irune Zuluagak eta Derioko alkate eta Eudeleko presidente Esther Apraizek irakurri dute agiria, Sabin Etxean eginiko agerraldian. Adierazi dutenez, 179/2019 dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu izana «euskararen normalizazioa zalantzan» jartzen duen erabakia da, eta hizkuntzaren inguruan eraiki diren adostasun zabalen «kontrako norabidean doa». Hori dela eta, EAJko «alderdikide eta alderdizale guztiei» dei egin diete, euskararen alde eta azken hilabeteetako epaien aurka antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera.

Zuluagak eta Apraizek irakurritako agirian, bi puntu nabarmendu dituzte: batetik, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak udal autonomiari eta lege babesari eginiko kaltea; eta bestetik, hizkuntza eskubideak bermatzeko baliabideei jarritako trabak: «Auzitegi Nagusiaren epaiak bete-betean eragiten die udalek azken urteotan hainbat arlotan egin duten bideari: hizkuntza plangintzari eta kontratazioari, esaterako. Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea eta euskara normalizatzea udalen zein gainerako euskal administrazioen zeregina eta betebeharra da, baina epai honek euskararen normalizazioa bera jarri du zalantzan».

EAJk uste du azken sententziek «euskarak indarrik handiena duen lurralde eremuei» eragiten dietela bereziki, baina arnasgune horietan ere, euskarak «ezinbestez» behar duela babes juridikoa. «Udalek autonomia osoa dute hizkuntza planifikazioaren arloan eta epai honek antolatzeko gaitasun horren kontra egiten du, hankaz gora jarriz urteetan eraikitako adostasun zabala». Hori dela eta, Udal Legea garatzeko dekretuen beharra aldarrikatu dute Zuluagak eta Apraizek: «Lege eta dekretu horiek ezinbestekoak dira euskarak udaletan ere egin behar duen bide ordenatua egin dezan, eta zerbitzu hizkuntza ez ezik, lan hizkuntza ere izan dadin».

«Politikaren judizializazioaren seinale da»

EAJko eledunen esanetan, euskararen normalizazioaren aurkako sententziek jopuntuan jartzen dituzte «adostasun zabalarekin onartutako legeak», eta beraz, «politikaren judizializazioaren seinale argia» dira. Are: adostasunetik eraikitako prozesu batean «gatazka sortzea» leporatu diete epaileei: «Euskararen erabilera bera judizializatzen dute».

EAEko Justizia Auzitegiaren jokabideak, gainera, Espainiako Estatuan eta Europako Batasunean eman berri diren urratsekin talka egiten duela uste dute ordezkari jeltzaleek: «Azken hilabeteotan, Estatuan eta Europan ere hizkuntza koofizialen aldeko apustu sendoak egin dira. Hizkuntza aniztasunaren gaineko errespetutik eraikiko da Europa ere hurrengo urteetan».

Horregatik, «udal ekumenen defentsari» eusteko asmoa agertu du EAJk, «euskararen biziberritze prozesuan aurrera egiteko gizarteak adierazi duen nahia errespetatuz», eta alderdikideak animatu ditu euskararen alde eta sententzia hauen kontra antolatu diren mobilizazio guztietan parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.