Gasteiz edo Ezkio. Ezkio edo Gasteiz. AHTaren lotunea da EAJren IX. Batzar Nagusiko gai funtsezkoetako bat: hain zuzen, aste honetan iragarria zuten erdibideko zuzenketa bat adostu dutela txosten politikoan txertatzeko. Haren bidez, «behin betiko irtenbide bat» eskatuko dute ebazteko AHTaren lotunea Ezkion (Gipuzkoa) edo Gasteizen eginen den. Bada, alderdiaren bigarren txosten politikoan —Askeago izateko Nazio oparoa eraikitzea— dago gai hori, eta eztabaidatu dute. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi ohiak eman ditu xehetasunak, eta adierazi aho batez erabaki dutela AHTari buruzko erabakia «lehenbailehen» hartu behar dela, baina ez du zehaztu lotunea Ezkion edo Gasteizen egitea defendatuko duten.
Sei hilabeteko bide luzearen ondoren, gaur hasi dute IX. Batzar Nagusia, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Alderdia gara lelopean, 10:00etatik aitzin, alderdiaren txosten politikoei aurkeztutako zuzenketak eztabaidatu dituzte ordezkariek, eta, egokitzat jota, behin betiko onetsi dituzte. Datorren astean zabalduko dituzte behin betiko ereduak.
Nazioa
Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidente ohi eta eurodiputatu ohiak eman du lehenbiziko txostenaren xehetasunen berri —Euskadi, Nazioa Europan—. Adierazi duenez, «Euskadiren naziotasun aitortza Europar Batasunaren esparrura» eramatea defendatuko du alderdiak. Izan ere, haren irudiko, gaur egun Europan ematen ari da «nortasun, burujabetza, nazio edo estatu kontzeptuen inguruko eztabaidarik aberatsena eta osoena».
Horrez gain, Batzar Nagusiek adostu duten txosteneko bertze hainbat zutabe nagusi ere aipatu ditu Bilbaok: «Euskal nortasunak ezaugarri dituen elementuak berritzea, demokrazia hobetzeko asmo handiko programa planteatzea, garapen sozialarekin batera doan garapen ekonomikoarekiko konpromisoa eustea, eta elkarrizketaren alde egitea, pragmatismoaren eta akordioen bidetik».
Agiriak alderdiari «euskal demokrazia hobetzeko zeregina» ematen diola azaldu du, eta, horretarako, nabarmendu du alderdiak «uko» egiten diola eztabaida politikoan polarizazioa erabiltzeari, eta desinformazioa «borrokatuko» dutela.
AHTa
Zerbitzu publikoen esparruan eta arlo sozioekonomikoan «printzipio eta ekintza estrategiko zehatzak» ezartzeaz mintzatu da Rementeria, bigarren txostena oinarri zuela. Ordea, AHTaren inguruko erabakia hartu ote duten galdegin diote —zein lotune defendatuko duten—, eta erran du bi aukerak kontuan hartu beharrekoak direla; eta azpimarratu Ezkioko eta Gasteizko alternatibez gain, kontuan izan beharko dela «Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroakoak 2018ko alegazioetan aurkeztutako Ezkioko beste aukera». «Sarearen funtzionaltasunari eta ahalmenari buruzko alderdiak kontuan hartzea eskatzen da, eta, horrekin batera, bidaia denborak, ingurumenari lotutako gaiak eta eraikuntza, operazio eta mantentze kostuak», erran du. Aipatutako azken aukera hori gauzatuz gero, Aralarren bi kilometroko tunel bat zulatuko lukete. Ezkioko eta Gasteizko lotuneak egiteko ere azpiegitura lan izugarriak beharko lirateke.
Orain arte, Gipuzkoak Ezkioko lotura defendatu du, eta Arabak eta Nafarroak, berriz, Gasteizkoa. Auzi honetan, lurralde ikuspegia gailendu izan da orain artean alderdienaren gainetik, lurralde bakoitzeko ordezkariek, jeltzaleak izan edo sozialistak izan, zegokien lurraldearen alde egin baitute, eta bakoitzak bere ikuspegia agerrarazi. Espainiako Gobernuak oraindik ebatzi ez badu ere zein lotuneren alde egingo duen, azaldu izan du «zalantza handia» eragiten diola Ezkioko loturak.
Horrez gain, eta bigarren dokumentuan onartutakoari jarraikiz, Rementeriak adierazi du «euskal gizartearekiko konpromisoa berretsi» duela alderdiak. Are, bigarren txosten horrek garrantzi handia ematen dio «Euskadiren lehiakortasun ekonomikoa bermatzeari, baita industria eta elikagaien eta eta nekazaritzaren sektorea sendotzeari ere», Rementeriak erran duenez.
Gizarte arloan, hezkuntza, osasuna eta berdintasun alorrak aipatu ditu, eta nabarmendu horietan lan egiten jarraituko dutela.
«Makroeskualde atlantikoa»
Oihane Agirregoitia EAJren eurodiputatuak, Mundu hobe, jasangarri eta baketsu batera irekia den Nazioa txostenaren lanketaren koordinatzailea izan denak, eman du hirugarren txostenaren xehetasunaren berri. Azaldu duenez, txosten horretan alderdiaren nazioarteko ekintza eta estrategia politikoa gidatu behar duten hiru ardatzak jaso dituzte: «Makroeskualde atlantikoa sortzea; euskal diaspora Euskadiren garapenean eragile aktibo gisa inplikatzea; eta herriaren posizionamendu globala bultzatzeko potentzial diplomatikoa bilatzea».
Gehitu du derrigorrezkoa zaiela Europan egiten ari diren «trantsizio hirukoitzarekiko konpromisoa» —energetikoa, teknologiko-digitala eta soziala—.
Herria
«Proiektu politiko hurbila eskaintzea». Hori da, EAJren IX. Batzar Nagusietan onartutako laugarren txostenaren helburu nagusietako bat. Bere Herriaren zerbitzura dagoen Alderdia izenburua duen txostena aurkeztu du Ane Miren Atinek. Erran duenez, trantsizio ekologiko, digital, sozioekonomiko eta demografikoei egin behar zaie aurre, eta, horretarako, ezinbertzekoa zaie «proiektu politiko hurbila» eskaintzea: «Zentraltasunetik egingo dugu, alderdi politiko transbertsal eta humanista garen aldetik».
Txostenerako abiapuntu izan dute koronabirusaren pandemiaren ondorioz gizartean gertatu ziren aldaketak. Bide horretatik, hainbat konpromiso jaso dituzte: «Euskal gizartearekiko harremanak lantzea; alderdiak elkarte enpresarial, sozial eta bestelakoekin dituen harremanak moldatzea; estilo propioa bultzatzea; enpatiatik eta hurbiltasunetik alderdia humanizatzea; eta betiko balio etikoei eustea». Are, agirian jaso dute alderdiaren jardun politikoa «gizatiartu» beharra dutela.
Alderdikidearen figura «aktibatu»
«Militantzia indartu eta aktibatzea». Hori izanen da EAJren helburu nagusietako bat datozen urteetarako, IX. Batzar Nagusian adierazi dutenez. Imanol Lasa GBBko kideak adierazi du alderdiaren barne funtzionamendua birformulatuko dutela horretarako. Hain zuzen, bosgarren txostenaren (Antolaketa demokratikoa) lanketa taldean egon da Lasa, eta, erran duenez, alderdiak antolakuntza egungo errealitate berrietara moldatu nahi du, «arintasunez eta eraginkortasunez».
Lasak erran duenez, bilkurako eztabaidagai nagusietako bat honako hau izan da: kargu jakin batean egoteko denbora mugatu beharko litzatekeen ala ez. Baina ez da horren inguruko erabaki zehatzik ageri txostenean. Izan ere, erran du gaia «mahai gainean» dagoela, eta eztabaida horren erabakia estatutu berrietan jasoko dela. Behin txostenak onartuta, astelehenean ekinen diote oinarri horiek eratzeari, eta, Lasak azaldu duenez, urrira bitarte arituko dira lan horretan.
Bosgarren dokumentuaren lau ideia nagusiak azaldu ditu Lasak, nabarmenduta txostenak EAJren «barne erakundea eguneratzen» duela, «lehen indarra izaten jarrai dezan». Militantziaren aktibazioan datza lehenbiziko ideia. Bigarren gakoaren arabera, barne erakunde osoa eta sail guztiak digitalizatzeko plana abian jarriko dute, eta espazio berriak ireki eta daudenak finkatu. «Hori dena, jakina, batzokiak gure barne funtzionamendurako oinarrizko zutabe direla ahaztu gabe». Barne prozedurak berrikusiko dituztela iragarri du Lasak, burokrazia murrizteko. «Gero eta eraginkorragoak izan behar dugu, militantziaren rola ahal bezainbeste errespetatuta», erran du.
Formakuntza izanen da hirugarren blokea: «Politika berriak abian jartzeko ezinbestekoa da; politika berriak nahi baditugu, lidergo berri horiek formakuntza behar dute». Etika sistemaren ingurukoa da azken blokea, «aurreikusi daitezkeen jarrera desegokiak» nola kudeatu jakiteko.
Esteban, EBBko presidente
Bihar, berriz, Aberri Batzarrak EBBko presidentea eta 2025etik 2029ra bitarteko burukideak izendatuko ditu, 10:30ean hasita. Aitor Estebanek hartuko du alderdiaren lema, hura baita hautagai bakarra. Izendapena egin ondoren, lehen hitzak eskainiko ditu Estebanek Atanon. Ortuzarrek ere agur hitzaldia eginen du.
Estebanekin batera, hauek osatuko dute Euskadi Buru Batzar berria: Maitane Ipiñazar, Andoni Busquet, Manuel Tejada, Miren Martiarena, Markel Olano, Ion Ganbra, Joseba Diez Antxustegi, Javier Ollo, Jose Berriozabal, Iñigo Ansola, Maria Eugenia Arrizabalaga, Unai Hualde eta Pantxoa Bimboirek.