EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta EP-IUk akordioa lortu dute Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legearen inguruan

Akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak lurraldeko errenta gordinaren %0,7 jarriko du garapen bidean diren herrialdeekin lankidetzan aritzeko.

ESPAÑA PARLAMENTO VASCO
Diana Urrea, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko urtarrilaren 26a
17:10
Entzun

EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU taldeek akordioa lortu dute Eusko Legebiltzarra jorratzen ari den Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legearen inguruan. EH Bilduk gaur bertan eman du akordioaren berri; Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, datorren astelehenean jakinaraziko ditu xehetasunak. Hilaren 29an onetsiko dute testua batzordean, eta otsailean onartuko dute legea behin betiko, osoko bilkuran.

Legeak dio Eusko Jaurlaritzak lurraldeko errenta gordinaren %0,7 jarriko duela garapen bidean diren herrialdeekin lankidetzan aritzeko. Hala, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako konpromisoa beteko da. EH Bilduko legebiltzarkidearendako, Diana Urrearendako, «ehuneko bat baino gehiago» da aipatutako konpromisoa, keinu horrek agerian uzten dituelako bakoitzaren asmoak, eta legeak ezin diolako horri «uko egin».

«Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du bete Nazio Batuen Erakundearen konpromisoa, eta garrantzitsua da lege berri honek hori jaso eta betearaztea», adierazi du Urreak. Gehitu du, gainera, akordioak «gardentasun handiagoa» erakusten duela lankidetza politikei dagokienez, eta «hezkuntzaren aldeko apustua» egiten duela «gizartea eraldatzeko».

Koalizioak egindako bertze zuzenketa batzuei esker, legean onartu dute irabazi asmorik gabeko erakundeen garrantzia, eta Eusko Jaurlaritzak «uko egin dio» Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren Legea indargabetzeari. Izan ere, EH Bilduk dio legeak «elementu baliagarriak» dituela lankidetza eta solidaritate politikak garatzeko. Zehaztu du poltika horiek «dimentsio feminista» batetik garatu behar liratekeela.

Akordio gehiago

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legearena ez da azken egunotan iritsi den akordio bakarra. Izan ere, aste honetan bertan adostu dute Eusko Jaurlaritzako alderdiek, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk Haurren eta Nerabeen Legea. Arauaren helburua da haurren eta nerabeen «nortasunaren garapen askea» ziurtatzea, eta urratzen zaizkien eskubideak «berreskuratzea» eta «lehengoratzea».

Joan den astean, berriz, Trantsizio Ekologikorako Legea adostu zuten EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk. Jatorrizko proiektua «hobetuta» trantsizio energetikorako «zoru sendoa» jarriko dutela ziurtatu zuten. Energia berriztagarrien instalazioei kanon bat ordainaraziko zaie, eta erregai fosilen «desinbertsiorako» plan bat egin beharko du Jaurlaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.