EAJk premiatzat jo du «erronka demografikoari» erantzutea

Amand Blanes UABko ikerlariak eskatu du «baikortasunez» hartzeko demografiaren bilakaera, baita biztanleriaren zahartzea ere

EAJko kideak eta Amand Blanes UABko ikerlaria, atzo, Hernanin (Gipuzkoa). MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Aperribai.
Hernani
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
EAJk «Euskadiko erronka demografikoari eta gizarte trantsizioari» buruz eztabaidatu zuen atzo goizean, Hernaniko Orona Ideo Berrikuntza Gunean (Gipuzkoa). Alderdiak Sabino Arana fundazioarekin batera abian jarritako Entzunez eraiki egitasmoaren barneko mintegia izan zen, zeinak helburutzat baitu «gizartearekin konektatzea, pandemiaren osteko egoera batean», Xabier Barandiaran EBB Euskadi Buru Batzarreko Berrikuntza Politikoko burukide arduradunak EAJren VIII. Batzar Nagusian azaldu zuenez.

«Gai zabala» da erronka demografikoarena, Barandiaranek berak atzo adierazi zuenez, baina, era berean, orain «erronkarik garrantzitsuenetako bat» dela nabarmendu zuen. Mintegiak horri heldu nahi izan ziola azaldu zuen, gaiak dituen lau «erronka» nagusien ikuspegitik: kontziliazioa, gazteen emantzipazioa, aniztasuna eta etorkinen integrazioa.

Entzunez eraiki «gizartearekin harremana izateko eta herritarrei entzuteko prozesu bat» izatea nahi du EAJk, eta atzo egin zuten mintegiaren gisakoak baliatu nahi ditu horretarako, alderdiaren barneko formakuntzaz eta bestelako zenbait saioz gain. Horregatik, demografia langai duten zenbait gonbidatu ere izan ziren atzoko saioan. Horietako bat, Amand Blanes Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ikerketa Demografikoen Zentroko ikerlaria. Hark eman zion hasiera jardunaldiari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako joera demografikoen inguruko azalpenak emanez.

«Euskal gizarteak» azken urte eta hamarkadetan «aldaketa demografiko sakonak jasan» dituela adierazi zuen Blanesek; berezituak, Mendebalde osoari ere eragin badiote ere. Joera horiei, hala ere, «baikortasunez» begiratu behar zaiela nabarmendu zuen. Baita populazioaren zahartzeari ere, prozesu hori «lehengoratzea oso zaila» izango dela aitortu arren. Esaterako, zahartze horren ondorioz herritarrek eta gizarteak, orokorrean, izango dituzten ezaugarriei erreparatzea eta aurrea hartzea proposatu zuen, neurri eraginkorrak hartzeko. «Ez gara gai jendeak zahartzean zer ezaugarri izango dituen jakiteko».

Ugaltze tasan izandako beherakada ere izan zuen hizpide. Emakumeen %90ek haurrak izan nahi dituztela azaldu zuen Espainiako datuetan oinarrituta —datuok Araba, Bizkai eta Gipuzkoara estrapolatu litezkeela zehaztu zuen—, eta horietatik gehienek bi haur izatea desio dutela. Alabaina, nahi hori ez da islatzen errealitatean, ñabartu zuenez, eta hori da gakoa harentzat: «Espektatibak» zergatik ez diren betetzen aztertzea. Aurkeztu zituen datuetan oinarrituta, argudiatu zuen arrakala hori «arrazoi materialek» eragiten dutela; hots, lan eta bizi baldintza egonkorrik ezaren ondorioz atzeratzen dutela gehienek ugalketa garaia. «Nahiak ez dira hainbeste aldatu; aukera materialak aldatu dira», esan zuen. «Botere publikoek» horretan esku hartu behar dutela uste du Blanesek, «emantzipazioari» bide emango dioten baldintzak bermatzeko.

Gainera, erreferentzia gisa iraganeko datuak hartzeaz ohartarazi zuen ikertzaileak: «2030erako emakume bakoitzak batez beste bi haur izanda ere, 1980ko datuetara ez ginateke iritsiko, inondik ere».

Migratzaileen beharra

Azkenik, migrazioaz aritu zen Blanes. Demografiaren bilakaera zehaztuko duen faktore nagusietako bat izango da datozen urteetan, haren arabera. «Euskal gizarteak migrazio fluxuen beharra izango du, eta, horrenbestez, politiken ikuspegitik aztertu beharrekoa ez da hainbeste zenbaterainokoak izango diren fluxu horiek, baizik eta nola integratu daitezkeen gizartean».

Egun, Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara iristen diren herritar gehienek jatorria Espainiako Estatuan dutela zehaztu zuen, eta ezer gutxi aldatu dela horien pisua azken hamar urteetan. Handik kanpo jaiotakoen proportzioa, berriz, %12 dela esan zuen, eta espero dela handitzen jarraituko duela. Komeni ere hala komeni dela nabarmendu zuen, «ekonomiak dituen beharrei» erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.