EAJk «egonkortasuna» lortu nahi du itunak egiteko orduan

EH Bilduk uste du «maniobratzeko tartea» duela hitzarmenak lortzeko

Herritarrak bota ematen, Otxandion (Bizkaia). JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko maiatzaren 29a
10:49
Entzun

Alderdi politikoek gaur aztertuko dituzte xeheago hauteskundeetako emaitzak, baina eledunak hasi dira lehenengo balorazioak egiten, eta guztien adierazpenetan ageri da bozen osteko itunen afera. EAJren BBBko lehendakari Itxaso Atutxak elkarrizketak eman ditu zenbait irratitan, eta guztietan mezu bera eman du: erakundeetan «egonkortasunik zabalena» lortzea izango da EAJren irizpidea itun horiek hitzartzerakoan.

Gaur egun, EAJk PSE-EE du bazkide nagusi Eusko Jaurlaritzan, eta itun hori indarrean egon da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako erakundeetan ere. Zenbait udalerritan, itun hori ez litzateke nahikoa izango gehiengoa eskuratzeko, eta bi alderdiek PPren laguntza beharko lukete EH Bilduk baino babes handiagoa lortzeko. Atutxak ez dio aukera horri aterik itxi, eta esan du litekeena dela zenbait herritan beharrezkoa izatea «hirugarren alderdi baten edo tokian tokiko plataformen» parte hartzea.

EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek bezperan esandakoaren ildotik, Atutxak ere «gazi-gozotzat» jo ditu EAJren emaitzak. Haren ustez, ez da zuzena «ziklo politiko berriaz» berba egitea, «horretarako EAJren erabateko porrota gertatu behar zelako, eta ez da horrelakorik izan». Hala ere, aitortu du emaitzak ez direla onak izan.

Emaitza horien zergatiez galdetuta, Atutxak esan du abstentzioak beste alderdi batzuei baino kalte handiagoa egin diola EAJri, eta horren arrazoiak aztertu beharko direla. Kudeaketak sorturiko higadura ere aipatu du: «EH Bilduk ere, agintean egon den zenbait lekutan, higadura hori nozitu du». Beste zenbait erakundetan egindako kudeaketak ere ondorioak izan dituelakoan dago: «Askotan esan dugu EAJk baduela marka bat, eta marka horrek lagundu egin digula hauteskunde batzuetan emaitza onak izaten. Beraz, emaitzak txarrak direnean ez du zentzurik hori ukatzeak».

«Egiazko alternatiba»

EH Bilduko Unai Urruzuno Radio Euskadin mintzatu da, eta han esan du koalizioak «goranzko joerari» eutsi diola: «Ikusi da EAJren egiazko alternatiba garela. Fronte zabala gara, gizartearen gero eta sektore gehiago erakartzen dituena, eta badugu euskal gizartearen erronka, kezka eta balioekin sintonizatzeko gaitasuna».

Itunei dagokienez, EH Bilduren orain arteko tesiaren alde egin du, eta «askotariko itunak» egitearen alde azaldu da. Esan duenez, koalizioak badu «maniobratzeko tartea ezkerretara zein politika subiranistetara» jotzeko.

PSE-EEko Ekain Rico ere elkarrizketatu dute Radio Euskadin, eta pozik agertu da lortutako emaitzekin: «Ematen zuen bozetan EAJren eta EH Bilduren arteko lehia baino ez zegoela, eta argi gelditu da PSE-EEk baduela jarrera propioa, eta hori sendotu egin dela».

Itunei dagokienez, alderdiaren «autonomia» defendatu du, eta esan du itun politika ez duela Espainiako zuzendaritzak ezarriko. Garbi utzi nahi izan du haien asmoa ez dela itunak «inoren kontra» egitea.

PPko Carlos Iturgaiz ere pozik agertu da lortutako emaitzekin: «Tunel ilun bat zeharkatu ostean, argia ikusten hasiak gara. Batzuek iragartzen zuten desagertzeko zorian egongo ginela, baina orain alderdia inoiz baino batuago dago». Nabarmendu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Gasteizen, Durangon eta beste zenbait tokitan «giltza» izango dutela eskura erakundeen gobernagarritasuna bermatzeko.

Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik aitortu du haien koalizioaren emaitzak ez direla izan «nahi bezalakoak», eta zenbait arrazoi eman ditu hori azaltzeko. Esan duenez, mobilizazio faltak kalte egin die, eta horren inguruan alderdi guztiek gogoeta egin behar dutela uste du. «Polarizazioak» ere kalte egin dielakoan dago: «Hauteskundeak aurkeztu dira bi blokeen arteko lehia balitz bezala, eta ez da tarterik egon politika zehatzez hitz egiteko». Ezkerrak eman duen «batasun faltaren irudiak» ere kalte egin diela pentsatzen du. Gainera, Gorrotxategik uste du eskuina eta eskuin muturra goraka datozela, eta fenomeno hori oso nabaria dela Espainian.

Itunen inguruan, berriz, Gorrotxategik ez du ezer aurreratu nahi izan: «Oraingoz ez gaude irizpide orokor bat emateko moduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.