EAJk kalera ateratzeko deia egin du, euskararen aurkako epaiak salatzeko

179/2019 dekretua kamustu duen epaia «udal autonomiaren» eta «euskararen normalizazioaren» aurkako erabakitzat jo dute jeltzaleek

Irune Zuluaga eta Esther Apraiz, atzo, Sabin Etxean. EAJ.
Ion Orzaiz.
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
«Oso kezkatuta». Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren gaineko gogoeta egin du EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleak, eta azken epaien gaineko desadostasuna agertu nahi izan du, adierazpen baten bitartez. Eusko Legebiltzarreko eledun Irune Zuluagak eta Derioko alkate eta Eudeleko presidente Esther Apraizek aurkeztu zuten agiria, atzo, Bilbon eginiko agerraldi batean. Adierazi zutenez, 179/2019 dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzeak «euskararen normalizazioa zalantzan» jartzen du. Hori dela eta, EAJko «alderdikide eta alderdizale guztiei» eskatu diete azken epaien aurka antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko.

Zuluagaren eta Apraizen esanetan, asteon ezagutu diren EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiek «bete-betean» eragiten diete udalek hizkuntza plangintza egiteko duten gaitasunari. «Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea eta euskara normalizatzea udalen zein gainerako euskal administrazioen zeregina eta betebeharra da», esan dute. Justiziak, ordea, «euskararen normalizazioa bera» jarri du zalantzan.

EAJk uste du azken sententziek «euskarak indarrik handiena duen lurralde eremuei» eragiten dietela bereziki, eta gogoratu dute hizkuntzaren arnasgune horietan ere euskarak «ezinbestez» behar duela babes juridikoa. «Udalek autonomia osoa dute hizkuntza planifikazioaren arloan», esan dute. Epaileen argudioetan «hankaz gora» ikusi dute, ordea, gaiaren inguruan eraikitako «adostasun zabala». Hori dela eta, EAEko udal legea garatzeko dekretuen beharra aldarrikatu dute.

Izan ere, EAJko eledunen esanetan, «politikaren judizializazioaren seinale argia» dira sententzia hauek guztiak. Are: adostasunetik eraikitako prozesu batean «gatazka sortzea» leporatu diete epaileei: «Euskararen erabilera bera judizializatzen dute». Horregatik, «udal eskumenen defentsari» eusteko asmoa agertu dute.

Elkarretaratzea Tolosan

Galtzaundi elkarteak deituta, herritar eta udal ordezkari ugari elkartu ziren atzo eguerdian Tolosako Plaza Zaharrean (Gipuzkoa), Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Herritar guztiei azaroaren 4an Bilbora joateko deia egin zieten, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako manifestazioan parte hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.