Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak boto asmoei buruzko txostena argitaratu du, eta, horren arabera, EAJk irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, gaur egun dituen legebiltzarkideei eutsita: 31. Herrialdeetan ez luke aldaketarik izango: bederatzi Araban eskuratuko lituzke, hamabi Bizkaian eta hamar Gipuzkoan.
EH Bilduk, ordea, gora egingo luke; 21 eserleku dauzka gaur egun, baina 22 lortuko lituzke. Irabaziko lukeen hori Gipuzkoan eskuratuko luke, 2020an lortutako bederatziei beste bat gehituta. Gauzak horrela, hamarna legebiltzarkiderekin berdinduta leudeke EAJ eta EH Bildu Gipuzkoan, baina jeltzaleak aurretik daude botoen ehunekoan: %35,8 eta %34,4. Araban eta Bizkaian seina kide izango lituzke EH Bilduk.
Gehien haziko litzatekeen alderdia, berriz, PSE-EE litzateke; hamar legebiltzarkide dauzka, baina hamabi izango lituzke, aurreikuspena betez gero; Araban bost (orain baino bat gehiago), Bizkaian lau (orain baino bat gehiago) eta Gipuzkoan hiru (orain bezala).
EH Bilduren eta PSE-EEren hazkundea Elkarrekin Podemos-IUren eta PP+C's-ren beherakadek azalduko lukete. PP+C's-ek kide bat galduko luke, seitik bostera jaitsita, baina, Elkarrekin Podemos-IUren apaltzea handiagoa izanik, PP+C's litzateke laugarren taldea legebiltzarrean. Arabako hirurei eta Gipuzkoako bakarrari eutsiko lioke eskuineko koalizioak, baina Bizkaian bakarrarekin geratuko litzateke, duela bi urte lortutako bietatik bat galduta.
Ezkerreko koalizioak, ordea, kolpe handiagoa hartuko luke, seitik laura jaitsita. Bina ordezkari zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina bana galduko luke Araban eta Gipuzkoan.
Voxek orain daukan legebiltzarrari eutsiko lioke; Araban lortuko luke berriro ere.
Informazio bilketa otsailaren 21a eta 25a bitartean egin zen, 3.333 herritarri galdetuta.