Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Ahal Dugu-ren jaitsiera nabarmena aurreikusi du Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak apirilaren 28ko hauteskundeetarako. Sei diputatu dituzte gaur egun Espainiako Kongresuan, eta hiru baizik ez lituzkete lortuko aurten, boto asmoari buruzko estimazio horien arabera.
EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk jasoko lituzkete eserleku horiek. Botoen %28,3 bilduta, sei diputatu eskuratuko lituzke EAJk —%3,4ko igoera 2016tik—; PSE-EEk lau, botoen %20,4rekin —%6,2ko igoera—; Ahal Dugu-k hiru, botoen %18,3rekin —%10,8ko jaitsiera—; EH Bilduk ere hiru, botoen %14,5ekin —%1,2ko igoera—, eta PPk bi, botoen %9,3rekin—%3,6ko jaitsiera—. Ciudadanos eta Vox kanpoan geratuko lirateke.
Joera antzekoa litzateke lurraldez lurralde aztertuta ere, eta ondorio bertsuak lituzke horrek Bizkaian eta Gipuzkoan. Bizkaian, bi diputatu galduko lituzte Ahal Dugu-k —bakarra lortuko luke—, eta EAJk (3) eta PSE-EEk (2) irabaziko lukete bana. EH Bilduk eta PPk eserleku bana lukete, 2016an bezala.
Gipuzkoan, EH Bilduk (2) eramango luke Ahal Dugu-k (1) galdutako aulkia. Koalizio subiranistak bezala, bi diputatu lituzke EAJk ere, eta PSE-EEk bakarra. Araban, diputatu bana izango lukete EAJk, PSE-EEk, Ahal Dugu-k eta PPk, eta EH Bildu gabe geratuko litzatke.