Arabako Foru Aldundiak 2023ko foru hauteskundeen boto estimazioa egin du, maiatzeko inkesta baten bidez, eta, aurreikuspen horren arabera, EAJk irabaziko lituzke berriro ere hauteskundeak, botoen %30,4rekin. EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, %23,2ko sostenguarekin. 2019ko hauteskundeetan baino botoen ehuneko handiagoa lortuko lukete bi alderdiek, eta EAJk eserleku bat gehiago lortuko luke: hemezortzi. EH Bilduk aurreko hauteskundeetan lortutako batzarkideak bermatuko lituzke, eta PPrekin borrokatu beharko litzateke beste bat izateko.
PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Podemos-IUk behera egingo lukete botoen ehunekoetan. Inkestaren arabera, sozialistak botoen %19tik %17,3ra igaroko lirateke, eta PP, berriz, %15,1etik %14,7ra. Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, bi puntu galduko lituzke: bozen %10etik %8ra. Ciudadanosek %0,7 bakarrik lortuko luke, eta Batzar Nagusietatik kanpo egongo litzateke berriro.
Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk eserleku bana galduko lukete, eta hiru eta bederatzi batzarkide izango lituzkete, hurrenez hurren. PP EH Bildurekin borrokatu beharko litzateke zortzigarren eserlekua lortzeko. VOXek botoen ehunekoa bikoiztuko luke gutxienez, %1,4tik %3,7ra igarota, eta Batzar Nagusietan sartuko litzateke lehenengoz, eserleku bat lortuta. Gainontzeko alderdi guztiek, batera, bozen %2,1 lortuko lukete.
Abstentzioak gora
Aldundiaren inkestako datuen arabera, abstentzioak nabarmen egingo luke gora. Izan ere, 2019ko hauteskundeetan parte hartzea %65,3koa izan zen, eta 2023an %52,1ekoa izatea espero da. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan garbi ikusi zen joera hori, parte hartzeak %60tik %50,8ra egin baitzuen behera.