EAJk iraileko azken igandean ospatuko du 48. Alderdi Eguna, Forondan (Araba), Alderdia gara lelopean. Ospakizun egun «oso berezia» izango dela azaldu dute jeltzaleek, egun horretan abiaraziko baitute barne antolaketa berritzeko prozesua. Horregatik, bada, alderdia bera izango da protagonista egun horretan: «Gure garaia delako, alderdiaren garaia; eta alderdia geu gara, alderdikideak». Mireia Zarate EBB Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak eta EGIko hainbat kidek aurkeztu dute ekitaldia, gaur.
Jeltzale izatearen «harrotasuna» aldarrikatuko dute, eta militantzia batzeko aukera baliatu. Adierazi dute EAJko kidea izatea «harro egoteko modukoa» dela: «Gure ibilbideaz harro gaudelako: harro gaude gure ordezkariez, baina, batez ere, gure jendeaz, gure alderdikideez, gure militantziaz, EAJ osatzen duten guztiez».
Forondan biltzeko deia egin diete alderdikideei, «inoiz baino batuago egoteko» egun horretan. Alderdiarentzat garrantzitsua izango dela adierazi dute, ez soilik EBB Euzkadi Buru Batzarreko kideak aukeratzea tokatuko zaielako, baizik eta hurrengo urteetarako ildo politikoa zehaztea egokituko zaielako. Eta, hain zuzen, batuta eta ahaldunduta heldu nahi diote lan horri: «Denok egon behar dugu bertan, indarberrituta atera gaitezen Forondatik; ilusioz, indarrez eta gogoz beteta hel diezaiogun Batzar Nagusiraino eramango gaituen barne prozesuari».
Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzari eustea lortu badu ere, EAJren erronketako bat da azken hauteskunde zikloan izandako boto galera etetea. EBBko kideak aukeratzeko prozesuak sei hilabete iraungo du; beraz, espero da alderdiaren egitura berria 2025eko martxorako osatzea. Hori bai, ikusteko dago buruzagitzan aldaketarik egongo ote den. Andoni Ortuzarrek berak Forondan jakinaraziko du batzar nagusia noiz egingo den eta ildorik garrantzitsuenak zeintzuk izango diren.
Aldarrikapena eta festa
Azterketa politikoa egiteaz gain, irailaren 29an Forondan antolatu duten ekitaldiaren xehetasunak eman dituzte. Ohi bezala, festa eta aldarrikapena uztartuko dituzte, eta haurrentzako eta helduentzako ekintza ugari izango dira: puzgarriak, jumping gunea, zinema, tirolina, rokodromoa, paintballa, herri kirolak, erromeria, disko festa…
Ekitaldiaren neurriaren datu batzuk ere eman dituzte. Alderdi Egunerako eremua 400.000 metro koadrokoa izango da: 130.000 metro koadro izango ditu jai guneak, 25.000 metro koadro hartuko dituzte karpek, eta gainerakoa aparkalekuetarako eta zerbitzuetarako erabiliko da. Gutxi gorabehera 20.000 bazkari zerbitzatzea espero dute. Denera 90 bat boluntario ari dira antolaketa lanetan, jeltzaleen arabera.