EAJk Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitza izandakoa berreskuratu du

EBBk «justiziazkotzat eta historikotzat» jo du Espainiako Gobernuak eraikinaren titulartasuna itzuli izana. Erbestealdian Jaurlaritzaren egoitza izan zen urte luzez, 1951n kanporatu zuten arte.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza zena, Parisko Marceau etorbidean. SABINO ARANA FUNDAZIOA
Eusko Jaurlaritzaren egoitza zena, Parisko Marceau etorbidean. SABINO ARANA FUNDAZIOA
Julen Otaegi Leonet.
2024ko abenduaren 24a
11:15
Entzun

Espainiako Ministroen Kontseiluak erabaki berri du Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitza izan zena EAJri itzultzea. Hala argitaratu dute Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean. Hiriburuko Marceau etorbideko 11. zenbakiko eraikina 1937an erosi zuen alderdi jeltzaleak, eta Euzkadi Buru Batzarrak «justiziazkotzat eta historikotzat» jo du hura itzultzea, «EAJk hainbat hamarkadetan planteatu duen bidezko aldarrikapen bati erantzuten baitio».

Memoria Demokratikoaren Legeari jarraikiz, Ministroen Kontseiluak kontuan hartu du «eraikinak alderdi horrekin duen lotura historikoa», eta «berehala» eskualdatu dio EAJren erbesteko egoitza izan zenaren titulartasuna. Dena den, Cervantes institutuaren egoitza bertan dago gaur egun, eta 2030 amaierara arte eutsi ahal izango dio horri; datorren urtearen hasieratik aurrera merkatu errenta ordaindu beharko du Espainiako Gobernuak.

EBBk ohar bidez eskertu du alderdiko «dozenaka kargudunek eta militantek urte hauetan egin duten lan nekeza»: «Gaur jakin dugun erabakia denbora honetan guztian egin duten lan handiari egin ahal zaion errekonozimendurik eta omenaldirik onena da». Gogoratu duenez, Marceu etorbideko eraikina itzultzearena Mariano Rajoyren gobernuak alderdi jeltzalearekin hartutako «konpromisoa» zen, eta Pedro Sanchez ere engaiatu zen «jeltzaleen babesa lortzeko elkarrizketetan».

1937tik, Eusko Jaurlaritzak han izan zuen egoitza, erbestealdian. Espainiako erregimen frankistak eraginda, Frantziako Gobernuak 1951ko ekainaren 28an kanporatu zuen Jaurlaritza Marceau etorbideko eraikinetik, eta Espainiari eman zion jabegoa. 1952an, Singer kaleko egoitzara lekualdatu zen Jaurlaritza, eta han egon zen 1979ra arte.

Era berean, Espainiako Gobernuak EAJri konpentsazio bat emango dio Noyoneko (Frantzia) Hotel de Mont Renaud eta Companseko (Frantzia) Ferme de l'Hotel de Dieu higiezinengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.