EAJk Euskadi Think Next aurkeztu du: laborategi bat politika publikoentzat

Ortuzarrek autogobernu handiagoa eskatu du «kalitatezko politikak» egiteko. Gizartearekin harreman «sendoagoa» eraiki nahi dute.

EUSKADI THINK NEXT AURKEZTU DUTE
Ortuzar, Leizaola, Lasa, Zarate, Pradales, Berriozabal eta Barandiaran atzo, aurkezpenean, Bilbon. BERRIA
gurutze izagirre intxauspe
2023ko azaroaren 19a
09:40
Entzun

Entzunez Eraiki egin ostean, Euskadi Think Next prozesua abiatuko du EAJk. Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak adierazi duenez, «Euskadi bizitzeko tokirik onena bihurtzeko» zein politika publiko behar diren identifikatzeko laborategia izatea du xede. Iragarri du horretarako elkarlan aro bat irekiko dutela akademiarekin eta gizarte zibilarekin. Xabier Barandiaran Berrikuntza Politikarako kideak gidatuko du prozesua, eta Sabino Arana fundazioarekin elkarlanean egingo dute.

Ortuzarrek esan du pertsonak erdigunean jarriko dituen «gizarte kontratu berri bat» egin nahi dutela, eta «kalitate goreneko zerbitzu publikoak eta sistema soziosanitario modernoa» nola egituratu pentsatzeko laborategia izango dela, «gure gizarteak zainketen eredu publiko eta komunitarioa beharko baitu».

Azaldu duenez, zerbitzu publiko onak izateko, beharrezkoa da baliabideak izatea. «Horrek eskatzen du enpresa lehiakorrak, puntako teknologia eta soldata justuak izatea». Autogobernuarekin lotu du hori dena. «Zenbat eta autogobernu handiagoa, orduan eta ongizate handiagoa». Garai berri baterako autogobernu berri bat behar dela esan du. «Gure naziotasuna aitortzea behar dugu, eskubide sozial eta politiko gehiago». Aldarrikatu du nazio bat, bere buruaren jabe izango dena; «nazio ireki eta euskalduna, non euskara, jakiteaz gain, erabilia izango den».

Entzunez eraiki prozesuan jaso zuten EAJ «eskuinaren» alderdi gisa hartzen dutela herritarrek; Think Next abiatu dute orain

Haren ustez, hori guztia egiteko, kalitatezko demokrazia behar da: «Demokrazia ez dago gaur egun bere garairik onenean, ez mundu mailan, ezta hurbilago ditugun espazioetan ere».

Barandiaranek, berriz, iragarri du prestigioa duten zenbait pertsonak, EAJrekin loturarik ez dutenak, hartuko dutela parte prozesuan. Horren bidez, EAJk bere ekintza politikoa «aberastu» nahi du, eta gizartearekin harreman «handiagoa» ezarri, «eskaera berriei erantzungo dieten politika publiko berriak bultzatzeko».

Euskadi Think Next hamar mintegik osatuko dute. Lehena azaroaren 29an egingo da, Polarizazioa, demokraziaren haustura? izenburupean egingo dute, eta honako hauek parte hartuko dute: Miriam Juan-Torres Gonzalezek, Berkeley Kaliforniako Unibertsitateko Democracy & Belonging Forum institutuko ikerketaburuak, eta Luis Millerrek, CSICeko Politika eta Ondasun Publikoen Institutuko zientzialari titularrak.

Entzunez Eraiki prozesuak utzi zizkien zenbait ondorio jelkideei, eta bozen osteko boto galeren ostean egin zuten autokritika. Besteak beste, prozesu horren txostenean azaldu zuten «zailtasunak» zituztela «EAJren mezua herritarren parte bati helarazteko», alderdi «kontserbadoretzat» hartua zelako, «gugan ez dituztelako antzematen ez alderdi modernoaren izaera, ezta esparru sozialarekiko konpromisoa ere», zioten agirian. Agirian jaso zuten herritarren ustea EAJri buruz: «ez da oso plurala. Euskal burgesiaren eta eskuinaren alderdia da, klase baxuetatik urrun dagoena. EAJk gardentasunik eza transmititzen du eta zirkulu itxi gisa transmititzen da». Hori jaso ostean dator Euskadi Think Next prozesua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.