Aberri Eguna

EAJk etorkizuna izan du hizpide Aberri Egunean

Pradalesek hiru helburu nagusi aipatu ditu: ongizatea, nazioartean haztea eta desberdintasunak murriztea. Ortuzarrek anbiguotasunaren atzetik ibiltzea egotzi dio EH Bilduri.

Urkullu eta Pradales, gaur, Bilboko ekitaldian. LUIS TEJIDO / EFE
Urkullu eta Pradales, gaur, Bilboko ekitaldian. LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 31
15:50
Entzun

EAJk Bilboko Plaza Barrian egin du Aberri Eguneko ekitaldi nagusia. Ikurrinen eta dantzarien artean, hauteskunde kutsua izan duen ekitaldi politikoa izan da protagonista, Indar berria, Euskadi berria lelopean egin dutena. Han izan dira alderdiko buruzagi gehienak, tartean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Imanol Pradales lehendakarigaia.

Urkulluk lehendakari gisa egin duen azken Aberri Eguna izan da gaurkoa, eta nabarmendu du ospakizun eguna dela beretzat. Eskerrak eman dizkie babestu dutenei, euskal gizarteari eta EAJri. Bozei erreparatuz, esan du jeltzaleengan konfiantza ipini behar dela berriz ere; izan ere, haren arabera, «Euskadi nazio garatuagoa da gaur; autogobernu handiagoa eta hobea du; zerbitzu publiko gehiago eta hobeak ditu; ekonomikoki hobeto dago; industria eta enpresa sare indartsuagoa eta lehiakorragoa du; gizarte kohesionatuagoa da; inoiz baino jende gehiago ari da lanean eta kotizatzen; inoizko pobrezia tasa txikiena du, berdintasun tasa handiena, eta bizikidetza inoiz baino hobea da».

EAJk Bilbon egindako ekitaldiaren une bat, MONIKA DEL VALLE / FOKU
EAJk Bilbon egindako ekitaldia. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Bozetan, Imanol Pradalesek hartuko du Urkulluren tokia. Etorkizunerako hiru helburu nagusi aipatu ditu lehendakarigaiak: baga, ongizaterako agenda berri bat, «gizarteak gaur egun dituen eskari sozialak eguneratzeko, konpontzeko eta hobetzeko»; biga, nazioartean herrialde gisa hazteko modua emango duen agenda global bat garatzea, «munduan eragina duten sare eta nodoetan parte hartzeko»; eta higa, agenda humanista berri bat eratzea, «desberdintasunei aurre egiteko».

Horretarako, «Euskadi etorkizun hobe batera» eramango duten hiru gako aipatu ditu: demokrazia gehiago eta hobea izatea, gure berezitasuna eta nortasuna indartzea eta «oparotasun inklusiborako eragitea».

Ortuzar, Agirregoitia eta Berlanga

Urkulluren eta Pradalesen aurretik hitz egin du Andoni Ortuzarrek, EBB Euskadi Buru Batzarreko buruak. Hark ere etorkizuneko erronkak izan ditu hizpide (trantsizio energetikoa, digitala eta soziala), autogobernu zabalagoa eskatu du, eta prest agertu da desafio horiei gainontzeko indar politikoekin elkarlanean aurre egiteko.

Bozei dagokienez, Pradales egiten ari den kanpaina txalotu du, argudiatuta neurri zehatzak proposatzen eta azaltzen ari dela, «ez besteren bat bezala». EH Bilduz ari zen: «Anbiguotasunaren atzetik dabiltza, ezkutuka, boto bakar bat ere ez galtzeko. Asko hitz egin bai, baina gutxi esan. Posizio bat hartzeko eskatzen diete, eta hauteskundeetarako txarto datorkie? Bada, kutxa barrura. Polemikarik bat ere ez». 

Ekitaldiaren amaieran hitza hartu dute Europako Batasuneko hauteskundeetarako EAJren zerrendako buruak, Oihane Agirregoitiak, eta EGIren aberri kontseiluko idazkari Bea Berlangak. Lehenengoak Europan indarra izatearen garrantziaz jardun du, eta bigarrenak, berriz, euskal gazteek gaurko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko dituzten gaitasunez.

Ekitaldian hitza hartu duten bost lagunak, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ekitaldian hitza hartu duten bost lagunak, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.