Espainiako inbestidura

EAJk eta PSOEk akordioa lortu dute Pedro Sanchezen inbestidurarako

EAJk baiezko botoa emango dio Sanchezi. Hitzarmena eguerdian sinatu dute, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Eusko Jaurlaritzak albiste «oso ontzat» jo du.    

2019ko abenduaren 30a
18:53
Entzun

ERCren eta PSOEren arteko negoziazioen akordioa aste honetan irits daiteke, eta, bien bitartean, sozialistak lanean ari dira gainontzeko alderdien babesa lortzeko . Bide horretan, EAJk eta PSOEk akordioa lortu dute Pedro Sanchezen inbestidura saiorako, eta jeltzaleen sei diputatuek baiezkoa emango diote gobernu berriari. EAJko EBBko buru Andoni Ortuzarrek eta Sanchezek eguerdian sinatu dute ituna, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Ekitaldian EAJren Aitor Esteban eta PSOEko Adriana Lastra, Jose Luis Abalos eta Rafael Simancas ere egon dira.

Hamabi puntu ditu PSOEk eta EAJk izenpeturiko akordioak. Itunean, bi aldeek konpromisoa hartu dute aurrerantzean «etengabeko komunikazioa» izateko Espainiako Gobernuak ekinbideren bat aurrera atera nahi duen guztietan –zergen arloa aipatzen da beren-beregi–, «desadostasunen judizializazioari» uko eginez.

Gainera, «estatuaren egiturak lurralde nortasunei egokitzeko beharrezkoak diren erreformak bultzatzeko» konpromisoa ere agertzen da testuan. Neurri zehatzei dagokienez, 2020an EAEko estatutuan falta diren eskumenak eskualdatzea, sei hilabeteko epean trafiko eskumenak Nafarroaren esku uztea, abiadura handiko trena eta industria sektorea bultzatzea eta «kultur eta kirol arloetan Euskadi nazioartean ordezkatzeko» bideak irekitzea aipatzen da.

Izenpetze ekitaldiaren ostean, EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek esan du akordioa «ona» dela, balioko duelako «politikagintza behar duen lekura itzularazteko», egoera politikoa «geldialditik» ateratzeko, eta, gainera, «bermeak» jartzen dituelako «euskal agenda» osatzen duten gaiak jorratzeko.

Estatuaren abokatuak gaur argitaratu du ERCko buru espetxeratu Oriol Junquerasen inguruko txostena, eta, horren eraginez, aste honetan mamitu daiteke katalanen eta PSOEren arteko akordioa. Inbestidura saioa aste honetan bertan egiteko modua emango luke horrek. Hala izan dadin, xehetasun guztiak zehaztu nahian ari dira sozialistak. Sanchezek ahalik eta babes zabalena du helburu, eta baiezko beste sei boto izango ditu EAJrekin lortutako akordioari esker.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun kontseilari Pedro Azpiazuk "oso albiste ontzat" jo du akordioa, eta azpimarratu aurrerapauso bat dela egungo egoera bideratzeko. Azpiazuk adierazi du EAJren eta PSOEren arteko harremana "ongi errotuta" dagoela, eta egonkortasuna ematen diela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeei. Beraz, gaurkoa jada baduten akordioa "Madrilen berresteko" pausoa dela nabarmendu du. "Bada garaia lehenbailehen gobernu bat izateko. Urtarrilaren 5ean iristen bada, ez da Erregeetako opari txarra", adierazi du kontseilariak Radio Euskadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.