Hauteskundeak

EAJk eta PSEk «egonkortasuna» eta «elkarlana» eskainiko dituzte Arabako Aldundian

Ramiro Gozalez ahaldungai nagusiak alderdi bien arteko gobernu akordioa azaldu du: «Eraldaketa ekonomikoa, zaintza sistemaren bultzada eta klima aldaketaren aurkako borroka» izango dira foru gobernuaren lerro nagusiak. Cristina Gonzalez PSE-EEko Arabako idazkari nagusiak «enplegua sortzeko» helburua nabarmendu du.

Ramiro Gonzalez EAJko ahaldungai nagusia eta Cristina Gonzalez PSEko Arabako idazkari nagusia, gaur, Arabako Batzar Nagusietan. L. RICO / EFE
xabier martin
2023ko ekainaren 27a
12:08
Entzun

EAJk eta PSE-EEk Arabako Foru Aldundia osatuko dute datozen lau urteetarako, eta gobernu horren ardatz nagusiak azaldu dituzte ahaldun nagusi izango denak, Ramiro Gonzalez jeltzaleak, alderdi horretako Arabako buru Jose Antonio Susok eta PSE-EEko lurraldeko idazkari nagusi Cristina Gonzalezek. «Eraldaketa ekonomikoa, zaintza sistemaren bultzada, klima aldaketaren aurkako borroka eta gobernantza kolaboratiboa» izango dira foru gobernuaren lerro nagusiak, Gonzalezek azaldu duenez: «Ez da inoren aurkako akordio bat; Arabako gizartearen aldeko akordio bat da, herritarren aldeko itunak egiteko gai izan garen bi alderdi politikok sinatua».

Alderdi bien arteko programa akordioak «elkarrizketa politikoa» izango du oinarrian, haren egileek esan dutenez. Gonzalezek azaldu du Arabaren «industriaren sendotasunetik abiatuta eraldaketa ekonomikorako motorra» izan nahi duela gobernu itunak. Autogintzan eraginez, «ekoizpen ehunean dibertsifikazioa» sustatuko dute, «enplegu gehiago sortzeko» helburuz.

«Bazterketari aurre egiteko, zaintzari bultzada bat» eman nahi diote, era berean, EAJk eta PSEk. Zaintza politikan, Araba «erreferente» bihurtu nahi dutela ere erantsi dute. «Geure burua berrasmatu eta eraldatu egin behar dugu, Arabak gizarte politiketan erreferentziazko lurralde izaten jarrai dezan», esan du EAJko ahaldungaiak.

Eta klima aldaketa, halaber, biko akordioaren lerro nagusietako bat izango da. «Energia berriztagarriaren ekoizpena sustatuko dugu, ahal den kontsentsu politikorik eta sozialik handienarekin», esan du ahaldungai nagusiak. «Foru garraioa eta azpiegiturak hobetzeko» xedeak ere izan ditu hizpide Arabako aginte makila bihar hartuko duen politikariak.

Inbestidura saioak Araban eta Gipuzkoan

Batera edo bestera, Gonzalezek «elkarlanerako Araba» nahi duela azpimarraru du, «elkarrizketa politikoaren bidez eta entzuketa sozialarekin». Lurraldearen arteko «oreka» ere ez du ahaztu datozen lau urteetarako izango den gobernu programaz aritzean. Finean, «gobernantza kolaboratiboa» ezarri nahi du Araban.

PSE-EEko Arabako idazkari nagusiak, berriz, hiru ardatz aipatu ditu ituna azaltzean: «Egonkortasuna, erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko; zerbitzu sozialetan erantzunak ematea arabarrei, baita mugikortasunean eta enpleguan ere; eta gizarte pluralaren bizikidetza egonkortzea, berdintasuna eta kohesioa sustatuz». Gonzalezen ustez, sozialistek «beti hitz egin, negoziatu eta adostu» dute, «askatasunaren, justizia sozialaren eta berdintasunaren printzipioei buruzko programetan defendatzen» ei dituzten politikak «egia bihurtzeko eta praktikan jartzeko».

Etzi izendatuko dute Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi, eta, horrenbestez, hiru legegintzalditan jarraian ariko da kargu horretan. EAJk eta PSEk 24 batzarkideren botoak izango dituzte horretarako, eta PPren babesa ere izango dutela espero da. Gobernatzeko, ordea, unean uneko akordioak egin beharko dituzte beste taldeekin, gobernuak ez baitu izango gehiengo absoluturik. «Bi alderdiok badakigu elkarrizketa eta adostasuna beharko direla oposizioarekin», esan du PSEko buruak Araban, «herritarrek behar dituzten proiektu handiak aurrera ateratzeko». Hori lortzeko «borondatea eta prestasun erabatekoa» izango dutela ziurtatu du.

Gipuzkoako inbestidura saioa ere etzi goizean egingo dute Batzar Nagusietan. EAJ eta PSE gobernu akordio bat negoziatzen aritu dira azken egunetan, eta aldundiko alorrak nork kudeatuko dituen erabakitzen. EH Bilduko ahaldungai nagusi Maddalen Iriartek irabazi zituen foru hauteskundeak, 22 eserleku atera ondoren, baina EAJren hautagai Eider Mendozak hartuko du aginte makila, EAJk hamazazpi eserleku baizik atera ez zituen arren. PPk izango du giltza Iriarte eta Mendozaren artean berdinketa badago, eta, udal osaketarako islatu diren itunak aintzat hartuta, Mendozaren alde egingo du PPren ordezkari bakarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.