Espainiako Auzitegi Gorenak atzerriko tituluen homologazioa Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko transferentzia baliogabetu izanari erantzuna eman diote Eusko Legebiltzarrean. EAJk eta PSE-EEk bat egin dute, eta transferentzia horren legezkotasuna nabarmendu. Legez besteko proposamen bat erregistratu dute gaur Eusko Legebiltzarrean, eta, hartan, atzerriko goi mailako hezkuntzako tituluen homologazioa Eusko Jaurlaritzaren esku uztearen «legezkotasuna eta konstituzionaltasuna» defendatu dituzte.
Osoko bilkuran eztabaidatu beharko da testua. Besteak beste, jeltzaleek eta sozialistek Eusko Jaurlaritzari dei egin diote «eskura dituen mekanismo guztiak erabil ditzan» gai honen inguruan Espainiako Gobernuarekin lortutako akordio politikoa defendatzeko. Duela urtebete adostu zuten bi gobernuek eskumen aldaketa, baina joan den astean Gorenak bertan behera utzi zuen akordioa, iritzita atzerrian lortutako ikasketa tituluen homologazioa Espainiako Estatuarena dela «bakarrik».
Deitoratu egin dituzte transferentzia baliogabetzeak kaltetutakoei ekarriko dizkien ondorioak. «Ehunka pertsona lan egiteko aukerarik gabe» geldituko direla ohartarazi dute. EAJk eta PSEk azpimarratu dutenez, neurri horrek «profesionalak behar dituzten sektoreetan sartzea arinduko zuen, hala nola osasunean».
Ebazpenak Gernikako Estatutuari ere eraso egiten diola jaso dute. Transferentzia 1979. urteko estatutuan jasota dago. Bi alderdiek diote autogobernua «herritar guztien ongizatearen sinonimoa» dela.
Helegitea jarri ala ez, erabakitzeko
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu kontseiluaren ostean hitz egin du homologazioan aferaren inguruan. Ez dio erreferentziarik egin EAJ eta PSE-EE taldeen eskakizunari, baina onartu du lanean ari direla adostutakoa betetzeko. Alde batetik, esan du Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako kideak aztertzen ari direla Gorenaren ebazpenari Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea ipini ala ez; datozen egunetan hartuko dute erabakia, baina, prozesu judiziala luzea izango dela iritzita, bitartean, eragindako kaltea nola leundu eta berriz halakorik ez gertatzeko zer neurri hartu pentsatzen ari direla gaineratu du.
Juan Ignacio Perez Unibertsitate sailburuak «kontraesantzat» jo du transferentzia hori bertan behera utzi izana. Hark ere gobernu kontseiluaren ostean egin ditu adierazpenak. Galdetu du nola ote den posible Eusko Jaurlaritzak unibertsitate karrera berriak diseinatzeko aukera izatea baina atzerrikoei ezin ematea homologaziorik; gainera, akordioak eskaerak «egikaritzeko» aukera jasotzen duela azpimarratu du, betiere, Espainiako Gobernuak ezartzen dituen betekizunetan oinarrituta. «Gorenaren ebazpenak ez du zentzurik».
Atzerriko unibertsitateko tituluak homologatzeko eskumena Eusko Jaurlaritzak izan zuen hamabost egunetan, berrehun eskaera inguru jaso ziren. Are, Madrilgo erkidegoko Lanbide Arteko Batasunak eta Espainiako Fisioterapeuten Elkargo Nagusiak errekurtsoak jarri zituztenetik hona beste zortziehun bat eskakizun jasoko zituztela kalkulatu du, nahiz eta aitortu duen ez duela neurgailu zehatzik.
Kaltetutako norbanakoez gain, «euskal gizartea ere galtzaile» dela esan du. Tituluak homologatu nahi dituztenen artean abokatuak, ingeniariak eta medikuak daudela, eta horien ekarpenik gabe geldituko direla Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Esan duenez, espedienteak Madrilera bideratzea ez da aukera eraginkorra, urteetako itxaron zerrenda dagoelako.
Osakidetzak espero zuen transferentzia horrekin profesionalen falta arintzea. Eusko Jaurlaritzak «berehalako» neurriak eskatu dizkio Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioari. Ubarretxenak esan duenez, Espainiako Gobernuak atzera botatzen baditu Gasteizek egindako proposamenak, Madrili dagokio alternatibak aurkeztea. «Ez dugu ulertzen nolatan esaten diguten ezetz proposamen guztiei, besterik proposatu gabe. Uste dugu konponbideak eskaintzeko gaudela hemen».
«Autogobernuari eraso»
Eusko Jaurlaritzak ere sentitu du ahalmena mugatu diotela erabaki horren bitartez. Perezek salatu du «beste behin» mugatu dutela Jaurlaritzaren ahalmen politikoa.
Tesi horrekin bat egin du Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak. «Autogobernuaren aurkako eraso» gisa deskribatu du, erregistratu duten legez besteko proposamenaren inguruko xehetasunak ematean. «Espero dut Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako alderdi politikoek bat egitea Euskadi eta autogobernua defendatzen dituen ekinaldi honekin».
Ekain Rico PSEren legebiltzarreko taldeko idazkari nagusi eta Autogobernu arloko bozeramaileak nabarmendu du erabakiak «kalte handia» eragin diela tituluen homologazioaren zain dauden herritarrei, «baina baita gizarte osoari ere».
Jaurlaritza, biktimen eta euskararen alde
Rosa Zarraren ebazpenaren inguruan ere hitz egin du Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur, gobernu bileraren osteko prentsa agerraldian. Esan du Eusko Jaurlaritzak «urteak daramatzala biktimen alde lan egiten», eta «bizikidetzaren alde denok dugula ekarpenik egiteko aukera». Hala, emandako aurrerapausoak txalotu ditu. Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak ebatzi du Zarra Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuela, bertsio ofizialak esandakoaren kontra.
Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak joan den astean egindako adierazpen euskarafoboez galdetuta, Ubarretxenak ez du baloraziorik egin nahi izan. Halere, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak «ideiak argi dituela» eta euskara sustatzeko lanean jarraituko dutela, «orain arte egin bezala». Arriolak esan zuen euskarazko hezkuntza oztopo dela atzerriko talentua erakartzeko.