Europako Parlamenturako hauteskundeak igaro eta biharamunera lortu dute EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzaren gobernu programa osatzeko aurreakordio bat. Alderdiek zabaldu dutenez, EAJren eta PSEren ordezkariek «ongizatean, aurrerabidean, autogobernuan zein Euskadi globala eraldatzeko bidean aurrera egiteko» oinarriak adostu dituzte. Aurreakordio horren edukiak gaur eman zaizkie ezagutzera bi alderdietako batzorde eragileei, EAJren Aberri Batzarrak koalizio gobernua berretsi eta PSE-EEk bere militantziari kontsulta egin aurretik.
Okerrik ezean, Imanol Pradales EAJko hautagaia hilaren 20an izendatuko dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari. Aste eta erdi falta da horretarako, eta EAJ eta PSE-EE gobernu programari eta osaketari buruzkoak negoziatzen ari ziren. Zabaldu duten hitzarmenean, adierazi dute biek bat egiten dutela helburu berean: «ongizate mailan hazi beharra dagoela, Euskadiren eraldaketari ekin behar zaiola munduan gertatzen ari diren aldaketa globalei erantzuna emateko, nazioartean protagonismoa eta presentzia irabaziz». Horretarako, «estatutu itun berri baterako akordioa lortzea» proposatu dute, «autogobernuan aurrera egiteko eta Euskadiren aurrerabideari laguntzeko».
Bien artean, 75 eserlekutik 39 dituzte Eusko Legebiltzarrean; hau da, gehiengo osoa. Oraingoz, alderdiek ez dute eman xehetasunik Jaurlaritzaren osaketaren inguruan.
Jeltzaleek eta sozialistek nabarmendu dute «aberastasuna sortzeak eta banatzeak dakarten erronkari erantzun» behar diola, «gizartean desparekotasun egoerak borrokatuz» eta zenbait «eraldaketari» aurre egiteko ere; horien artean aipatu dituzte «demografiaren erronka, transformazio digitala, ekonomia jasangarria eta aldaketak enpleguan».
«Ahalik eta akordiorik zabalena»
EAJk eta PSE-EEk itunean jaso dituzte autogobernuaren arloko bi helburu: «Euskadiri aitortzen zaion Autogobernua osorik transferitzea» eta «Euskadin zein [Espainiako] Estatuan, etorkizunerako Autogobernua negoziatzea eta onestea». Horretarako, konpromisoa adierazi dute «ahalik eta akordiorik zabalena» lortzeko, «bai euskal erakundeetan, bai eta Gorte Orokorretan, ondoren euskal herriak berretsia izan dadin». Gainera, munduan eta Europan «euskal interesak sustatzea eta bultzatzea» jarri dute lehentasunen artean, «Euskadiren nazioartekotzeak etorkizunera begira planteatzen dituen aukerak baliatzeko».
HELBURUAK
- Osasuna. «Kalitate goreneko» osasun publikoa bermatzea, «Europako erreferente izateko».
- Zerbitzu sozialak. Zaintza eredu berri baterako herri ituna lortzea.
- Etxebizitza. Etxebizitza lortzeko aukerak hobetzea, «batez ere gazteen artean».
- Hezkuntza. Eskola publikoa erreferente izatea eta Hezkuntza Legea garatzea.
- Euskara. Helburua «edonon, edonoiz», euskararen erabilera arlo guztietan ahalbidetzea.
- Industria. Berrindustrializazioa bultzatzea, EAE Europako berrikuntza foku izatea.
- Lehen sektorea eta arrantza. Haren etorkizuna bermatzea.
- Trantsizio energetikoa. Karbono neutraltasuneranzko urratsekin jarraitzea.
- Ekonomia zirkularra: Eredu hori bultzatzea, «hazkunde jasangarria ahalbidetzeko».
- Memoria: Iragan historiko eta hurbilaren memoria kritikoa bultzatzen segitzea.
- Estatutu itun berria. «Ahalik eta konpromiso zabalena» lortzeko konpromisoa, legebiltzarrean zein gorteetan.