«Hastapeneko bilera baizik ez». Horrela azaldu du PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak gaur goizean EAJko buruzagiekin izandako bilera. Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondorengo lehen bilera izan dute alde biek jeltzaleen egoitzan, Sabin Etxean, eta gobernu akordioa lortzeko bidean lehen urratsa egin dute modu horretan. Ordubete iraun duen bileraren ostean, PSEko idazkari nagusiak egonkortasuna aipatu du, Bilbon eduki duen bilera eta Pedro Sanchezek Madrilen egindako agerraldia lotzeko. Anduezak esan du biak ala biak «egonkortasuna» eskaintzeko direla.
Baina gehiago hitz egin du Sanchezek Espainiako presidente karguan jarraitzeko erabakiaren inguruan jeltzaleekin izandako lehen harreman horri buruz baino. Adierazi du oraindik «oso goiz» dela «sailen banaketaren inguruan» hitz egiteko. Sozialisten buruak «ulertzen» du kazetariek banaketa horri buruz galdetzea, baina ziurtatu du lehen-lehenik «gobernu programa bat» adostu behar dela, eta ohartarazi du programa adostu horrek «politika aurrerakoiak» egiteko izan beharko duela, «herritarrek bozetan eskatu duten moduan».
«PSE indarberriturik atera da hauteskundeetatik, eta indar berri horiekin negoziatuko du gobernu akordio bat, politika aurrerakoiak egiteko».
ENEKO ANDUEZA PSE-EEko idazkari nagusia
EAJrentzako mezu argi baten itxura hartu du hauteskundeen emaitzei egin dien erreferentziak. PSE-EE «indarberriturik» atera da hauteskundeetatik, Anduezaren arabera, eta «indar berri horiekin negoziatuko» du EAJrekin. Sailen banaketaz ez du hitz egin nahi izan, baina Anduezak uste du logikoa dela luze gabe osa daitekeen Jaurlaritzan PSEk aurreko legealdian kudeatu dituen baino sail gehiago edukitzea, aurreko astean behin baino gehiagotan esan duen moduan.
Edonola ere, EAJk eta PSEk negoziazioen bileren egutegi bat finkatuko dute, betiere «herriak behar dituen eraldaketak» egingo dituen gobernu baten bila. «Osakidetza» ere aipatu du Anduezak indartu behar diren edukiak aipatzen hasita. Halaber, onartu du «bi tradizio politiko» desberdineko alderdiak ari direla negoziatzen, programa bakarra adostea ez dela erraza.
Hauteskunde igaro berrien kanpainan azaleratu diren jeltzaleen eta sozialisten arteko desberdintasunak nola gainditu daitezkeen galdetuta, PSEko idazkari nagusiak «elkarrizketari» erreparatu dio, esaterako etxebizitzaren gaian dituzten ikuspuntu desberdinak gainditzeko «tresna» gisa.
Europako bozen itzalean
EAJ, berriz, «Jaurlaritza sendoa» eratzeko negoziazioez aritu da, bileraren ostean argitara eman duen ohar batean. «Asmo handiko programa» bat egiteko helburua luke abiarazi duten negoziazioak, «egonkortasuna, ongizatea eta aurrerabidea» ekarriko dituelakoan «Euskadi osoarentzat». Jeltzaleek «elkarlanezko giro ona» eta gobernua «zentzuzko epe baten barruan eratzeko borondatea» adierazi dute. EAJk erantsi du elkarrizketak «hauteskunde garaian» egitea egokituko zaiela, eta horregatik nahiko luketela ituna azkar egitea.
Andoni Ortuzar, Imanol Pradales, Bakartxo Tejeria eta Joseba Aurrekoetxea jeltzaleak egon dira Sabin Etxean, Begoña Gil, Miguel Angel Morales eta Eneko Andueza sozialistekin. EAJren arabera, «prozesuaren lehen fasea» Eusko Legebiltzarraren barne organoak «eratzeko lanei heltzea da»; alegia, Mahaia eratzeko bilkura eta Bateraezintasunen osoko bilkura Europako Parlamenturako hauteskunde «kanpaina hasi baino lehen» egin nahi dute, hau da, maiatzaren 23a baino lehen. Hori dela eta, EAJko legebiltzarkideen akreditazioak datorren astelehenean aurkeztuko dituzte.
«Negoziazioaren lehen fasea da Eusko Legebiltzarreko barne organoak eratzea, eta bigarrena Jaurlaritza egituratzea».
EAJ
Gero, «bigarren fase bat» hasiko da, EAJk azaldu dutenez, eta fase horretan gobernu programa jorratuko da; eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzaren «egituraketa», hau da, sailen banaketa.
Horiek horrela, martxan da Eusko Jaurlaritza berria osatzeko prozesua, eta EAJk eta PSE-EEk hartu dute negoziazioen ekimena; EH Bilduk 27 eserleku lortu zituen bozetan, EAJk bezainbeste, baina, orain arte, ez dute jakinarazi bilera batean elkartu direnik. Jeltzaleek PSE lehenetsi dute, eta litekeena da negoziazioak askorik luzatu gabe akordio bat lortzea. Anduezak ere azaldu du PSEko hautetsiek maiatzaren 7an jasoko dituztela beren akreditazioak. EAJk eta PSE-EEk 39 eserlekuren gehiengo osoa izango dute Imanol Pradales lehendakari izendatzeko, nolanahi ere.