EAJk eta PSEk ez dute lortu beste inor batzea Poliziaren biktimen legera

Bi alderdien arteko akordioak «zaildu» egin du EH Bilduk alde bozkatzea. PPk aurka egingo du

Jaurlaritzako eta legebiltzarreko ordezkariak, Poliziaren indarkeriaren hainbat biktimarekin, otsailean, Donostian. J. C. R. / ARP.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak amaitutzat eman du 1978 eta 1999 arteko polizia gehiegikerien biktimentzako lege proiektua osatzeko lantaldea. EAJk eta PSEk aste honetan lortu duten akordioan oinarrituta, alderdi sozialistak aurkeztuak zituen zuzenketa gehienak gehitu zaizkio hasierako testuari. Ondorioz, onartua izateko nahikoa babes izango du lege proiektu moldatuak. Aldiz, EAJk eta PSEk ez dute beste alderdien babesa erakartzea lortu. EH Bilduk adierazi duenez, PSEren zuzenketek testuan eragin dituzten aldaketek «asko zaildu» dute proiektuaren alde bozkatzea. PPk aurreratu du kontra bozkatuko duela, hasierako testuari ikusten zizkion «funtsezko» gabeziak «ukitu gabe» daudelako. UPDk ez du adierazpenik egin zuzenketei buruz, Gorka Maneirok ez baitzuen parte hartu atzoko lantaldean.

Lantaldea amaituta, irizpena idatziko dute legelariek datorren astearen hasierarako, eta, hilaren 20an, Giza Eskubide, Berdintasun eta Herritarren Parte Hartzerako batzordean bozkatuko da. Txostenak EAJren eta PSEren babesa izango duenez, lege proiektua prest geldituko da azken bozketarako. Hilaren 28ko osoko bilkuran izango da azken eztabaida.

EAJk eta PSEk lege proiektuaren «ziurtasun juridikoa» nabarmendu dute. Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak adierazi duenez, «ez dago inolako arrazoi juridikorik Espainiako Gobernuak legea epaitegietan inpugnatzeko». Madrilgo gobernuak polizia gehiegikerien biktimak onartzeko «borondate politikorik ez badu», gutxienez «ez dezala oztopa» galdegin du. Patxi Elola PSEko legebiltzarkideak «guztiz baztertu» du Espainiako Gobernuak legearen kontrako errekurtsoa jartzea. Ziurtatu du testuari «ziurtasun juridiko handiagoa» ematea izan dela PSEren zuzenketen asmoa.

Nahiz eta EAJk eta PSEk akordioa beste alderdietara zabaltzea gustatuko litzaiekeela adierazi duten, oraingoz ez dute halakorik lortu. EH Bilduk ez du erabaki oraindik lege proiektuari zein boto emango dion, baina Julen Arzuaga legebiltzarkideak adierazi du jeltzaleek eta sozialistek hitzartutakoak «eztabaida ostu» duela. «Gehiengoa dute, eta ez dirudi beste sentsibilitate batzuk batzeaz kezkatu direnik».

PPko legebiltzarkide Carmelo Barriok, berriz, Alderdi Popularraren ezezko boza berretsi du, eta legearen «ziurgabetasun juridikoa» nabarmendu du.

Espainiako Barne Ministerioak ohartarazi zuen Eusko Jaurlaritzaren lege proiektuaren zenbait artikuluk Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.