EAJk eta PSEk bihar sinatuko dute Jaurlaritza berria osatzeko akordioa

PSEren ustez, jeltzaleek eta sozialistek «gehiengo osoarekin gobernua eraikitzeko aukera» izanda «arrotza» litzateke bi horien arteko dinamikarekin ez jarraitzea.

EAJ-PSE bilera. ARITZ LOIOLA / FOKU
EAJ-PSE bilera. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 18a
11:20
Entzun

EAJren eta PSE-EEren barne egiturek onartu dute bi alderdien arteko koalizio akordioa sinatzea: jeltzaleek aho batez, eta sozialistek militantziaren %96ko babesarekin. Bihar sinatuko dute gobernu akordioa Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak. Bi alderdien arteko akordioa lortu badute ere, Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak adierazi du «eskua emango» dietela bertze alderdiei, eragileei edo erakundeei, etorkizuneko «erronkei» aurre egiteko. Halere, zehaztu du bertze alderdiei dagokiela erabakitzea zein izanen den beren helburua: «Zubiak eraikitzen ahalegintzea edo oposizio gisa errotzea».

Radio Euskadin elkarrizketatu dute Rico, eta EH Bildurekin izandako elkarrizketa faltaz ere mintzatu da. Adierazi du jeltzaleek eta sozialistek «gehiengo osoarekin gobernua eraikitzeko aukera» izanda «arrotza» litzatekeela bi horien arteko dinamikarekin ez jarraitzea. Haren iduriko, «normala» da koalizio subiranistak bere hautagaitza aurkeztu izana, baina erran du datorren osteguneko saioa lehendakariaren inbestidura saioa dela, eta ez «oposizioko buruarena»: «Ikusi beharko da nola ateratzen dion onura».

Banaketaz, ezer ez

Erran du sozialisten militantziak akordioari eskainitako babesa «oso positiboa» dela, parte hartze handia izan duelako, eta haren gehiengoak babestu duelako koalizioa. Zehaztu du akordioak «ildo orokorrak» biltzen dituela, baina zehazten duela datorren gobernuak zein «erronkari eta arazori egin beharko dion aurre». Hala, erran duenez, ia itxita dagoen akordioan oraindik ez dago zehaztuta nola antolatuko den datorren gobernua, eta Ricok ez du xehetasunik eman nahi izan. Halere, argitu du sail bat alderdi baten esku egoteak ez duela erran nahi sail hori soilik bere alderdiarena balitz bezala zuzenduko duenik: «Araudi guztietan egongo gara, kontuan izan gabe bakoitzak zer arlo kudeatuko duen».

Ricoren ustez, bi alderdiek «ahalegin zintzoa» egin dute «akordioak lortzeko», betiere helburua izanda «egiazko arazoak konpontzea». Andueza ez da izanen datorren Eusko Jaurlaritzaren parte, eta erabaki hori «oso ausarta» iruditu zaio Ricori. Izan ere, uste du momentu «oso garrantzitsu batean» dagoela alderdia, eta, hortaz, uste du «interesgarria» dela Andueza PSE-EEren «hazkundean zentratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.