EAJk eta PSEk gehiengoa baliatu dute Jaurlaritzaren aurrekontuak onartzeko

Oposizioko talde guztiek ezezkora jo dute Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduko eledun Pello Otxandianok salatu du gobernuak ez duela borondaterik izan akordiorako, eta EAJko eledun Alaiz Zabalak esan du «Euskadi esku onetan» dagoela.

Noelo D'Anjou Ogasun sailburua eta Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria, kontuak onartu berritan. RAUL BOGAJO / FOKU
Noel D'Anjou Ogasun sailburua eta Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria, aurrekontuak onartu berritan. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2024ko abenduaren 20a
13:30
Entzun

Ezusterik gabe joan da Eusko Jaurlaritzaren 2025eko aurrekontu proiektuaren bozketa, Eusko Legebiltzarrean: EAJk eta PSE-EEk euren gehiengoa baliatu dute aurrekontuak onartzeko, eta oposizioko talde guztiek ezezkora jo dute, baita EH Bilduk ere, 27 legebiltzarkiderekin. Koalizio abertzaleko eledun Pello Otxandianok behin baino gehiagotan esan du ez duela lagunduko Madrilgo politikagintzaren moldeak eta giroa euskal esparrura ekartzeak: «Desdramatizatu dezagun akordio eza; gehiengoa duzue, eta zilegitasunez onartu dituzue aurrekontuak, baina ez duzue borondaterik izan akordioa egiteko gurekin».

Gauzak horrela, Gasteizko gobernuak eskura du 15.728 milioi euroko aurrekontua, hastera doan urtean baliatzeko. «Desberdinen artean ados jartzeko gai izan gara; orain, lan egin behar dugu, diru hori ongi baliatzeko», esan du Alaitz Zabala EAJko legebiltzarkideak, eztabaidaren amaieran. Aurretik ziurtatu du garrantzitsuena ez dela norekin egiten den akordioa, «zer adosten den eta zertarako baizik». Erantsi du EAJk eta PSEk euren «ideia alderdikoiak alde batera» utzi dituztela, herritarren alde. «Egonkortasuna, zorroztasuna eta, orain, aurrekontuak ematen dizkiogu herri honi: Euskadi badoa aurrera».

Jaurlaritzak eta EH Bilduk egindako negoziazio prozesuaren ingurukoak izan dituzte hizpide gobernua osatzen duten alderdi bien eledunek, PSE-EEko kide Ekain Ricok eta Zabalak berak, baita Otxandianok ere. Koalizioko eledunak esan die «denek» atera behar dituztela «irakaspenak» gertatutakoaz, «adostasunetarako espazioak zabalik» dituela oraindik ere EH Bilduk, eta 2025. urtea garrantzitsua izango dela estatus berriari begira.

Legebiltzarra ez da azoka

Otxandianok salatu du ez dela egokia izan aurrekontuetan babesen bila hastea legebiltzarra «azoka bat balitz bezala»; alderaketa hori EAJko kideei egotzi die. «Ez da gauza bera PPrekin adostea ala EH Bildurekin. Eraginkortasunaz aritu zarete, ideiak alde batera utzita, esanez jendeak bere arazoak konpontzea besterik ez duela nahi, eta horrek elikatzen du alderdi denak berdinak diren ideia arriskutsu hori, politikaren desafekzioa bera. Nola ulertu behar da hori abertzaletasunetik?», galdetu du. Argudiatze hori bukatzeko, gogoratu du parlamentua ez dela «akziodunen batzarra».

(ID_14530108) (Raul Bogajo/@FOKU) 2024-12-20, Gasteiz. Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzaren aurrekontuen inguruan eztabaidatu dute, ...
EH Bilduko eledun Pello Otxandiano, gaur, legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU

Estatus berriaren gaia jorratzen hasi da, eta gogoratu du «alderdien arteko elkar ulertzea beharrezkoa» dela «Madrilera herri gisa» joateko. «Nazio ukatua gara», ziurtatu du, bai eta 2025. urtea erabakigarria izan daitekeela ere burujabetzan aurrera egiteko. Nazio aitortzak «ondorio juridikoak» izan behar dituela ohartarazi du, eta ondorio horien inguruan izan behar duela eztabaida politikoak, gaineratuta gehiengo abertzale handi bat dagoela Gasteizko ganberan.

Zabala, EAJko eleduna, ez da aritu estatus politikoaren edukiaz, eta aurrekontuen negoziazioaren porrotari buruz jardun du. Txiste batekin hasi du bere txanda: «Ba al dakizue zein den euskaldun, espainiar eta frantziar baten arteko aldea? Euskadik aurrekontuak izango dituela». Jarraian, bere haurtzaroko eta gaztaroko Derio eta Bilbo marraztu ditu, adierazteko «grisetik kolorera» igaro direla «Bizkaia eta Euskadi», autogobernuari esker. «Ez dugu atzera egin nahi. Gu beti egon gara autogobernuaren defentsan; beste batzuk ez dira egon, eta orain ere ez daude Madrilen autogobernua defendatzen». EH Bilduri aurpegiratu dio energia enpresen zerga luzatzearen alde egotea; zerga hori ez dute foru aldundiek kudeatzen, azaldu duenez.

Garbi utzi dio EH Bilduri eredu oso desberdinak dituztela EAJk eta koalizioak, «nahiz eta orain ematen duen EAJrekin mimetizatu nahi» duela ezker subiranistak. «Ez dituzue sekula enpresak gustuko izan, ez dituzue ezagutzen, ez dituzue nahi; ez dira zuen apustua. EAJ eta PSE izan dira hemen maximalismoak alde batera uzten ausartu diren bakarrak», defendatu du.

ELAren zaintza

PSEko legebiltzarkide Ekain Ricok, berriz, koalizioari esan dio gobernuak ez zuela behar, baina aukera bat eman diola aurrekontuak negoziatzeko. «Konfiantza urratu duzue, eta pulpitutik aritu zarete». EH Bilduri leporatu dio «azkenerako bertigoa» eman diola adosteak, «ELA prozesua zaintzen» ari omen zelako. Sektore arteko gutxieneko soldata Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari dagokiola esan du PSEko kideak, eta azpimarratu hor ez daudela ELA eta LAB sindikatu abertzaleak.

Otxandianok esplikatu duenez, akordiorik egongo ez zela iragarri eta gero ere, uste izan du oraindik posible zela ados jartzea gutxieneko soldataren inguruan. «Herri akordio bat behar da hemen gutxieneko soldata baldintza sozioekonomikoetara egokitzeko. Gero, burujabetzaren bidean lortu beharreko beste adostasun batzuk lortzeko ariketa zen hori». Izan ere, gutxieneko soldataren aukera hori ere izan da negoziazioaren parte.

PPko eledun Javier de Andresek esan dio gobernuari ez kateatuta geratzeko akordiorik ezarekin. «Gehiengoa aplikatu duzue, eta kito. Ez zenuten negoziatu nahi, eta antzezpenak alde batera utzi beharko zenituzkete». Bide beretik, Sumarreko legebiltzarkide bakarrak, Jon Hernandezek, esan du Jaurlaritza berriak ez duela «ezertan ere aldatu aurreko gobernuen politika». «Zuen bide orria zenuten, eta gauzatu egin duzue; gu koherenteak izan gara gure jendearekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.