Eusko Legebiltzarra. Bake Batzordearen sorrera

EAJk eta PSEk babestuta, bakerako lantaldea osatu da legebiltzarrean

EH Bildu abstenitu egin da, baina batzorde txostengilean parte hartuko du, bakearen aldeko «borondate irmoa» duela erakustekoHilabete barru eratuko dute foroa, eta joan den legealdiko lanak izango ditu oinarri

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea, Eusko Legebiltzarrean atzo eginiko saioan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldea martxan jarriko du hilabeteko epean, EAJk eta PSEk atzo erabaki zutenez. Bi taldeon proposamena aurrera atera zen atzoko osoko bilkuran, eta, hala, duela urtebete egindako lanei jarraipena emango dion batzorde txostengilea eratuko dute legealdi honetan. Proposamenak EAJren eta PSEren aldeko 43 boto jasozituen, PPren eta UPDren kontrako 11 boto eta EH Bilduko 21 legebiltzarkideren abstentzioa. Horrenbestez, duela urtebete gertatu zen moduan, taldeak ez dira gai izan batzorde txostengilearen inguruan ados jartzeko, eta berriro ere ika-mika iturri izan da bakerako foroa osatzea.

Batzordea Eusko Legebiltzarrak gaur egun duen «indar politikoen korrelazio berriaren» araberako adostasuna oinarri hartuta abiatzea nahi zuen EH Bilduk, eta, horregatik, bozketan abstenitzea erabaki zuen. PPk eta UPDk, berriz, iragarritakoa bete eta kontrako botoa eman zuten, bi arrazoirengatik: proposamenak ez zuelako jasotzen ETAren indarkeriaren gaitzespenik eta EH Bilduri bertan egotea uzten zitzaiolako.

Azken unean hitzartu zuten jeltzaleek eta sozialistek erdibideko zuzenketa bat, non aurreko lantaldearen lanei jarraipena emango dion foroa sortzea proposatzen zuten. Osoko bilkuraren bezperan erregistratu zuten bi taldeok proposamena, aldez aurretik EH Bildurekin hitzartutakoa albo batera utzita. Horixe bera aurpegiratu zien EAJri eta PSEri Laura Mintegi EH Bilduko eledunak, tribunan hitza hartu zuenean. EH Bildu akordiotik «baztertu» nahi izatea «lotsagarria» dela salatu zuen, eta «maltzurkeriaz» jokatzea egotzi zien bi taldeei: «Bageneukan testu bat adostuta, eta horren gainean ezer hitz egin gabe beste bat sartu duzue, zer pentsatzen genuen galdetu gabe». Nolanahi ere,koalizioak bakearen aldeko «borondate irmoa» duelako ez zuela lantaldearen eraketa eragotziko argitu zuen Mintegik.

Horiek hala, gaur-gaurkoz EAJ, PSE eta EH Bilduren parte hartzea baino ez dauka bermatuta Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldeak. Izan ere, koalizio subiranistak ez du erabat bat egiten batzordearen edukiekin, baina bertan egongo dela ziurtatu du. UPD, aldez aurretik iragarritakoari jarraiki, ez da izango lantaldean, eta PPk ez du argitu parte hartuko duen ala ez.

Bakerako foro horrek izango dituen egitekoak sortu ditu, neurri handi batean, alderdien arteko desadostasunak. Lantaldeak iazko lanei jarraipena emango diela erabaki da, eta, beraz, bi printzipioren gainean jardungo du: indarkeriak eragindako mina eta biktimen duintasuna aitortzea batetik, eta berriro giza eskubideak ez direla urratuko bermatzea, bestetik.

Eduki horiei segida ematearen garrantzia azpimarratu dute, sutsu, jeltzaleek eta sozialistek.Joan den legealdian adostutako«oinarri etiko eta politikoei» eustea ezinbestekotzat jo du Jose Antonio Pastor sozialistak, eta EH Bilduri adierazi dio «demokraziara iritsi berriak» direnez ezin dietela gainerakoei esan zein bide jarraitu behar duten. «Elkarbizitza, askatasuna eta demokrazia ezin dira egon unean uneko gehiengo edo gutxiengo politikoen menpe», adierazi die.

Mezu bertsua azaldu du Iñigo Iturrate jeltzaleak ere: «Joan den legealdian adostutako printzipio etikoak eta giza eskubideak ezin dute gehiengo baten edo bestearen menpe egon. Zutabeak jarrita daude, sendoak dira, eta horren gainean eraikiko dugu bakea eta elkarbizitzaren gizartea». Kritika gogorrenak ere EH Bilduri egin dizkio jeltzaleak: iragana «estaltzen» saiatzea eta urteetan indarkeriak eragindako samina aitortzeko «ausardia» nahikorik ez izatea leporatu dio Mintegiri.

Haserre mintzatu da EH Bilduko eleduna, uste duelako legebiltzar taldeek bakerako deia «erasotik abiatuta» egin dutela. Martxan jarriko den lantaldearen egitekoa «herrena» izango dela ohartarazi du Mintegik, baina ziurtatu du «konponbide integralaren» aldeko proposamenak egingo dituela koalizioak bertan.

PPrentzat eta UPDrentzat, berriz, onartezina da batzordearen helburuen artean ez jasotzea ETAren indarkeriari zilegitasuna jentzeko beharra. Lantaldeak xede hori ez jasotzea «atzerapauso demokratikoa» dela salatu du PPko Carmelo Barriok, eta EAJri eta PSEriEH Bildurekiko «exijentzia demokratikoaren maila» jaistea aurpegiratu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.