EAJk eta PSEk akordioa sinatu dute Bizkai eta Gipuzkoarako

Gaur izendatuko dute Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi, eta bihar, Markel Olano, Gipuzkoan

GBBko kideak eta PSEko Gipuzkoako ordezkariak, atzo Donostian. BERRIA.
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
BILBO. EAJk eta PSEek akordioa sinatu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietarako. Gaur izendatuko dute Unai Rementeria (EAJ) Bizkaiko ahaldun nagusi, eta bihar, Markel Olano (EAJ), Gipuzkoan. Aurreko agintaldian egin moduan, jeltzaleek eta sozialistek gobernu koalizioa osatzea adostu dute, eta gehiengo osoa izango dute bi lurraldeetan.

Rementeriak 33 ordezkariren babesa izango du gaur Gernikan egingo duten kargua hartzeko saioan. Gobernua, berriz, EAJko sei kidek eta PSEko bik osatuko dute. Akordioaren testuaren hasieran nabarmendu dute 2015ean baino egoera «hobean» dagoela orain Bizkaia.

Gipuzkoarako ere lortu dute akordioa bi aldeek. Azaldu dutenez, «hazkunde ekonomikoak eta gizarte babesak» izango dute lehentasuna datozen lau urtetan. Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko buruak azpimarratu du bi aldagaiok «txanpon beraren bi aldeak» direla. Bizkaian egin moduan, Gipuzkoako egungo egoera ere balioetsi du Egibarrek, eta azpimarratu harremanak estutu behar dituztela gizartearekin eta industriarekin: «Lidergoa hartu eta partekatu behar dugu».

Markel Olano izango da bigarrenez Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta gehiengo osoa izango dute jeltzaleek eta sozialistek. Edonola ere, gobernu egituran Turismo departamendua galdu du PSEk. Guztira zazpi arlo zuzenduko ditu EAJk, eta PSEk, berriz, hiru. Gazteriari buruzko zuzendaritza berri bat ere sortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.