EAJk eta PSE-EEk Pradalesekin batera izenpetu dute gobernu akordioa, eta Osakidetza «hobetzea» jaso helburuen artean

Bi buruzagiek nabarmendu dute ituna oposizioari irekita dagoela, baina gogorarazi Eusko Jaurlaritzak «gehiengo osoa» izango duela. Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideak «akordioak» beharko direla esan du.

Ortuzar, Pradales eta Andueza, gobernu akordioaren aurkezpenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ortuzar, Pradales eta Andueza, gobernu akordioaren aurkezpenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2024ko ekainaren 19a
14:00
Entzun

Eusko Legebiltzarreko bigarren solairuan izenpetu dute EAJk eta PSE-EEk hurrengo lau urteetarako Eusko Jaurlaritzaren «bide orria» izango den gobernu akordioa. Ongizatean hazi izena du, eta Andoni Ortuzarrek, Eneko Anduezak eta Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak sinatu dute dokumentu mardul hori, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea lekuko zela. Hitzeman dute itun «sendoa» izango dela, gizartearen «eskariei, beharrei eta nahiei» erantzuteko modukoa. Besteak beste, «osasun sistema hobetzea» izango dute helburu; Osakidetzako profesionalekin «hitz egingo» dute horretarako, eta «akordio zabal bat» lortzen saiatu.

Bihar ezagutaraziko dute hitzarmenaren eduki osoa, Pradalesek berak aletuko baitu inbestidura ekitaldian. Gaur, puntu nagusien berri baino ez dute eman bi alderdietako buruzagiek, «estrategia politikoagatik», oposizioari pista askorik ez emateagatik, Ortuzarren hitzetan. Jakina da, dena den, bost ildo nagusi eta 32 jardunbide jasotzen direla dokumentuan, eta Osakidetzaren «kalitatea eta prestigioa» hobetzea dela horietan lehena; besteak beste, itxaron zerrendak murriztuta eta lehen arretako lan zama arinduta lortu nahi dute hori.

Horrez gain, ildo nagusien artean jaso dituzte gizarte politiken bestelako paradigma batean aurrera egitea, etxebizitzaren eskubide subjektiboa bermatzeko gazteen emantzipazioa erraztea, enplegu «duina» sortzea, «berrindustrializazioa» bultzatzea eta trantsizio energetikoa azkartzea. Euskarari dagokionez, hiztun kopurua «biderkatzea» eta Europan ofizialtasuna lortzea ere jarri dituzte helburu gisa. Eta memoria «inklusiboa, kritikoa eta etikoa» eraikitzea ere adostu dute.

Bi alderdiek konpromisoa hartu dute, halaber, autogobernua «zabaltzeko eta hobetzeko». Horretarako, Gernikako Estatutua osorik betetzea eta legealdi honetan beste estatutu bat adostea hitzartu dute, Eusko Legebiltzarrean «ahalik eta adostasun politiko handiena izanik» eta «indarrean dagoen legeriaren esparruan». Ontzat jo dute XI. legealdian autogobernu lantaldeak egindako lanak abiapuntu gisa hartzea, eta zehaztu dute elkarren arteko «leialtasunari» eutsiko diotela.

Gehiengo osoa

Poza adierazi dute bi alderdietako buruzagiek akordioaren harira, eta nabarmendu dute hitzarmenari esker gobernuak gehiengo osoa izango duela. «Itun honi esker, Imanol Pradales lehendakari izendatuko da, Eusko Jaurlaritza indartsu bat eratuko da, eta gobernu programa sendoa izango du», azpimarratu du Ortuzarrek. Anduezaren hitzetan ere, akordioa «garrantzi handikoa» da, eta «egonkortasuna» emango dio Eusko Jaurlaritza berriari: «Asmo handiko akordioa da, Euskadi hobe eta modernoago bat sortzen lagunduko duena».

Bi buruzagiek adierazi dute ituna oposizioari irekita dagoela, eta alderdiei dei egin diete programa «modu positiboan eta eraikitzailean» irakur dezaten, legealdiak iraun bitartean akordio zabalak lortzeko. Anduezak, hala ere, gogorarazi die «eskuzabal» jokatuko dutela eta «akordioak egiteko borondatea» badutela, baina erabakiak hartzea jeltzaleei eta sozialistei dagokiela: «Ez gaitezen engainatu: bi alderdion bide orria da, gu bioi dagokigu herri honen lidergoa, eta lan horri ekingo diogu».

«Bi alderdion bide orria da, gu bioi dagokigu herri honen lidergoa, eta lan horri ekingo diogu»

ENEKO ANDUEZA PSE-EEren idazkari nagusia

Alderdi Sozialistako idazkari nagusiak adierazi du hitzarmenak ildo «nabarmen aurrerakoia» duela, eta kanpainan hizpide izandakoak jasotzen dituela: «Zerbitzu publikoak babesteko, desberdintasunei aurre egiteko eta Euskadi justuago bat eraikitzeko osatu dugu». Jeltzaleen buruzagiak bere egin ditu Anduezaren hitzak; nabarmendu du «asmo handiko» programa bat dela, ongizate handiagoa lortzea helburu duena, eta zerbitzu publikoak babestuko dituela: «Euskadi eta euskal autogobernua dagokien tokian jarriko ditu».

Desadostasunik ez

Bi buruzagiek nabarmendu dute negoziazioak «nahiko errazak» izan direla, eta ahalegina egin dutela desadostasunak alboratu eta bat egiten duten gaietan sakontzeko. «Ez da desadostasunik hitzartu», azpimarratu du Ortuzarrek, kazetariek hizpidera ekarri dituztenean bi alderdiek estatutuari buruz eta Espainiako etxebizitza legeari buruz dituzten kontrako jarrerak. Izan ere, aurreko bi legealdietako gobernu akordioetan izenpetuta geratu ziren autogobernuaren arloan bi alderdien artean zeuden desadostasunak.

Oraingo honetan, ordea, ez dute halakorik egin. Adierazi dute  «tartea» badagoela alderdi bakoitzak bere jarrerari eusteko, eta zera gaineratu: beren «jarrera historikoei» eusten dietela, eta «akordio zabal bat» lortzeko borondatea dutela. «Ituna argia da alde horretatik», esan du Ortuzarrek. Argi utzi dute, hori bai, adostasuna legebiltzarrean lortu behar dela lehenik. Horretarako, aurreko legealdietan hitzartutako oinarriak balekoak direla uste du Anduezak: «Abiapuntu ona da».

«Estatutuari buruz ditugun jarrera historikoei eusten zaie akordioan»

ANDONI ORTUZAR EAJren EBBko lehendakaria

Jaurlaritza berriaren egitura «oso ongi bideratua» dutela esan dute, baina ez dute  aurreratu nahi izan ez sailburuen izenik ez sailen kopuruari buruzko informaziorik. Anduezak aitortu du, dena den, berak aukeratu dituela Pradales buru izango duen gobernuan sozialisten esku egongo diren sailen arduradunak: «Horregatik eta horretarako geratu naiz Eusko Jaurlaritzatik kanpo».

Gobernantza eredua

Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkide eta Sortuko idazkari nagusia Herri Irratian izan da gaur, hala nola hastear den legealdiaz aritzeko. Esan du akordio zabalak egotea espero duela, uste baitu gizarteak beste gobernantza eredu batzuk nahi dituela: «EAJk eta PSE-EEk sailen banaketa lehenesten dute herri proiektuaren aurretik. Norbaitek defendatu beharko du herri mandatua: Pello Otxandianok egingo du».

«Tresna berriak behar ditugu dauzkagun erronka kolosalei aurre egiteko; horregatik abiatu behar da estatutuari buruzko eztabaida lehenbailehen» ARKAITZ RODRIGUEZEH Bilduko legebiltzarkidea

Rodriguez izango da EH Bilduren ordezkaria estatutuari buruzko Eusko Legebiltzarreko lantaldean, eta gai hori lehentasunezkoa dela esan du: «Tresna berriak behar ditugu dauzkagun erronka kolosalei aurre egiteko; horregatik abiatu behar da eztabaida lehenbailehen».

INBESTIDURA SAIOA

  • 09:30. Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak eta Imanol Pradales EAJrenak gobernurako proposamenak aletuko dituzte. Bakoitzak 90 minutu izango ditu. 
  • 12:30. Etena.
  • 14:30. Alderdien txanda izango da, txikienetik handienera. Gero, lehendakarigaiek erantzuteko aukera izango dute. Alderdiek hartuko dute berriz hitza, eta iluntzerako eztabaida bukatu eta lehendakariaren bozketa egitea aurreikusten da. EAJk gehiengo osoa duenez PSE-EErekin batera, Pradales lehen bozketan hautatuko dute Eusko Jaurlaritzarako lehendakari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.