Jaurlaritzak bukatutzat jo du EH Bildurekin aurrekontuen inguruan duen negoziazioa

EH Bilduk ez du onartu Ogasun Sailaren azken proposamena, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak iragarri duenez. Koalizio abertzaleak salatu du Jaurlaritzak ez duela «borondaterik izan akordioa egiteko».

(ID_14447729) ESPAÑA PRESUPUESTOS VASCOS
EH Bilduko buruak, aurrekontuei buruzko bilera bati buruzko azalpenak ematen. L. RICO / EFE
xabier martin
2024ko abenduaren 12a
09:10
Entzun

Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— eta EH Bilduk ez dute akordiorik lortu Gasteizko gobernuaren 2025eko aurrekontu proiektuaren inguruan. Negoziazioan murgildurik egon dira gaur arte, baina koalizio abertzaleak ez du onartu Ogasun Sailak eskainitako azken proposamena, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Euskadi Irratian iragarri duenez, eta, hortaz, gobernuak bukatutzat jo du koalizioarekin egin duen negoziazio prozesua. Gobernuaren iragarpenaren ondorioa da EAJk eta PSEk euren gehiengoa baliatuko dutela Eusko Legebiltzarrean abenduaren 20ko osoko bilkuran, hartara aurrekontuak euren kabuz onartzeko, oposizioko taldeen babesik gabe.

Lanbide arteko gutxieneko soldata bat sortzea eta etxebizitzarako bitarteko gehiago eskatzea izan dira negoziazioaren ardatzak azken egunetan. Atzo gauean, Ogasun sailburu Noel D'Anjouk bere azken eskaintza igorri zion EH Bilduri, eta bertan ez dira onartzen koalizioaren eskaera gehienak. Hau da, EH Bilduren zuzenketa gehienak baztertu egin ditu Ogasun Sailak. Etxebizitzarako 90 milioi euroko bitartekoak eskatu ditu koalizio subiranistak, bere lehen eskaria nabarmen apalduta, eta 16 baino ez ditu eskaini Jaurlaritzak. Kopuru hori 100 milioira igotzeko aukera ere jasotzen du Ogasun Sailak, baina legealdi osoa kontuan hartuta. Diru hori merkatu librera aterako diren etxebizitzak erosi eta babes ofizialeko gisa merkaturatzeko eskatu du EH Bilduk.

Gaurko aurrekontuen batzordean, zuzenketa horiek eta gainontzeko taldeenak onartu ala baztertu egin dituzte, eta EAJk eta PSEk ez dituzte onartu EH Bilduren zuzenketak. Aitzitik, koalizioak abstentziora jo du EAJren eta PSEren zuzenketetan, baita Sumarrek proposatutakoetan ere. Batzordean ikusitakoak iradoki dezake EH Bilduk, beharbada, abstentziora jo dezakeela aurrekontu proiektuaren bozketan, hilaren 20ean.

Otxandiano: «Aukerak daude oraindik»

Koalizoko eledun Pello Otxandianok kazetariei esan die atzo 19:30ean igorri ziela bere azken eskaintza Jaurlaritzak, eta gaurko 07:30 arte ezarri zuela erantzun bat emateko epemuga. Hala ere, ziurtatu du hilaren 20ra arte, «oraindik aukerak» daudela itun bat erdiesteko aurrekontuen inguruan. Gaurko batzordean, EAJk eta PSEk koalizioaren zuzenketak baztertu ondoren, ordea, benetan zaila ematen du halakorik gertatzea. EH Bilduren lanbide arteko gutxieneko soldataren eskaera ere ez du onartu Ogasun Sailak, argudiatuta ez dela gobernuaren eskumenen arteko edukia.

Hala ere, Otxandianok azaldu du EH Bilduk bere zuzenketak gordeko dituela, «ea aukerarik dagoen» ikusteko hilaren 20ra arte. «Teknikoki» aukerak daukela erantsi du, zuzenketa horiek transakzionatu ei daitezkeelako. Doiketak egin beharko litezkeela onartu du, baina etxebizitzaren alorrean ez du aurreikusten inolako aukera akordiorako. Lanbide arteko gutxieneko soldataren gaian, ordea, bai, sindikatuen eta patronalaren arteko akordio bat bultzatu daitekeelako, haren arabera, eskumenen oztopoa gaindituta.

Edonola ere, Otxandianok salatu du Jaurlaritzak ez duela «borondaterik izan akordio batera iristeko». Uste du «begi bistakoa» dela aurreko urtean gobernuak izan zuen jarrera oso bestelakoa izan zela. «Gu gure eskaerak apaltzeko prest egon gara», adierazi du, eta gaineratu gobernuak ez duela ahalegin hori. Azkenerako, «errelato gerra bat» egon dela txarretsi du, «aulkitik azkena altxatzen nor den ikusteko».

D'Anjou Ogasun sailburuak, berriz, berretsi du amaitutzat jo dituela negoziazioak, hura ez, baina Zupiria Segurtasun sailburuak iragarri ondoren albiste hori. Esan du «azken egunera arte» saiatu direla bide guztietan, baina ez dela posible izan babes gehiago lortzea aurrekontuentzat. Hala ere, ziurtatu du «Euskadik aurrekontu zorrotz eta arduratsuak» izango dituela, EAJri eta PSEri esker.

Halaber, esplikatu du EH Bilduk soilik bi gaitan egin duela azpimarra: etxebizitzan eta lanbide arteko gutxieneko soldatan. Jaurlaritzak «akordio zabalagoa» nahi zuen, haren arabera. Onartu du gutxieneko soldataren edukian «gertu» zeudela aldeak, baina esan du koalizioak ez duela «ezagutzen Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren funtzionamendua». Gutxiengo sindikalak --CCOO eta UGT-- hartzen ditu erabakiak patronalarekin eta gobernuarekin batera mahai horretan, ELA eta LAB sindikatu abertzaleak ez daudenez han.

Etxebizitzari buruz, berretsi du 16 milioi baizik ez dituela eskaini babes ofizialeko etxe gehiago merkaturatzeko, 100 milioi legealdi guztirako. Kopuru horiek oso urrun daude EH Bilduren eskaeratik.

Negoziazio prozesu luzea

Asteartean, Eusko Legebiltzarrak atzera bota zituen PPk, Sumarrek eta Voxek Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei jarritako osoko zuzenketak, eta EH Bilduk negoziatzen jarraitzeko bidea zabalik uzten zuelako mezua helarazi zuen. Aurrekontuen behin betiko bozketa hilaren 20an izango da, baina Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren lehen aurrekontuak ez dira kolokan egon inoiz ere, EAJren eta PSE-EEren artean gehiengoa baitute ganberan.

«Gure abstentzioak bidea eman nahi du funtsezko akordioetara iristeko bi gai oso garrantzitsutan: etxebizitzan eta gutxieneko soldatan. EH Bildu mugitu egin da eztabaida honetan; orain, gobernuari tokatzen zaio». EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaile Otxandianok adierazi zuen koalizio subiranistaren eta gobernuaren arteko negoziazioa azken horren esku zegoela. Halaber, Jaurlaritzako Ogasun Sailburu Noel D’Anjouk adierazi zuen negoziazio horietan aurrerapausoak eman zituztela: «Bi aldeen jarrerak eta esfortzuak fruituak eman ditu».

Jaurlaritzak urriaren 25ean aurkeztu zuen 2025eko aurrekontu proiektua. Pradales lehendakariak azaldu zuen zerbitzu publikoak «indartzea» eta industriari bultzada ematea duela helburu. 5.728 milioi euroko aurrekontu proiektua dute mahai gainean, iaz baino 703 milioi gehiagokoa (+%4,7). Osasun Sailak 5.000 milioi baino gehiago izango ditu gastatzeko; horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar bakoitzeko osasun gastua 2.300 eurotik gorakoa izango da aurrenekoz.

D'Anjou sailburuak proiektua aurkeztu eta negoziazioak abiatu zituen oposizioko taldeekin. Baina, lehen bileren ostean, PPrekin eta Sumarrekin izandako elkarrizketek ez zuten fruiturik eman. Sumarrek 755 milioi euroren zuzenketak aurkeztu zituen, eta, gero, osoko zuzenketa iragarri, baita PPk ere; biak ere baztertu egin zituzten joan den asteartean, Gasteizko ganberan, eta, beraz, EH Bildu bihurtu zen gobernuarekin akordioa egiteko aukera zuen oposizioko talde bakarra; hain justu, ganberako legebiltzarkide gehien dituena, EAJren pare (27).

Gutxieneko soldata

Koalizio subiranistak proposamen bat jarri zuen Ogasun sailburuaren mahai gainean azaroaren erdialdera; urrian Jaurlaritzarako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietarako proposamen bateratu bat egitearen alde egin zuen, baina Jaurlaritzaren aurrekontuetara mugatu zen gero. 350 milioi euroren aldaketak proposatu zituen etxebizitza, zaintza eta lan arloetan. Aurrez jakinarazi zuten Osakidetzari dagozkionak Osasun Itunean jorratuko dituztela.

Negoziazioak aurrera egin ahala, EH Bilduren eskaeren artean, etxebizitza arlokoa eta lanbide arteko gutxieneko soldatarena izan dira nagusi. Etxebizitza politikaren esparruan egin zituen koalizioak eskaera ekonomikorik handienak; izan ere, aurrekontuek jasotzen dituzten 15.728 milioi euroren %2,2 aldatzea eskatzen du 2.300 etxebizitza baino gehiago erosteak, gero babes ofizialeko etxe gisa eskaintzeko. Hala ere, azkenean 90 milioira jaitsi du proposamena EH Bilduk, baina hori ere ez du onartu Jaurlaritzak.

EH Bilduk bere «eskaintza eskuzabalaren pareko erantzuna» eskatu dio azken egunetan Ogasun Sailari, eta, asteartean, D'Anjou sailburuak esan zuen EH Bildu gobernuaren jarreratik «oso urrun» zegoela hasieran, baina «gerturatu» egin zela azken egunetan. «Hori egin du jarrera maximalistak alde batera utzi dituelako», erantsi zuen. Gaurko batzorderako zuzenketa partzialak adosten saiatzen ari zirela ere jakinarazi zuen. Hitz egiten segituko zutela azpimarratu zuen, «aurrekontu proiektua hobetuko duen akordio bat» erdiesteko asmoz. Baina, azkenerako, negoziazio horrek ez du fruiturik eman.

Bien bitartean, EH Bilduk aurrekontu proiektuaren inguruko akordioa iragarri zuen aste hasieran Arabako Foru Aldundian. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren gobernuak PPren edo EH Bilduren babesa behar zuen, EAJ eta PSE-EE gutxiengoan gobernatzen ari baitira. Beste hainbeste gertatzen zaie bi alderdi horiei Gasteizko Udalean, eta EH Bilduk adierazi du prest dagoela Gasteizen ere akordioa egiteko. Koalizioak irabazi zituen udal hauteskundeak Gasteizen, baina Maider Etxebarria sozialista da alkatea, EAJren eta PPren babesari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.