Elkarrizketak, akordioak, eta, batez ere, erantzukizuna bertzeari ematea. Horiek definitu dute joan den apirilaren 21eko hauteskundeen biharamuna, eta ondoko hiru asteak. Alderdi bakar batek ere ez du gehiengo osorik lortu, eta, beraz, negoziazioak ezinbertzekoak ziren gobernua osatzeko. Bada, jeltzaleek laster abiatu zituzten elkarrizketak, PSE-EErekin behintzat. Izan ere, Pello Otxandiano koalizio subiranistako buruak behin baino gehiagotan errepikatu du ez duela Imanol Pradalesen (EAJ) deirik jaso. Hortaz, atzo iragarri zuen berak aurrea hartuko duela eta jeltzaleei nahiz sozialistei deitu eginen diela. Gaur iritsi dira horien erantzunak, eta bi taldeek argi erran dute orain arteko negoziazioekin jarraituko dutela. Ordea, EAJk zehaztu du ez duela baztertzen aurrerago bertze alderdiekin itunak egitea.
EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu ditu aurtengo bozetan; orain arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehenbiziko indarra izan den EAJren eserleku kopuru bera eskuratu arte: 27. Hortaz, koalizio subiranistarendako «demokrazia parlamentarioaren oinarrizko formak zaindu» behar zituen Pradalesek, eta alderdi guztiekin harremanetan jarri. Gertatu ez denez, Otxandianok hartu du aurrea, haren hitzetan, Eusko Legebiltzarrean «gehiengo abertzale subiranista» dagoelako, eta oinarri horren gainean eraiki behar delako «indar politiko nagusien arteko elkarrizketa».
Bada, Anduezak eta Joseba Diez Antxustegi EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi dute oraindik ez dutela Otxandianoren berririk izan. Laster deia jasotzen badute ere, sozialistak argitu du beren lehentasuna jeltzaleekin egiten ari diren negoziazioak direla, eta bilkura horiek «presarik gabe» egiten ari direla, «gauzak ondo egin behar direlako».
Bateraezintasunen Batzordea eratzeko osoko bilkura dute gaur legebiltzarrean, eta bertara sartu baino lehen egin ditu adierazpenak Anduezak: «Kontua ez da korrika egitea, baizik eta gauza ondo egitea».
Diez Antxustegik ere bide beretik egin ditu adierazpenak, eta «ez despistatzeko» erran. Sozialistekin gobernu «egonkorra» eraikitzen jarraituko dute, jeltzalearen arabera, baina ez dute baztertzen bertze taldeekin itunak sinatzea, tartean EH Bildurekin. «Politika egiteko gure modua denekin hitz egitea da, gai asko negoziatzen saiatzea, herri honek dituen erronkak ezin baitira bi alderdiren babesarekin bakarrik aurrera atera», zehaztu du.
Radio Euskadin egin diote elkarrizketa eta onartu du akordioak «zabalak» izan behar direla: «Akordioak egiteko eskua luzatuko diegu alderdi guztiei, eta baita EH Bilduri ere, errespetu handia diogulako eta hauteskundeetan emaitza bikaina izan duela aitortzen diogulako».
Otxandiano ez da jeltzaleen eta sozialisten arteko elkarrizketez mintzatu den bakarra. Izan ere, Nerea Kortajarena koalizio subiranistaren bozeramaileak aste honetan erran du legebiltzarreko Mahaiaren eserlekuak «isilpeko negoziazioen bidez» banatu dituztela: EAJk lehendakariaren eta lehen idazkariaren eserlekuak hartu ditu, PSE-EEk lehen presidenteordearena, eta EH Bilduri bigarren lehendakariarena eta idazkariarena eman dizkiote. Kortajarenaren adierazpenei erantzun zien atzo Denis Itxaso legebiltzarkide sozialistak, eta gaur Diez Antxustegik. Jeltzaleak erran du eserlekuak «herritarren borondatearen arabera» banatu zituztela, eta oso ontzat du Mahaiaren antolaketa.
Autogobernua
Etorkizuneko erronkei buruz ere mintzatu da Diez Antxustegi, eta autogobernuan jarri du arreta. «Oso eredu argia dugu, hau da, euskal autogobernuaren berezitasuna defendatzea eta euskal gizartearen aniztasuna aitortzea», zehaztu du.
Izan ere, gogoratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren herritar guztiek ez dutela ideologia bakarra, eta, beraz, ideologia «aniztasun» hori islatu behar dela itun berrian. «Uste dut dauden adostasunak zabaldu behar direla, baina, jakina, joan den egunean Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak inbestidura hitzaldian esan zuen bezala, autogobernua berritzearen alde egin behar dugu, eta, hori baino lehen, Gernikako Estatutua behingoz betetzea eskatu behar dugu, hainbeste urte daramatzalako bete gabe», borobildu du.