Palestinako gatazka

Pintaketak egin dituzte EAJren eta PSE-EEren egoitzetan, «Israelekin duten konplizitatea» gaitzesteko

Leporatu diete «hipokrisia» dela Palestinaren alde mobilizatzeko egin duten deia.

PSE-EEren egoitza Uribe Kostan, gaur goizean. BERRIA
PSE-EEren Uribe Kostako egoitza, gaur goizean. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2024ko urriaren 20a
14:00
Entzun

«Sionismoaren konplize, Palestina askatu!». Hori diote bart gauean EAJren eta PSE-EEren zenbait egoitzatan agertu diren pintaketek eta eskuorriek. Israelen konplize izatea egotzi diete bi alderdiei, eta Palestinaren alde mobilizatzeko egin duten deia «hipokrisia» dela salatu dute.

Gernika-Palestina plataformak astelehenean herri guztietan egingo dituen elkarretaratzeen bezperan agertu dira salaketak. Mobilizazio horiekin bat egin dute EAJk eta PSE-EEk.

«Palestinarekiko elkartasunarekin batera, ezinbestekoa da Israelekin eta sionismoarekin konplizitateak dituzten alderdi politikoak seinalatzea. Horienganako presioa handitzeko garaia da. Ez diezaiegun aurpegia garbitu!», diote pintaketen inguruan botatako eskuorriek.

EAJren egoitza bat, gaur goizean. BERRIA
EAJren egoitza bat, gaur goizean. BERRIA

Salatzaileek azaldu dute zergatik aurpegiratzen dieten hori. Eusko Jaurlaritzari, zehazki, leporatu diote Israelekin harreman diplomatikoak izatea, «okupatutako lurraldeak lotzeko trenak egiten ari den» CAF enpresako akziodun izatea, eta Ertzaintza Israelen trebatzea eta zaintzarako teknologia hango enpresei erostea. Ertzaintzak Israelgo institutu, unibertsitate eta segurtasun enpresekin dituen harremanak zerrendatu dituzte.

Bizkaiko Foru Aldundiak Shin Bet zerbitzu sekretuekin hitzarmen bat sinatu duela ere salatu dute. 

Harremanak eten

PSE-EEri dagokionez, gogora ekarri dituzte Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aurtengo maiatzean esandakoak: «Israel herrialde laguna da, eta ahalik eta harremanik onena izan nahi dugu harekin».

Besteak beste, arbuiatu egin dute Madrilek iaz Israeldik suziriak inportatzeko sinatu zuen 285 milioi euroko akordioa, eta gogorarazi dute Espainia dela EB Europako Batasunetik Israelera gehien esportatzen duten herrialdeetako bat. «2023ko azaroan, Israelek EBtik inportatu zuenaren %57 Espainiatik inportatu zuen», gehitu dute. 

Horregatik guztiagatik, EAJri eta PSE-EEri eskatu diete Israelekin dituzten harreman guztiak eteteko. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.