Hezkuntza

EAJk eta PSE-EEk hezkuntza eredu eleaniztuna hobetsi dute

EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztu dituzte Hezkuntza Itunerako zirriborroaren zuzenketak. Euskara eta euskal kulturaren transmisioa aipatzen zuten artikuluak egokitu dituzte gehien, eskola publikoaren bultzadarekin batera.

Jose Antonio Pastor (PSE-EE) eta Leixuri Arrizabalaga (EAJ), zuzenketak erregistratzen. RAUL BOGAJO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2022ko martxoaren 4a
13:55
Entzun

Euskara lehenetsi ordez «bultzatzearen» eta hezkuntzarako eredu eleaniztuna sustatzearen alde egin dute EAJk eta PSE-EEk batera aurkeztu dituzten Hezkuntza Itunerako zuzenketetan. Urardotu egin dute datorren hezkuntza legerako oinarriak jarri nahi dituen itunari buruz berez lausoa zen testua. Honatx aurkeztu dituzten 42 zuzenketako batzuek alde horretatik zerdioten.

22. zuzenketan, lehendik zegoen hau hartu dute: «Ikasle guztiek gaitasun komunikatiboa izatea ofizialak diren bi hizkuntzetan, egoera errealera egokituta, ikastetxeak euskararen arnasgune izan daitezen. Euskararen erabilera errazten duten neurriak kontuan hartuko dira, hala nola ikastetxeko hizkuntza-proiektua, eskola komunitatearen motibazioa suspertzea edota ikasleen arteko euskarazko harremana indartzea». Eta honekin ordezkatzea adostu dute EAJk eta PSE-EEk: «Ikasle guztiek gaitasun komunikatiboa izatea ofizialak diren bi hizkuntzetan, egoera errealera egokituta. Euskararen erabilera errazteko, eskola-komunitatea motibatzeko eta ikasleen arteko harremanetan euskararen erabilera indartzeko neurriak hartuko dira». Ezabatu egin da, beraz, «eskolak arnasgune izatea», besteak beste.

23. zuzenketak ere ñabartzen du. Hau zioen lekuan: «Ikasleen hizkuntza gaitasunak hobetzeko». Hau esatea hobetsi dute: «Ikasleen gaitasun guztiak hobetzeko». Hizkuntza kendu dute, beraz.

25. zuzenketan ere euskarari egite dio aipamena. Hau zioen lekuan: «Euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztuna da, eta bi hizkuntza ofizial eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez egituratzen da». Hau zuzendu dute: «Legeak hezkuntza eleaniztunaren eta kulturen arteko hezkuntzaren alde egingo du, hizkuntza- eta kultura-kontzientzia zabala sustatzeko, bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez artikulatua...». Desagertu egin da euskara.

31. zuzenketak ere bide beretik egiten du. Lehen, hau zegoen: «Euskal Hezkuntza Sistemaren baitan euskara lehenetsiko da jarduera harremanetan zein profesionaletan, bai eta ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez formaletan ere. Irakasleria hizkuntzen irakaskuntzaren metodologietan formatzen jarraitzea aurreikusten du legeak, baita euskal kulturaren transmisio eraginkorrerako beharrezko den gaikuntza izateko ere». Horren ordez, zera adostu dute EAJk eta PSE-EEk: «Euskal Hezkuntza Sistemaren baitan, euskararen erabilera bultzatuko da jarduera harremanetan eta profesionalen arteko harremanetan, baita ikasleen eta irakasleen arteko harreman formaletan eta ez formaletan ere. Irakasleen prestakuntzak hizkuntzen eta euskal kulturaren irakaskuntzako metodologiak hobetzea izango du helburu». Euskara lehenetsi ordez, «bultzatu» egin behar dela diote, eta ezabatu dute «euskal kulturaren transmisio eraginkorrerako beharrezko den gaikuntza izateko formakuntzak jarraitzea ere».

Euskarazko eredu bakarra eta orokortua eskatua zuten hezkuntza eragile nagusiek. EAJk eta PSE-EEk hezkuntza akordiorako adostu dituzten zuzenketak ez doaz bide horretan. Eusko Jaurlaritzak berak 2017-2019 tartean egindako ikerketan azaleratu zuen D ereduak ere ikasleak euskalduntzeko zailtasunak zituen arren hura zela ikasleak euskarazko maila bermatzetik gertuen zegoena –sare publikoko D ereduan, %41ek ez zuten lotzen DBH2n gutxieneko euskara maila, eta itunpekoan, %30ek–.

Eskola publikoaren aldeko aipamenetan ere egin dute azpimarra zuzenketetan. Besteak beste, 6. zuzenketan paragrafo bat gehitzea adostu dute, hau esateko: «Sistema horretako protagonismoa euskal eskola publikoari dagokio, oinarrizko erreferentzia baita ikasle guztientzako sarbide unibertsala bermatzen duena eta inplikatutako gizarte-sektore guztien parte-hartzea sustatzen duena»

8. zuzenketan, itunpekoei egiten diete aipamena: «Ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleen onarpena arautuko da, hezkuntzarako eta sarbiderako eskubidea berdintasun-baldintzetan bermatzeko. Erregulazio horretan, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik bereiztea saihesteko beharrezko neurriak ezarriko dira». Berariaz eskatzen du zuzenketa horrek arautzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.