PSE-EEk eta EAJk gobernu ituna adostu dute Irungo Udalean. Sozialistak gutxiengoan ari ziren gobernatzen 2023tik, eta, horren ondorioz, udal gobernu taldeak ezin izan ditu aurrera atera zenbait proiektu; besteak beste, 2025eko aurrekontuak. EAJ udal gobernuan sartuta, egonkortasun handiagoa lortuko du Cristina Laborda alkateak. Aurrekontuak ostiralean onartuko dituzte.
Gaur bertan aurkeztu dute akordioa bi alderdiek, udaletxean. Agerraldian izan dira, Laborda alkateaz gain, Nuria Alzaga alkateordea, EAJren Uri Buru Batzarreko presidente Jasone Ugarte eta alderdi jeltzaleak Irungo Udalean duen bozeramaile Gorka Alvarez. EAJ udal gobernura sartuko da hiru kide eta erdirekin.
Itun horren bidez, EAJ Irungo udal gobernura itzuliko da sei urteren buruan. Izan ere, bi alderdien elkarlana hautsi egin zen 2018. urtean: garai hartan alkate zenak, Jose Antonio Santanok, Hirigintza eta Etxebizitza alorreko arduradun postutik kendu zuen Xabier Iridoi bozeramaile jeltzalea, eta ordutik, oposizioan izan da EAJ. Aurreko agintaldian, PSE-EEk ituna sinatu zuen Elkarrekin Podemosekin, eta, 2023ko hauteskundeez geroztik, sozialistek bakarka gobernatu dute udala.
PSE-EEk eta EAJk iazko abuztuan abiatu zituzten Irungo Udalean koalizio gobernua osatzeko negoziazioak. PSE-EEk 10 zinegotzi ditu udalbatzan, EAJk 7, EH Bilduk 4, eta EPk eta PPk bina.
EAJ-PSE-EEk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeetarako egindako akordioa gobernatzen duten erakunde guztietan beteko da horrenbestez, Irungo Udala baitzen erakunde bakarra bietako batek irabazi eta bestearekin gobernatzen ez zuena.