EAJk eta PSE-EEk gobernu aurreakordioa berretsi dute

EAJren Aberri Batzarrak aho batez babestu du ituna, eta PSEko oinarrien %96k eman diote babesa akordioari. Kortajarenak salatu du inbestidura saioa «tramite huts» bihurtu nahi dutela EAJk eta PSE-EEk.

EAJren Aberri Batzarra Sabin Etxean bildu da gaur, ezohiko bileran. LUIS TEJIDO / EFE
EAJren Aberri Batzarra Sabin Etxean bildu da gaur, ezohiko bileran. LUIS TEJIDO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko ekainaren 17a
13:30
Entzun

EAJk eta PSE-EEk berretsi egin dute Eusko Jaurlaritza eratzeko bi alderdietako talde negoziatzaileek egin duten gobernu aurreakordioa. EAJk ezohiko Aberri Batzarra egin du gaur Sabin Etxean, Bilbon, eta aho batez onartu du ituna. PSE-EEk 13an ireki zion militantziari aurreakordioa bozkatzeko aukera, telematikoki, eta gaur itxi dute, aurrez aurre bozkatzeko aukera emanda. Ez da ezustekorik egon, eta militanteen %96,18k onartu du akordioa —oinarrien %72k bozkatu dute—. Apirilaren 21eko bozetan 27na eserlekurekin berdindu zuten EAJk eta EH Bilduk. Baina, EAJk PSE-EEren babesa baldin badu gobernua osatzeko, azken legealdietan egin duten moduan, koalizio gobernua berrituko dute.

Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak gaur eman du gobernu aurreakordioari buruzko botoa. Adierazi du sentitzen duela jelkideekin egin duten akordioak «islatu eta ordezkatu» egiten duela. «Uste dut zuzenean lotzen dela sozialistek hauteskundeetara aurkeztu genituen oinarriekin, eta horiek dira herritarrak gehien kezkatzen dituzten auziak. Hala nola osasuna, hezkuntza, etxebizitza, enplegua, zaintza eredua, erronka demografikoa eta gazteentzako aukerak».

Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusia. PSE-EE
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusia, gaur, botoa ematen. PSE-EE

Iragan astelehen iluntzean argitara eman zuten gobernu aurreakordioan, proposamen orokorrak agertzen dira gai horien inguruan, zehaztasun handirik gabe. Ikusteko dago gobernua nola eratuko den, zenbat sail izango dituen eta sail bakoitza zer alderdiren esku geratuko den. Anduezak azaldu duenez, aste honetan adosten ari dira hori, baina sozialisten pisua handiagoa izango da, duela lau urte baino babes zabalagoa lortu baitute hauteskundeetan.

Pradalesek ere baieztatu du ixtear dituztela negoziazioak, eta «bide onetik» doazela. «Lan eta lan gabiltza, eta hurrengo egunak oso garrantzitsuak izango dira azkenengo kontuak erabakitzeko», adierazi du. Inbestidurarako gogotsu eta pozik dagoela nabarmendu du EAJren lehendakarigaiak. 

Aberri Batzarrak Europako Parlamenturako hauteskundeetako emaitzei buruzko gogoeta ere egin du bilkuran. Hauteskunde gauean bertan egin ziren adierazpenen ildotik, jeltzaleen zuzendaritzak hausnarketa «gazi-gozoa» berretsi du. Gozoa, orain arte zuten ordezkaritzari eustea lortu dutelako; eta gazia, Hego Euskal Herrian lortutako boto kopurua «espero zen baino nabarmen txikiagoa» izan delako.

Bi hautagai

Lehendakariaren inbestidura saioa ostegunean izango da, Eusko Legebiltzarrean. Bi hautagai aurkeztuko dira lehendakaritzarako: Imanol Pradales EAJren izenean, eta Pello Otxandiano EH Bildurenean. EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu aurreakordioa plazaratua zela jakinarazi zuen Otxandianok inbestidurara aurkeztuko zela. Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarkideak inbestidura saioaren garrantzia azpimarratu du gaur: «Zita garrantzitsua da ostegunekoa. Legegintzaldiko garrantzitsuena da. Baina herritarrek urrun ikusten dute saioa, aspaldi izan baitzen apirilaren 21ekoa. EAJk eta PSEk tramite huts bihurtu nahi dute osoko bilkura».

Kortajarenak, ETB1en egin dioten elkarrizketan, defendatu egin du Otxandiano Eusko Jaurlaritzaren lehendakarigai izateko aurkeztea. «Erantzukizunagatik eta arduragatik aurkeztuko dugu Pello Otxandianoren hautagaitza. Zazpi aste pasatu dira hauteskundeetatik, baina elkarrizketa sortarako tarterik ere ez da izan. Elkarguneak identifikatzeari muzin egiten zaio. Gainera, aurkeztu duten aurreakordioa orokorkeriaz beteta dago. Oso nabaria da diagnostikoa eta herri proiektua falta dela. Gauzak aldatu dira. 27 legebiltzarkide gara, eta lehen indarrarekin berdinduta daude», gogoratu duenez. Orain artekoak ikusita, uste du EAJren eta PSE-EEren helburu bakarra gobernua eratzea dela: «Pradalesen beraren berri ere ez dugu; ez dakigu zer uste duen Osakidetzako azken berriez edo etxebizitzaren arazoari nola aurre egin nahi dion. Lidergo falta nabaria da».

Aste honetan jakingo da, halaber, nola osatuko den Eusko Jaurlaritza berria. Izen dantza bolo-bolo dabilen arren, ez dago baieztapenik. Orain arte argitaratu denaren arabera, halere, sail nagusiak EAJren esku egongo dira aurrerantzean ere: Osasuna, Hezkuntza, Segurtasuna eta Kultura —hizkuntza politika—, besteak beste; eta PSE-EEren esku geratuko lirateke Enplegua, Garraioa, Turismoa eta Etxebizitza. Ikusteko dago aurreko Jaurlaritzak baino sail gehiago izango dituen datorren legealdikoak.

eusko jaurlaritza

  • Gaur. EAJk eta PSE-EEk egindako gobernu akordioa berretsiko dute; alderdi sozialistan, oinarriek, eta EAJn, Nazio Batzarrak. 
  • Asteazkenean. Bi alderdietako buruek, EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eta PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Anduezak, akordioa izenpetuko dute.
  • Ostegunean. Imanol Pradalesen inbestidura saioa egingo dute Eusko Legebiltzarrean. Ezusterik ezean, PSE-EEren babesarekin aterako da lehendakari, gehiengo osoz, lehen bozketan.
  • Larunbata. Pradalesek kargua hartuko du, Gernikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.