Euskalgintzan ezinegona eragiten ari da euskara eskakizunen —eta, horrenbestez, euskaldunen hizkuntza eskubideen— aurkako ekinbidea. Gaur, gaia eztabaidagai izan dute Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk mozio bat aurkeztu baitu, «euskaldunen hizkuntza eskubideekiko errespetu faltaren inguruan». Mozioak, baina, ez du babes nahikorik jaso, eta EAJk eta PSE-EEk adostutako osoko zuzenketa bat atera da aurrera. Bertan, besteak beste, zera eskatu diote administrazio publikoari: «beharrezko neurriak» har ditzala euskal herritarrek «Euskadiko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea» bermatzeko.
Lau puntu ditu onetsitako mozioak. Bertan, hizkuntza eskubideak bermatzea eta «hizkuntza bizikidetza normalizatu baterako bidean» aurrera egitea galdegin dute EAJk eta PSE-EEk, baina ez dituzte beren-beregi aipatu euskaldunen hizkuntza eskubideak, ezta euskararen egoera diglosikoa ere, besteak beste. Aspalditxoan, bereziki kezka eragin du administrazio publikora sartzeko euskara eskakizunak apaltzeko joerak. Horren harira, bi gobernukideek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «bere esku dauden lege mekanismo guztiak erabilita» sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko iaz onartutako dekretua defendatzeko, baita «euskararen erabilera sustatzeko politika publikoak garatzen jarraitzeko ere». Bere garaian euskalgintzaren kritika jaso zuen dekretuak. Euskalgintzaren Kontseiluak nabarmendu zuen ez zela euskararen normalizazioak behar zuen dekretua: «Ez die erantzuten euskararen normalizazioak egun dituen erronka, hutsune eta betebeharrei, ez du jauzi sendorako bokaziorik».
Horrez gainera, elkarlanerako deia egin dute EAJk eta PSE-EEk: «Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio hizkuntza eskubideen gaineko sentsibilizazioari buruzko ildoak eta proiektuak garatzen jarrai dezala Hiruko Itunaren bidez Nafarroako Gobernuarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin, baita Euskal Elkargoarekin elkarlana sustatzea ere». Halaber, Eusko Jaurlaritzari galdegin diote Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua indartzen jarraitzeko, baita Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin elkarlanean segitzeko ere.
EH Bildu testuarekin kritiko agertu da, eta Josu Aztiria legebiltzarkidea irmo mintzatu da hizkuntza eskubideen defentsan: «Hizkuntza eskubideak eskubide unibertsalak dira, herritar denonak, guztionak, eta ez dut ulertzen zergatik kendu den mozio honetatik». Koalizio abertzalearen proposamena puntuz puntu aletu du. Nabarmendu du proposamen «oso-oso xumeak, oso onargarriak» egin dituztela: hizkuntza eskubideen alorrean sentsibilizazioa areagotzea; euskalgintza sozialarekin eta Euskal Herriko gainontzeko erakundeekin elkarlana sustatzea, hizkuntza eskubideen alorrean gehiagorekin gehiago egiteko; eta aztertzea zein lege aldaketak egin beharko liratekeen, Espainiako araubidean eta Espainiako Estatuaren eskuduntza esklusiboak diren gaietan eleaniztasuna eta euskal herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko.
Azkenean, koalizio abertzalearen babesa baino ez du jaso proposamenak. «Niretzat, sorpresa izan zen, Euzko Alderdi Jeltzalearen eta PSEren mozioan lehen hiru puntuak aldatuta zeudela ikustea, Espainiako araubidea aztertzea ez zegoela, eta mozioarekin zerikusirik ez duen 19/2024 Dekretuaren babesa sartzen zela». Areago: «EAJren eta PSEren zuzenketan, hizkuntza eskubideen sentsibilizazioa areagotzea eta giza eskubide gisa tratatzearen ideia garrantzitsua kenduta daude, eta ez dut oso ondo ulertzen».
«EAJren eta PSEren zuzenketan, hizkuntza eskubideen sentsibilizazioa areagotzea eta giza eskubide gisa tratatzearen ideia garrantzitsua kenduta daude, eta ez dut oso ondo ulertzen»
JOSU AZTIRIAEH Bilduko legebiltzarkidea
EAJk eta PSE-EEk ere azaldu dute zergatik egin duten beren mozioaren alde. Gorka Alvarez EAJko legebiltzarkideak esan du euskararen arloan «asko» aurreratu dela azken hamarkadetan, baina, oraindik ere, egunero daudela «erronkak». Nabarmendu du euskaldunen eskubideak ezin direla urratu, eta, horrenbestez, beti egongo direla euskararen aurkako sententzien kontra. Gainera, aitortu du «gertu» izan dutela EH Bildurekin akordio bat egitea.
PSE-EEren izenean, berriz, Maider Lainez legebiltzarkidea mintzatu da. Bide bertsutik, euskaldun kopuruaren igoera nabarmendu du, baita euskarak irabazi dituen espazioak ere: «Gaur, inoiz baino hobeto gaude. Administrazioa inoiz baino elebidunagoa da, eta sekula baino prestatuago dago zerbitzua euskaraz emateko eta euskaraz lan egiteko». Nabarmendu du, halaber, euskararen normalizazioaren alde daudela.
«Gaur, inoiz baino hobeto gaude. Administrazioa inoiz baino elebidunagoa da, eta sekula baino prestatuago dago zerbitzua euskaraz emateko eta euskaraz lan egiteko»
MAIDER LAINEZPSE-EEko legebiltzarkidea
Atzo, EAJ eta EH Bildu elkarrekin
Azkenaldian zeresana eragin du gaiak. Atzo, bestelako ebazpen bat onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan; EH Bilduren eta EAJren babesa jaso zuen. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen aurkako sententziekin izan duen jardunbidea babestu zuten, eta zera eskatu zioten: lan egin dezala «hizkuntza politikan jauzi bat emateko behar diren tresna juridiko berrien garapenaren alde». PSE-EEk, berriz, aurka bozkatu zuen: «Hizkuntza eskubideak beti bermatzen dira, baina, gainera, lan eskubideak bermatu behar ditugu, aukera berdintasunean; horiek baitaude jokoan, lan eskubideak».
Zenbait sektoretan zabaltzen ari da hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak kontrajartzeko joera, eta tantaka-tantaka iristen dira euskara eskakizunen aurkako ebazpenak ere. Asteon bertan LABek salatu du Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi diela euskara eskakizunak apaltzeko asmoa duela; hots, lanpostuen erdietarako bakarrik ezarriko dutela derrigortasun data administrazio publikoan lanean hasteko.