EAJk eta PSE-EEk eserleku bana irabaziko lukete Eusko Legebiltzarrean, Soziometroaren arabera

EH Bilduk orain dituen 27 legebiltzarkideei eutsiko lieke. Sumar eta Vox legebiltzarretik kanpo geratuko lirateke.

Herritar bat, botoa ematen, Elgoibarren (Gipuzkoa). ARITZ LOIOLA / FOKU
Herritar bat, botoa ematen, Elgoibarren (Gipuzkoa). ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko azaroaren 15a
12:30
Entzun

Azken Soziometroaren emaitzak plazaratu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, horien arabera, orain Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo balituzte, gaur egun EAJren eta EH Bilduren artean dagoen berdinketa desegingo litzateke jeltzaleen mesedetan, EAJk beste legebiltzarkide bat gehiago lortu eta 28ra iritsiko bailitzateke. EH Bilduk orain dituen 27 eserlekuei eutsiko lieke, eta bigarren postuan geratuko litzateke.

PSE-EE da legebiltzarkide kopuruan gora egingo lukeen beste alderdia; hark ere eserleku bat gehiago irabaziko luke, eta hamahiru izango lituzke orotara. EAJk eta PSE-EEk irabazten dituzten eserlekuak Sumarrek eta Voxek galduko lituzkete; hortaz, bi alderdi horiek ordezkaritzarik gabe geratuko lirateke legebiltzarrean, gaur egun legebiltzarkide bana baitute. Inkestaren arabera, PPk zazpi legebiltzarkide lortuko lituzke, orain dauzkanak, eta Elkarrekin Podemos legebiltzarretik kanpo geratuko litzateke, orain arte bezala.

Soziometroak EAJri eta PSE-EEri aurreikusten dien gorakada Araban gertatuko litzateke; han bi alderdiek eserleku bana irabaziko lukete Sumarren eta Voxen kaltetan. Lurralde hartan, EH Bildu litzateke lehen indarra, botoen %29,4 eskuratuta, baina jeltzaleek eserleku kopuru bera eskuratuko lukete: zortzi.

Gainerako herrialdeetan, berriz, ez dago aldaketa handirik; EAJk jarraituko luke Bizkaiko lehen indarra izaten, 11 eserlekurekin, eta EH Bildu garaile izango litzateke Gipuzkoan, hura ere 11rekin. Egun duten eserleku kopuru bera da, bi lurralde horietan denek oraingo legebiltzarkide kopuruari eutsiko liokete eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.