EAJk eta PSE-EEk bide egin nahi diote adingabeak «ehiza laguntzaileak» izateari

EAEko Ehiza Legearen artikulu bat aldatzeko proposamena aurkeztu dute, ehizan armarik eta baimenik gabe parte hartu ahal izateko.

Ehiztariak, usoen zain, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ehiztariak, usoen zain, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko otsailaren 12a
15:30
Entzun

EAJk eta PSE-EEk ehiztari gehiago nahi dituzte. Gaur egungo ehiztariek segida izan dezatela. Gaur egungo ehiztarien seme-alabak ehiztari izan daitezela. Horretarako, EAEko 2011ko Ehiza Legearen aldaketa bultzatuko dute: ehizan parte hartzen duten baina armarik eramaten ez duten pertsonak, ehiza laguntzaileak, ehiza baimenik gabe aritzea onartuko dute.

Lege aldaketan ez dituzte propio aipatzen adingabeak edo ehiztarien seme-alabak, baina bi alderdietako ordezkariek onartu dute lege aldaketa bultzatzeko arrazoiak «ehiztarien belaunaldien erreleboa bermatzea» eta ehiztarien eskaerei erantzutea direla.  

EAJk eta PSE-EEk gaur goizean erregistratu dute lege aldaketarako proposamena Eusko Legebiltzarrean. Ehiza Legearen artikulu bat aldatu nahi dute: ehizaren definizioari buruzkoa, ehiza laguntzailea definitzeko eta arautzeko. Eskatu dute lege proposamena presaz eta irakurketa bakarreko prozeduraren bidez eztabaidatzeko.

«Ehiza zaletasun bat da; landa eremuari lotutako kirol jarduera bat; gizarte kohesioko elementu bat, batez ere landa ingurunean; bizi estilo bat; jarduera ekonomiko bat; eta funtsezkoa da ingurumena kontserbatzeko»

ARITZ ABAROAEAJko legebiltzarkidea

Bi alderdiek gogoratu dute iazko urrian Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu ziola neurriak har zitzala ehiztarien belaunaldien erreleboari bide emateko, ehizari lotutako parte hartzaile berriak definitzeko eta ehiza baimenak lortzeko erraztasunak emateko. 

Bi alderdiak kezkatuta daude, haien esanetan ehizak azken urteetan indarra galdu duelako: Ehiza Legea onartu zenean, 2011n, ehiza baimen aktiboak 40.138 ziren; 2022an, berriz, 31.383 «baino ez». EAJren eta PSE-EEren arabera, jaitsiera horrek «lotura zuzena du» urtero animaliekin izaten diren gertakarien gorakadarekin. Horiek gero eta gehiago dira: Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak 6.150 kudeatu zituen 2011n; 2023an, ordea, 16.006. Kopuru horiek eta animaliek nekazaritzan eragiten dituzten kalteak aipatu dituzte ehizaren premia zuritzeko: «Azken batean, ehiza funtsezkoa da animalien populazioaren orekarako».

Ehizaren definizioa

Zer da ehiza? Aritz Abaroa EAJko legebiltzarkideak gaur goizean definitu du bere alderdiarentzat ehiza zer den: «Ehiza zaletasun bat da; landa eremuari lotutako kirol jarduera bat; gizarte kohesioko elementu bat, batez ere landa ingurunean; bizi estilo bat; jarduera ekonomiko bat; funtsezkoa da ingurumena kontserbatzeko; eta funtsezko eginkizuna du animalien populazioaren orekari dagokionez». Hori guztia esanda, ondorioztatu du beharrezko jarduera dela, eta lagundu eta bultzatu egin behar dutela.

«Beharrezkoa da ingurumena kontserbatzeko funtsezko jarduera bat [ehiza] bultzatzea»

AROA JILETEPSE-EEko legebiltzarkidea

Aroa Jilete PSE-EEko legebiltzarkideak ere lege aldaketa babestu du. Gogoratu du hamalau urte pasatu direla Ehiza Legea onartu zenetik, «jarduera horren errotze soziala babesteko eta ehiztariak ingurumenaren kudeaketa iraunkorrean inplikatzeko». Gizartea, ordea, aldatu da, eta legea aldatu behar dela uste du, «beharrezkoa baita ingurumena kontserbatzeko funtsezko jarduera bat bultzatzea».

Lege aldaketa onartu eta gero, Jiletek esan du luzera begira bestelako neurri batzuk ere hartu behar direla , «herritarrak sentsibilizatzeko edo ehiza produktuei balioa gehitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.