Inbestidura saioak

EAJk eta PSE-EEk bost alkatetza gehiago ziurtatu dituzte Gipuzkoan

Andoainen, Pasaian, Lezon, Soraluzen eta Mendaron itxi dituzte gobernu akordioak. Bost herri horietan EH Bildu izan da indar bozkatuena. Andoaingo EH Bilduk salatu du "hegoak moztu" nahi izan dikiotela. Durangon EH Bilduk eskuratuko du alkatetza, Elkarrekin Podemosekin akordioa lortu ostean. EH Bilduk aginduko du Bakion ere. Zizur Nagusian bat egingo dute Geroa Baik, EH Bilduk eta AS Zizur hautagaitzak, Navarra Sumaren kaltetan.

Mari Jose Izagirre (EAJ) eta Maider Lainez (PSE). AIURRI.
Hodei Iruretagoiena - Gotzon Hermosilla
2019ko ekainaren 14a
07:10
Entzun

Ohar bidez jakinarazi dute: gaur goizean, akordioa egin dute Andoaingo PSEk eta EAJk, eta Maider Lainez sozialista izango da alkate. "Akordioak udalbatzako gehiengo osoa bermatzen du". Alkateorde kargua Mari Jose Izagirre jeltzaleak hartuko luke. PSEk koalizio gobernua osatzeko baldintza jarri zien jeltzaleei, eta, oharrean azaldu dutenez, "alderdi biak bat etorri dira gobernu ekintza amankomuna adosterakoan, modu koordinatu eta leialean lan egiteko konpromisoa hartu dutelarik, gobernu programa aurrera ateratzeko helburuarekin". Funtsean, udalean "modu bateratuan" jardutea adostu dutela adierazi dute.

Ez da gaur egindako akordio bakarra: Pasaian (Gipuzkoa) ere PSEren hautagaia aukeratuko dute alkate, EAJren babesarekin; orain arte bezala, beraz, Izaskun Gomezek (PSE) jarraituko du alkate. Kuartangon (Araba) EAJren hautagaiaren alde bozkatuko duela iragarri PPk, "erantzukizunagatik". EH Bildu eta EAJ berdinduta daude botoetan eta eserlekuetan; hortaz, EAJrena izango da Kuartangoko alkatetza.

Bi indarren koalizioari esker, beste hiru alkatetza eskuratuko ditu EAJk. Lezon, Soraluzen eta Mendaron (Gipuzkoa) EAJko hautagai nagusia izendatuko dute alkate.

Andoaingo EH Bilduk agerraldi jendetsu bat egin du, 18:30ean, udaletxe aurrean. Herriko EAJri elkarlanerako proposamena egina zioten, eta "ona" zela erantzun zietela azaldu du Andoni Alvarez EH Bilduren alkategaiak. Hala ere, koalizioari "hegoak moztu" nahi izan dizkiotela salatu du, herria gobernatzeko "beste eredu bat badagoela argi utzi" duelako.

Alvarezek gogora ekarri du Andoainen alkategai batek "inoiz lortu duen boto kopururik handiena" eskuratu zutela: "Gure ustez, herritarrek EH Bilduren zortzi urteko lana eta aurkeztutako zerrenda saritu zituzten. Esan zutena da, aniztasuneetik eta akordioak lortuz, baina guk gidatu behar genuela hori, guk izan behar genuela alkatetza". Gutxiengoan egonda EH Bilduk azken urteotan akordioak lortu dituela nabarmendu du EH Bildukoak, eta ohartarazi du "herritarren artean tristura eta haserrea" ekarriko dituela PSE-EAJ akordioak: "Ez dut uste herritarrek hauteskundeetan esan zutenarekin bat datorrenik akordio hau. Gainera, EAJk hauspotu du".

Durangon, alkatetza EH Bildurentzat

Aldaketa gertatuko da Durangoko Udalean (Bizkaia). EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea hautagaitzak —Elkarrekin Podemosen eta independenteen arteko koalizioak— gobernu ituna adostu dute. Horrenbestez, koalizio independentistako Ima Garrastatxu izango da Durangoko alkate hurrengo lau urteetan. Garrastatxuk EAJko Aitziber Idigoras ordezkatuko du karguan.

Maiatzeko udal hauteskundeetan, EAJ izan zen indarrik bozkatuena eta zortzi zinegotzi eskuratu zituen. EH Bilduk zinegotzi bat gutxiago lortu zuen, Herriaren Eskubidea hautagaitzak lau eta PSE-EEk bi. EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen botoen baturari esker, gehiengo osoz izendatuko dute Garrastatxu alkate.

Bakion (Bizkaia) ere EH Bildurena izango da alkatetza. Bost zinegotzi lortu zituen koalizioak, eta lau EAJk; beraz, BB Bakio Bai plataformako bi zinegotzien esku gelditu zen alkatetza batzuei edo besteei ematea. Orain, Bakioko EH Bilduk iragarri du akordio bat lortu dutela Bakio Bai zerrendarekin, eta, horren ondorioz, Amets Jauregizar izango dela berriro Bakioko alkatea.

Akordioa "konfiantzaz, erantzukizunez eta gardentasunean" oinarritzeko asmoa dutela azaldu du EH Bilduk. Horren ondorioz, EH Bilduko zinegotzi bik –horien artean alkateak– eta BBko beste bik osatuko dute Gobernu Batzordea. BBk hartuko du kudeaketa ekonomikoaren ardura.

Bestelako konpromisioak ere hartu dituzte bi indarrek: aurrekontu proiektua onartzea, gastua 15.000 euro baino gehiagokoa izatea, arauak, zergak, diru laguntzak eta bestelakoak onartzea eta abar.

Zizur Nagusian, Geroa Bai

Navarra Sumaren agintaldia eragotziko dute Zizur Nagusian (Nafarroa) Geroa Baik, EH Bilduk eta AS Zizur hautagaitzak. Gobernu akordioa lortu dutela jakinarazi dute iluntzean. Hala, Geroa Baiko Jon Gondan izango da alkatea hurrengo legealdian.

Zizur Nagusian, Navarra suma eskuineko koalizioa izan zen indarrik bozkatuena, eta sei zinegotzi lortu zituen. Lau ditu Geroa Baik, hiru EH Bilduk, bi PSNk eta beste horrenbeste AS Zizurrek. Beraz, Geroa Bairen, EH Bilduren eta AS Zizurren baturak gehiengo osoa ziurtatuko dio Gondani inbestidura saioan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.