Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurako gehiengoak ezetz esan dio abortuak osasun sistema publikoan egiteari. Sumar taldeak egin du proposamena: alde bozkatu du EH Bilduk, baina PP abstenitu egin da, eta EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute. Hortaz, abortuen %95 osasun klinika pribatuetan egiten jarraituko dutela ohartarazi du Jon Hernandez Sumarreko parlamentariak.
Legebiltzarreko osoko bilkuran Hernandez parlamentariak proposatu du ez bideratzea abortuak klinika pribatuetara eta, aldiz, Osakidetzan baliabide nahikoak jartzea abortu horiek osasun zerbitzu publikoan egin daitezen. Bide batez, eskatu dute emakumeei arreta emateko protokoloak hobetzea, baita osasunari eta sexu eta ugalketa eskubideei buruzko informazioa emateko telefono zenbaki bat jartzea ere.
Proposamena ez da aurrera atera EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dutelako. Horren ordez, zuzenketa bateratu bat onartu dute: Osasun Sailari eskatu diote berma ditzala eskubide sexual eta erreproduktiboak, erakundeekin edo Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundeekin edo «horien finantzaketarekin». Aborturako sarbide «unibertsala, bidezkoa eta doakoa» eskatu dute, medikuaren kontrol eta gainbegiratze parametroak izango dituena.
Irina Rabalo legebiltzarkide jeltzalearentzat garrantzitsuena da eskubide sexual eta erreproduktiboak «blindatuta» daudela, eta klinika pribatuek egindako abortuak «baimenduta» daudela, berme guztiekin. «Ez desegin, ez pribatizatu, elkarlana da», esan du. PSE-EEko Patricia Campelok ere berretsi du eskubide hori «erabat ziurtatuta» dagoela, eta lehentasuna dela ziurtatzea segurtasuna, kalitatea, intimitatea, diskriminazio eza eta doakotasuna. Voxek ere kontra bozkatu du, esanez abortua ez dela oinarrizko eskubide bat, bizitza bai, ordea.
PP abstenitu egin da, eta Laura Garridok arrazoitu du «dena» ezin dela sistema publikoan egin. Publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioa babestu du, eta zehaztu du ezin zaiela Osakidetzako profesionalei eskatu abortuak egiteko, ez delako kontzientzia eragozpena bermatzen.
EH Bilduk alde bozkatu du eta zuzenketa bat ere proposatu du, Osasun Sailak sei hilabeteko epean plan integral bat egin dezan emakumeek Osakidetzan abortatzeko eskubidea bete dadin. Eraitz Saez de Egilaz parlamentariak ohartarazi du emakume batzuek klinika pribatuetako ebakuntzetan «jazarpena» jasaten dutela.
Sumarrek erantzun du
Legebiltzarreko ordezkarien gehiengoak proposamena bertan behera utzi duenez, Sumarrek ohar baten bidez erantzun du. Uste du onartutako proposamenak «emakumeak osasun sistema publikotik kanpo» uzten dituela, abortua klinika pribatuetara bideratzen duelako. Izan ere, Sumarreko Alba Garciaren esanetan, emakumeen eskubideak merkaturatzen ez direla ziurtatu nahi dute.