Europako hauteskundeetara elkarrekin joateko akordiorako oinarria egin dute EAJk eta CiUk. Bi alderdiak koalizioan aurkeztuko dira maiatzaren 25eko bozetara, eta 2009an erabilitako formula bera errepikatuko dute. Aliantzaren oinarriak lotu dituzte jada, EAJk berak ohar batean jakinarazi duenez. Asteartean bildu ziren Bartzelonan bi alderdie- tako ordezkariak akordioa egiteko: EAJtik Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea izan ziren; CDCtik, Lluis Corominas eta Francesc Homs; eta UDCtik, Josep Maria Pelegri eta Antoni Font.
Bilera horretatik pozik atera ziren alde guztiak. Jeltzaleek jakinarazi dutenez, hauteskunde programaren edukiak eta bozetara aurkezteko modua adostu dituzteCiUrekin. Hala, bozetarako zerrendak nola egingo dituzten erabaki dute jada: 2009an egin bezala, CDC aurkeztuko da zerrendaburu, EAJkoa izango da bigarren hautagaia, eta hirugarrena, berriz, UDCkoa.
Edozein eratan, aliantza zabaltzeko asmoa dute oraindik EAJk eta CiUk. Hala, datozen egunetanKoalizio Kanariarra eta Compromiso por Galicia alderdiekin batzartuko dira, koalizioa zeintzuk osatzen duten otsailaren amaierarako argi uzteko. «Aliantza honek ateak zabalik utzi ditu Europako Batasunaren barruan dauden nazioen ahotsa parlamentura eraman nahi duten alderdiak sar daitezen», dio EAJren oharrak. 2009ko Europako hauteskundeetan Europaren Alde koalizioan elkar hartuta aurkeztu ziren CiU, EAJ, Koalizio Kanariarra, Alderdi Andaluzista, Bloc Nacionalista Valencia, Unio Mallorquina eta Unio Menorquinak.
Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, txalotu egin du EAJ eta CiUren arteko akordioa, eta aliantza beste alderdiei zabaltzea espero duela esan du. Haren ustetan, «baikorra» da erkidego «historikoetako» alderdi abertzale ezberdinek bat egitea «nazio estatuek osatutako bestelako Europa bat eraikitzeko».
ERCk CiUrekin aliantza osatzea baztertu eta Kataluniako alderdi abertzaleek hauteskunde zerrenda bakarra aurkezteari uko egin ostean jarri zuten mahai gainean EAJk eta CiUk elkarrekin aurkezteko aukera. ERCk, berriz, EH Bildurekin koalizioan aurkezteari ezezkoa eman zion, ondoren. Horren inguruan lehendakariak aitortu du «nolabaiteko lasaitasuna» ematen diola koalizio hori ez osatzeak, besteak beste, ezker abertzaleak oraindik «bide luzea» egin behar duelako.
Pagazaurtundua, UPDra
Bestalde, Maite Pagazaurtundua Covite biktimen fundazioko presidenteordea UPDren zerrendan bigarrena izango da Europako hauteskundeetan. Rosa Diez UPDko buruarekin batera eskaini duen prentsaurrekoan eman du erabakiaren berri. Egungo egoera politikoa ezin dela «distantziatik» jarraitu eta konpromisoa ezinbestekoa dela argudiatu du Pagazaurtunduak UPDren zerrendetan aurkezteko.
Aurretik ezaguna zen Coviteko buruak ez duela PPren politikarekin bat egiten, eta berak baieztatu duenez, Espainiako Gobernuak «terrorismoaren aurka» daraman politikarekin duen desadostasunak bultzatuta hartu du erabakia. Haren esanetan, ETAren inguruan dauden «gezur asko gezurtatzeko» joango da Europara.
Hori horrela, Coviteko presidenteorde kargua utzi du Pagazaurtunduak, eta bere tokia Laura Martinek beteko du. Martinen aldeko hautua asteartean egin zuen Covitek.
Garcia Goena GALen azken biktimaren alarguna da Martin. GALek 1987an hil zuen Juan Carlos Garcia Goena. Soldaduska ez egiteko errefuxiatu zen Baionan, eta bonba auto-batez hil zuten.
2013. urtetik da Laura Martin Covite elkartearen zuzendaritzako kide, eta, elkarteko iturriek azaldu dutenez, berea du «terrorismoaren biktima guztientzat memoria, duintasuna eta justizia errealitate bat izateko helburu komuna».
EAJk eta CiUk egin dute koaliziorako akordioa
Maite Pagazaurtunduak Covite utzi du eta UPDren hautagaia izango da Europako hauteskundeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu