EAJk eta EH Bilduk Euskal Herriaren ahotsa izateko asmoa adierazi dute, Iruñetik

Jeltzaleek Nafarroaren ahotsa ere eraman nahi dute Estrasburgora; EH Bilduk, berriz, «etorkizuneko euskal errepublikaren enbaxadorea» izatea du xede. PSE-EEk zaintza izan du hizpide; Sumarrek, harrera politikak eta hirigintza; eta Podemosek, ingurumena.

Agirregoitia, Hualde eta Barkos, atzo arraltsaldeko ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Agirregoitia, Hualde eta Barkos, atzo arraltsaldeko ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko maiatzaren 31
20:20
Entzun

Europako Parlamenturako bozen kanpainak bete du lehen astea, eta alderdiak euren mezuak indartzea dute xede. Barruti bakar bat izateak Euskal Herrian zehar mugitzera behartzen ditu hautagaiak, eta gaur bi talde abertzaleek Iruñea hautatu dute ekitaldi nagusiak egiteko. Euskal herritarren ahotsa EB Europako Batasuneko instituzioetara eramatea jarri dute xede biek. Bien bitartean, Alderdi Sozialistak eta PPk elkarren arteko ika-mikari eusten diote.

EAJ

Nafarren ahotsa ere bai

EAJko kide eta CEUS koalizioko zerrendaburu Oihane Agirregoitiaren esanetan, ekainean jokoan egongo da «egonkortasunaren eta ongizatearen» edo «populismoen eta muturreko ideien» alde egingo ote duen EBk, eta defendatu dute euren aldekoa batasunaren aldeko botoa dela. Iruñean egindako ekitaldian, Agirregoitiak Nafarroako errealitatea izan du hizpide, eta lurralde hartako industria eta lehen sektorea defendatzeko konpromisoa adierazi du, baita euskararen ofizialtasunaren eta Atlantikoko Makroeskualdearen alde egiteko asmoa adierazi ere: «Herrien Europan sinesten dugu, eta gure herriak erabakiak hartzen diren lekuan egon behar du».

Hitza hartu duten gainerakoak Geroa Baiko kideak ere badira. Nafarroako Parlamentuko presidente eta EAJren NBBko buru Unai Hualdek eta Uxue Barkos senatari eta Nafarroako presidente ohiak Nafarroak Bruselan «ahots» propioa izatearen garrantzia nabarmendu dute, eta gehitu CEUS hautagaitzaren bidez eskuratu dezaketela hori. «Konfiantzazko ahots bat izatea hil ala bizikoa da», esan du Hualdek. Amaia Arrizabalaga Geroa Baiko kide eta CEUSeko zerrendakideak, berriz, EBren erronkei ere erreparatu die, eta horien artean kokatu batasuna «eguneratzeko» lana: «XXI. mendeko erronkei erantzungo dien Europaren bertsio bat».

Goizean, Agirregoitiak industria alorrean egin du indar. Michelinen Gasteizko fabrikaren aurrean, «garapen eredu jasangarri» baten aldeko industria «aktibo» bat defendatu du: «Europa berrindustrializatzea funtsezkoa da mundu globalean lehiakortasuna mantentzeko, kanpo dependentzia ezabatzeko, enplegua sortzeko, eta eredu sozial europarra finantzatu eta deskarbonizazio prozesuan aurrera egiteko».

Pernando Barrena, ERCko, BNGko eta Ara Meseko kideak alboan. IÑIGO URIZ / FOKU
Pernando Barrena, ERCko, BNGko eta Ara Meseko kideak alboan. IÑIGO URIZ / FOKU

EH Bildu

Bakea eta burujabetza

Iruñeko Baluarten egin du eguneko ekitaldi nagusia EH Bilduk, Orain Errepublikak koalizioan kide dituzten zenbait lagunekin batera. Ekitaldian, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak koalizioaren «konpromisoa» zein den zehaztu du: «Konpromisoa sendoa da, oinarri politiko bat. Ez ditugu eskuina eta eskuin muturra inon nahi». Argudiatu du euskal herritarren interesak eta eskuinarenak kontrajarriak direla, eta ondorioz ezin dela aukera bat izan Ursula von der Leyenen hautagaitza babestea Europako Batzorderako; besteak beste, eskuin muturrarekin ituntzeko asmoa duelako. Hala, Otegik azaldu du koalizioaren xedea dela Pernando Barrenak «etorkizuneko euskal errepublikaren enbaxadore» lanak egitea EBn, «bakearen eta herrien burujabetzaren» alde.

Barrenak berak adierazi du egungoa ez dela nahiko lukeen Europa, baina gehitu du «aldaketarako» lan egin behar dela, azken urteetan Nafarroan gertatu denaren parekoa: «Europa ere ez da aldaezina, eta harresi sendoa eraiki daiteke eskuin muturrari aurre egiteko». Era berean, gehitu du euskal herritarren ahotsa izatea dutela xede, ahots «antifaxista» eta «antimilitarista». Bakartxo Ruiz zerrendakideak, berriz, beste helburu bati erreparatu dio: «Europari zer erakutsi nahi diogu? Hemen herri bat dagoela, nazio bat dagoela; estatu izan nahi duen herri bat dagoela».

Afera zehatzago bat izan du hizpide, berriz, Idurre Bideguren senatariak, goizean Ondarroan (Bizkaia) egindako agerraldian: Euskal Herriko arrantza sektorearen «ahotsa» izatea Europan. «Estrategikoa da Euskal Herriarentzat». Hark arrantzaren «eragin ekonomiko, kultura eta soziala» nabarmendu ditu, baina baita «elikagai subiranotasuna bermatzearen» garrantzia ere. Beraz, Bidegurenen esanetan, beharrezkoa da erabakiak hartzen diren lekuetan presente egotea.

Idoia Mendia, gaur goizean egindako agerraldian, Ermuan. PSE-EE
Idoia Mendia, gaur goizean egindako agerraldian, Ermuan. PSE-EE

Alderdi Sozialista

Agenda soziala, PPren aurka

Alderdi Sozialista kexu da, PPren kanpaina PSOEri eta Espainiako Gobernuari kontra egitera mugatzen delakoan. Hala adierazi dute Idoia Mendia eta Elena Sancho sozialisten europarlamenturako hautagaiek euren agerraldietan, Ermuan (Bizkaia) eta Iruñean, hurrenez hurren. Hala, bi ekitaldietan mintzagai izan dute europarlamenturako bozetan jokoan dagoela «agenda sozial bat» sustatzea. «Eta PPk ez du halakorik», esan du Mendiak. Hark zaintza arloan Europa mailako estrategia bat garatzeko beharra ere zehaztu du.

Sanchok eta Nafarroako presidente Maria Txibitek, berriz, bozek lurralde harentzat duten garrantzia nabarmendu dute. Txibiteren esanetan, horren adibide dira «Nafarroako industriari mesede egiten ari diren europar funtsak». Eta PPri egotzi dio horiek gutxietsi izana: «Zalantzan jarri dute ibilgailu elektrikoen ailegaera ere, nahiz eta hemendik urte batzuetara erkidego honetako enpleguaren zati handi bat horri lotua egongo den».

Are gogorrago Espainiako Presidentetza ministro Felix Bolaños; hura ere Iruñean. Adierazi du PP eta Vox «gauza bera» direla: «Eskuin muturreko bi alderdi dira, xenofobia erabiltzen baitute euren diskurtso publikoetan, eskuin muturreko gezur teknikak erabiltzen baitituzte erasorako». Horren aurrean, ezinbestekotzat jo du «sozialisten eta aurrerakoiek masan botoa ematea».

Feijoo, Berantevillan egindako agerraldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Feijoo, Berantevillan egindako agerraldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE

PP

EAJ, «isilik»

Espainiako PPko presidentea Euskal Herrian da azken egunetan; oraingoan, Berantevillan (Araba). Handik, EAJren hautesleei mintzatu zaie Alberto Nuñez Feijoo; batez ere, jeltzaleak PSOEren aurrean «isilik» geratu direla uste dutenei. PPko buruak zehaztu du EAJren alde egitea «galtzea» dela: «Sanchezen bazkide baten alde egin nahi badute, EAJ bozkatu dezakete. Ez badute nahi, orduan, PPren aldeko botoa eskatzen diet». Izan ere, haren diskurtsoa Espainiako Gobernuaren eta Amnistia Legearen aurkakoa izan da nagusiki, eta bi horiei erantzuteko formula gisa planteatu zituen datorren asteko bozak.

Nafarroan, berriz, PPNko presidente Javier Garciak eta Esther Herranz PPko zerrendakideak UAGNrekin izandako bilkura baliatu dute adierazteko «sektorearen berrikuntza eta modernizazioa» garatzeko lan egingo dutela Europan. «Ezinbestekoa da gure nekazariak eta abeltzainak babestea etorkizun oparo eta jasangarri bat bermatzeko».

Sumarreko kideak, Donostian egindako ekitaldian. JUAN HERRERO / EFE
Sumarreko kideak, Donostian egindako ekitaldian. JUAN HERRERO / EFE

Sumar

Berdea, eta ez porlana

Hirigintza eta harrera politikak. Horiek izan dira Sumar koalizioko kideek Hego Euskal Herrian egindako ekitaldietako gaiak. Donostian, Andeka Larrea zerrendakideak «hirigintza berde eta soziala» defendatu du, Basque Culinary Centerrek Donostian duen proiektuaren «hirigintza jasangaitz eta grisaren» aurrean. Aurrez aurre jarri ditu bi eredu horiek. Batetik, EAJri eta PSE-EEri leporatu die «porlanaren, erregai fosilen, eraikuntza sektorearen eta masa turismoaren» aldeko apustua egitea. Bestetik, «trantsizio ekologiko eta energetikoari» lotutako hirigintza defendatu du; Estrasburgotik sustatu nahi dutena.

Iruñeko Foruen Monumentuaren aurrean egindako ekitaldian, berriz, Carlos Guzman zerrendakideak Nafarroako Gobernuak harrera politiken arloan duen «abangoardia» rola nabarmendu du, eta helburu gisa ezarri horiek Europako instituzioetara eramatea. Izan ere, Guzmanek ere bi politika eredu kokatu ditu aurrez aurre. Europara «bizitza duin bat aurrera eramateko» helburuz iristen direnei «bizkar ematen» diena eta «Europa sozial eta solidarioa».

Lopez Uralde, gaur goizean egindako prentsaurrekoan. AHAL DUGU
Lopez Uralde, gaur goizean egindako prentsaurrekoan. AHAL DUGU

Podemos

Araba erreserba izateko

Ingurumena izan da Podemosek Gasteizen egindako ekitaldiko gai nagusia, eta horren adierazle Juantxo Lopez Uralde Aliantza Berdea alderdiko buruaren hitzaldia. Hark adierazi du Podemosek lan egingo duela Araba biosfera erreserba izendatzeko. «Helburua da ondare natural aberats honen zaintza sustatzea». Era berean, esan du horrek lurraldean «turismo jasangarria» bermatuko lukeela.

Halere, Podemosen proposamenak harago ere badoaz, eta horietako batzuei erreparatu die Irene Montero alderdiaren zerrendaburuak Radio Euskadin. «Europak jokoan du AEBen gerra sukurtsal bat izaten jarraitzea edo bake potentzia bat bilakatzea», esan du, argudiatuta bozen ostean eratu daitekeen Europako Batzordea «gerra koalizio handi bat» izan daitekeela, «non lekua izan dezaketen eskalada belikoarekin ados dauden guztiek». Hau da, baita «klima aldaketaren eta emakumeen aurkako indarkeria ukatzen dutenek» ere. Gehitu du «demokraten» xedea izan behar dela hori eragoztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.