EAJk eta EH Bilduk eserleku bana irabaziko lukete Eusko Legebiltzarrean, Soziometroaren arabera

Jeltzaleak lehen indarra lirateke Araban eta Bizkaian, eta koalizio subiranista litzateke nagusi Gipuzkoan. Sumar legebiltzarretik at geratuko litzateke, eta Voxek Araban bereganatutako tokia indartuko luke.

Pradales, iazko hauteskundeetako emaitzak ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Pradales, iazko hauteskundeetako emaitzak ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko ekainaren 27a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Indar abertzaleen arteko lehiak bere horretan dirau, Soziometroaren arabera: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak orain egingo balira, berriz ere berdinketa egongo litzateke EAJren eta EH Bilduren artean, baina eserleku bana irabazita; hain zuzen, PSE-EEk eta Sumarrek galduko lituzkete eserleku horiek. Mugimendu horiek, baina, ez lukete gehiengorik aldatuko, EAJren eta PSE-EEren arteko aliantzak gehiengo osoari eutsiko lioke eta.

Iazko martxoko hauteskundeetan agerian geratu zen indar abertzaleen nagusitasuna, eta, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen estimazioen arabera, ez da norabide aldaketarik. Kontrara, bi alderdiek sendotu egingo lukete Eusko Legebiltzarrean duten lekua: 27 eserleku izan beharrean 28 izango lituzkete biek.

Inkestaren arabera, jeltzaleek dute pozik egoteko arrazoi gehien. Izan ere, aurreikuspenen arabera, EAJk puntu eta erdi egingo luke gora, eta Bizkaian ez ezik Araban ere lehen indarra izango litzateke. Hain zuzen, lurralde hartan eskuratuko luke ordezkari bat gehiago, botoen %29,4 erdietsita —iaz %27 eskuratu zituen—.

EH Bilduk hiru lurraldeetan egingo luke apur bat behera; 0,7 eta 1,5 puntu artean —lagin errorearen barruan legoke—. Halere, Araban eta Bizkaian eserleku kopuru bera eskuratuko luke koalizio subiranistak —zortzina—, eta Gipuzkoan beste bat irabaziko luke, hamabigarrena. Beraz, lurralde hartan duen nagusitasunari eutsiko lioke: botoen %39,6; EAJk baino ia zortzi puntu gehiago.

Hain zuzen, PSE-EEren kaltetan eskuratuko luke Gipuzkoako azken eserlekua EH Bilduk. Sozialistek apenas egingo luketen behera botoen ehunekoan, baina kontuan izan behar da boto gutxi batzuei esker eskuratu zituela Bizkaiko eta Gipuzkoako azken eserlekuak iazko martxoan. Beraz, hamabi ordezkari izan ordez 11 izango lituzke.

Kolpea are gogorragoa da ezker konfederalarentzat, Eusko Legebiltzarretik kanpo geratuko litzateke eta. Inkestaren arabera, Sumarrek botoen %2,5 eskuratuko lituzke —%3,3 lortu zituen aurreko hauteskundeetan— Araban, beherakada 0,3 puntukoa litzateke, baina hori nahikoa da lurralde hartan eskuratutako eserlekua galtzeko. Boto galera hori ez luke Ahal Dugu-k baliatuko, hark ere behera egingo bailuke, Soziometroaren arabera.

Vox, sendotzen

Beste muturrean, PPk eta Voxek egungo parlamentari kopuru berari eutsiko liokete. Alderdi Popularrak zazpi ordezkari ditu egun, eta denak mantenduko lituzke, ia botoen ehuneko bera lortuta (%8,9).

Voxek ere bere ordezkaritzari eutsiko lioke. Gainera, inkestak gorakada nabarmena aurreikusten du eskuin muturreko alderdiari dagokionez. Araban eskuratu du ordezkari bat azken bi hauteskundeetan, eta lurralde hartan sendotzen ari da, Soziometroaren arabera: botoen %4,6 eskuratuko lituzke. Halere, igoera orokorra da, eta hiru lurraldeak kontuan hartuta, botoen %3,1 eskuratuko lituzke —%2 lortu zituen iaz—.

Parte hartzeak, berriz, apur bat behera egingo luke, argitaratutakoaren arabera. Iaz, botoa ematera deituta zeudenen %62,5ek parte hartu zuten, eta orain %59,3k emango lukete botoa.

Informazio bilketa Ikerfel enpresak egin zuen telefono bidez, ekainaren 17tik 20ra bitarte. Zehazki, Arabako 730, Bizkaiko 1.315 eta Gipuzkoako 985 herritar elkarrizketatu zituzten. Emaitzen azterketa, berriz, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin du, eta lagin errorearen estimazioa ±%3,7koa da Arabarako, ±%2,8koa Bizkairako eta ±%3,2koa Gipuzkoarako, %95,5eko konfiantza mailarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.