EAJko eta EH Bilduko ordezkaritzak Bartzelonan izan dira gaur, urtero legez, Diada Kataluniako egun nazionalaren harira Rafael Casanovaren eskulturaren aurrean egin ohi duten lore eskaintzan. Herrialde katalanei babesa agertzeko izan dira han; EAJren izenean, Aitor Esteban, Espainiako Kongresuko eleduna, eta EH Bilduren izenean, Idurre Bideguren, EH Bilduko senataria, besteak beste.
Estebanek Juntseko presidente Laura Borrasen eta Jordi Turull idazkari nagusiaren ondotik egin du lore eskaintza, eta salatu du amnistia legea «itxuraldatu» egin dela, Espainiako Auzitegi Goreneko Pablo Llarenaren azken erabakiari erreferentzia eginda, Carlos Puigdemont Generalitateko presidente ohiaren helegitea aintzat ez hartzeagatik. Puigdemont ez baitute amnistiatu, diru publikoa «norberarentzako mozkinak lortzeko» baliatzea egotzita. Estebanek «harrigarritzat» jo du Llarenaren erabakia, Espainiako Kongresuak amnistiaren legea onartu zuenean guztiak amnistiatzea onartu baitzuten.
Babesa eskaini dio herri katalanari. «Bi herri hauek, Euskadik eta Kataluniak, nazio izanik, gainerako herriek onartzea, berrestea eta aitortzea nahi dute», esan du Estebanek eta gehitu du EAJ «beti» egongo dela herriek beren etorkizuna erabakitzearen alde.
Bidegurenek Kataluniako herriari helarazi nahi izan dio babesa: «Kataluniako herriarekin oso ondo enpatizatzen dugu, independentismoaren jazarpenarekin lotuta jasandako ondorio guztiengatik». Estaturik gabeko nazioen artean elkarlana sustatzearen alde egin du. «Ez dezagun ahaztu indar independentistak garela, ez bakarrik gure eskubide nazionalen aldarrikapen historikoagatik, baizik eta gizarte bidezkoagoak eta berdintasunezkoagoak eraikitzeko beharra ikusten dugulako». Nazioak aitortzeko eta erabakitzeko eskubidea «instituzionalizatzeko», elkarlanera deitu du.
Sortuko ordezkaritza bat ere izan da Batzelonan herri katalanari babesa eta elkartasuna adieraztera. Euskal Herriaren eta Kataluniaren etorkizunerako independentzia aldarrikatu dute, eta elkarlanaren alde egin.