EAJk eta EH Bilduk ahots propioa izan nahi dute Europa bakezale batean

EAJk eta EH Bilduk Europako Batasunean balio bakezaleak eta antimilitaristak sustatzeko beharrari erreparatu diote, hurrenez hurren. UPNk «harro» jokatzea leporatu dio PPri, erregionalisten boto guztiak bereganatu ditzakeela esateagatik.

EAJko kideak, gaur goizean egindako agerraldian, Gasteizen. EAJ
EAJko kideak, gaur goizean egindako agerraldian, Gasteizen. EAJ
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 3a
20:00
Entzun

Azken txanpan sartu da Europako Parlamenturako bozen kanpaina, eta alderdiak euren intereseko auzietan indar egiten ari dira ekitaldietan. EAJk goizeko ekitaldi sektoriala baliatu du berdintasun politiketan sakondu beharra adierazteko, eta EH Bilduk aldarri ekologista, euskalduna eta antimilitarista egin du Gladys del Estalen hilketaren urteurrenean. PSOEk, berriz, kanpaina «lokaztea» leporatu dio PPri, eta PPk kudeaketa gabezia leporatu dio PSOEri. Etxebizitza politika publikoak izan dira, berriz, Sumarrek jorratutako gaia.

EAJ

Gasteizko Etxanobe jauregian egin du eguneko lehen ekitaldia Oihane Agirregoitia EAJren hautagai eta CEUS koalizioaren zerrendaburuak. Haren inguruan, EAJk Hego Euskal Herriko erakundeetan dituen emakumezko ordezkari ugari eta Europako Alderdi Demokratako presidenteorde Ulrike Muller. Ekitaldiko gai nagusia berdintasun politikak izan dira, eta Agirregoitiak EBn zenbait helburu lortzeko lan egitera dei egin du: besteak beste, indarkeria matxistaren kontrako legedia betetzea, kide guztiek Istanbulgo Protokoloa izenpetzea, eskubide sexualak zein ugalketa eskubideak bermatzea eta lan arloko berdintasun araudiak errespetatzea. Era berean, «emakumeen lidergoak» ere defendatu ditu, «gizonezkoen aurpegidun» gatazken aurrean, «bakerako itxaropen» eta «lehiakortasun» eredu gisa.

Arratsaldeko ekitaldian, Agirregoitiarekin izan dira Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria. «Bakea, memoria, giza eskubideak eta bizikidetza». Aldarri hori egin du Urkulluk Gernikan (Bizkaia), esanez EB bakearen bermerako tresna izan behar duela. Era berean, gogoratu du autogobernuan «sakontzea» dela EAJren xedeetako bat, eta horretarako tresna dela EBko erakundeetan ere «ahots propioa» izatea.

Ortuzarrek, berriz, «ahots abertzalea» Bruselan entzutearen garrantzia nabarmendu du: «EAJ, Europa bakezale bat nahi duen alderdia; Europa bat non Euskadik bere identitate nazionala berretsiko duen».

Arnaldo Otegi, gaur eguerdiko agerraldian. JAVI COLMENERO / EFE
Arnaldo Otegi, gaur eguerdiko agerraldian. JAVI COLMENERO / EFE

EH Bildu

Gladys del Estal gogoan izan dute EH Bilduko kideek ekintzailearen hilketaren 45. urteurrenean. Pernando Barrena Orain Errepublikak koalizioko zerrendakideak «herri ekologista, euskaldun eta antimilitaristaren sinbolotzat» jo du, eta gehitu orain «inoiz baino indar handiagoa» dutela aldarri antinuklearrak eta bakearen aldekoak: «Militarismoak eta gerrazaletasunak jendea hiltzen du, eta herriak pobretzen». Hori ikusita, Euskal Herriaren «ahots antifaxista eta antimilitarista» izan nahi du EBn: «Nazio ikuspegia duen euskal ahotsa».

Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko eledunak, berriz, bozen garrantzia nabarmendu du: «mapa politikoa astintzen» jarraitzeko eta Europari, Espainiari eta Frantziari adierazteko Euskal Herrian «herri bat» badela. Hala, botoa emateko deia egin du, esanez «emakumeak iraintzen dituztenek, xenofoboek eta klasistek» euren botoa emango dutela eta, beraz, abstentzioak «ultraeskuin atzerakoiari» egiten diola mesede.

Antzera, eguerdian egindako agerraldian, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik «akordio zabalen eta gutxieneko programen» defentsa egin du, eskuin muturraren gorakadaren aurka. Otegik EAJ ere izan du hizpide, kazetarien galderei erantzunez, eta jeltzaleei kritikatu die «etengabe» EH Bildu aipatzea. Are gehiago, bi aferak uztartuz, esan du alderdi abertzale eta independentistak elkarrekin aurkeztu beharko liratekeela Europan, eta baita Espainian ere; oinarriak, erabakitzeko eskubidea eta autogobernuaren bermea.

Sancho, alderdikideekin batera egindako agerraldian. PSN
Sancho, alderdikideekin batera egindako agerraldian. PSN

Alderdi Sozialista

Idoia Mendia PSOEren hautagaiak PPri kritikatu dio, bozen kanpaina «lokazteko» xedean, Espainiako Gobernuaren kontrako zentsura mozioaren aukera plazaratzea, eta gogoratu du horretarako Voxen eta JxCren babesa beharko lukeela, besteak beste. «Berdin zaio arre edo so egin, Pedro Sanchezen gobernua botatzeko bada». Hortik haratago, berriz, azaldu du EBko funtsen etorkizuna dagoela jokoan bozetan, eta, ondorioz, baita etxebizitzen jasangarritasuna, hezkuntza eta osasungintza ere. «Nola eraiki, ekonomikoki hazteaz gain, oinarri soziala ere garatuko duen Europa».

Elena Sancho zerrendakideak ere EB «indartsu, batu eta koherente» baten alde egin du: «Ezinbestekoa da». Bide horretan, migrazioaren aferari heldu dio, eta adierazi du EB «barrutik hautsi» nahi dutenen «diskurtso xenofobo eta arrazisten» aurka migrazio eta asilo politikak garatu behar direla, «migrazio fluxu erregularrak artikulatuz» eta «gizarteratze politiketan sakonduz».

Zarzalejos, gaur eguerdiko ekitaldian, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Zarzalejos, gaur eguerdiko ekitaldian, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE

PP

Javier de Andres EAEko PPko presidentearen esanetan, «aldaketa» bat behar da Eusko Jaurlaritzak eta, batez ere, Espainiako Gobernuak Europako funtsen gainean izandako kudeaketan: «Ezin da etsigarriagoa izan». Hala, salatu du PSOEk nahiago duela funts horiek «espazio klientelistetan» xahutu, inbertsioetara bideratu baino. Horren harira, Javier Zarzalejos hautagaiak adierazi du euren lehentasunetako bat dela berrikuntza arloan inbertitzea, «lehiakideekiko arrakala digitala ixteko».

Nafarroan, berriz, PPren eta UPNren arteko ika-mika izan da protagonista. Alderdi erregionalistako eledun Javier Esparzak PPri kritikatu dio jarrera «oso harroa» izatea, adierazteagatik Alderdi Popularra izan daitekeela UPNren hautesleek ekainaren 9an duten aukera bakarra: «Badirudi exijitzen ari direla PP bozkatzeko nahitaez». Eta PPNko presidente Javier Garciak erantzun dio: «Ez badute PP bozkatzen, zein beste alderdi bozkatu?».

Sumarreko kideak, Larrea buru, Portugaleten egindako ekitaldian. SUMAR
Sumarreko kideak, Larrea buru, Portugaleten egindako ekitaldian. SUMAR

Sumar

Andeka Larrea Sumarren hautagaia etxebizitzaz aritu da Portugaleten (Bizkaia), eta «espekulazioari» aurre egiteko alternatiba gisa aurkeztu du koalizioa: «Etxebizitza duin bat izateko eskubidea defendatzen dugu, zeina Euskadin ez baita betetzen». Larreak jomugan jarri ditu EAJ eta Europako Banku Zentrala. Lehenari leporatu dio Espainiako Etxebizitza Legeari aurre egitea. Eta bigarrenari interes tasen gorakada kritikatu dio, horrek etxebizitzaren prezioan duen eraginagatik. Horren inguruan, zehaztu du Sumarrek lan egingo duela «etxebizitza publikoaren aldeko estrategiak garatzeko».

Iruñean, berriz, Carlos Guzman zerrendakidearekin izan da Joaquin Sevilla Sumarren exekutiboko kidea. Hark hezkuntzak, unibertsitateak eta zientziak «Europa sozial baterako» duten garrantzia nabarmendu du, eta «mugarik gabeko» Erasmus programa baten eta unibertsitate «publiko, doako eta kalitatezkoaren» alde egin du, baita 0-3 urtekoen hezkuntza bermatzeko «kohesio funts baten» alde ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.