EAJk «erabakitzeko eskubide demokratikoa» jaso du militantziaren artean eztabaidagai jarriko dituen agirien artean. Martxoaren 29an eta 30ean egingo duten Batzar Nagusiari begira, «hausnarketa eta eztabaida prozesua» jarri du abian jeltzaleen zuzendaritzak, alderdiko buruzagitzak berritzeko prozesuarekin batera, eta duela egun batzuk ezagutarazi zituen bost agiri-izenburuetako baten garapenean azaltzen da «estatus berri bat instituzionalizatzeko» proposamena, BERRIAk eskuratutako agirian jasota dagoenez.
Izenburu gisa Euskadi, nazio Europan: burujabetasuna, nortasuna eta helburu politikoak daraman eztabaidagaian azaltzen dute EAJk «oinarri abertzaleak berretsi» egiten dituela, baina baita alderdiak orain arte egindako bidea ere, hau da, «mailaz maila» jarraitu duen «estrategia». Hala, abenduaren 9an hasita oinarri jeltzaleek Uri Batzarretan eztabaidatuko dituzten agirien artean, burujabetasunari dagokionean jaso dute Gernikako Estatutua dela «euskal herritarren borondatearen adierazpenik nagusia».
Baina, epe motzera begira jarrita, EAJren estrategia doituko duen prozesurako, zuzendaritzak uste du «gaur, aniztasunari eta pluraltasunari ateak irekitzea» dela «euskal nazio eta herriari jarraipena ematea», eta helburu hori gauzatzeko «estatus berri bat instituzionalizatzea» proposatzen du. «Lan ildo berri» horrek «Euskadiren nazio aitortzan» dauka oinarria, bai eta «aldebikotasunak eta forutasunak» eman dezaketen «berme sistema» batean ere. «Eskuduntzak blindatzea» helburu lukeen proposamenaren hirugarren habea da «erabakitzeko eskubide demokratikoa».
EAJko Batzar Nagusiak erabakitzeko eskubidea berresteak Gernikako Estatutua berritzeko negoziazio prozesua baldintzatuko luke, modu batera edo bestera.
EAJko Batzar Nagusiak erabakitzeko eskubidea berresteak Gernikako Estatutua berritzeko negoziazio prozesua baldintzatuko luke modu batera edo bestera; EBBko presidente Andoni Ortuzarrek aurki abiatuko du alderdien arteko bilera sorta bat, hastapeneko urrats gisa. EH Bildurekin adostasunak lortze aldera, oinarrizko aldagaia da erabakitzeko eskubidea. Aldiz, PSE-EEk oso garbi utzi du ez duela onartuko. Sozialisten idazkari nagusi Eneko Anduezak adierazi du, era berean, «forutasunean» oinarritutako «berme sistemarik» ez duela begi onez ikusten PSEk; «aldebikotasuna» beste modu batera ulertzen du, alegia, Espainiako epaileen azken hitza ontzat jota. EAJren eta PSEren arteko «harremana berraztertzea» eta, areago, bien arteko «haustura» egon daitekeela abisu eman dute buru sozialistek azken asteetan.
Nafarroa eta Iparraldea
Baina EAJko egungo zuzendaritzak «arriskuan» ikusten du «autogobernu sistema», Espainiako eta Frantziako «estatuek birzentralizazioa bilatzen» baitute, eta horregatik nahi du berme sistema berri bat, adosten den hori —estatu berriak jasoko lituzkeen eskuduntza berriak barne— beteko delako aseguru modura. Beraz, Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiak osatzen dituzten bazkide bien artean talka bat aurreikus daiteke estatu berria adosteko prozesuan, batez ere erabakitzeko eskubidearen inguruan; nazio aitortza ez litzateke hainbesteko arazoa PSErentzat, «literatura forma» batean geratuko balitz behintzat. Bazkideen talka horren lehen zantzuak dira berriki Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiek onartutako mozioak, erabakitzeko eskubidearen alde, EAJren eta EH Bilduren botoei esker onartu ere.
EAJren soslai abertzalea indartzen du burujabetzaren inguruko agiriak; «gure herriaren errealitate instituzionala hiru administrazio esparrutan zatitua» dagoela dio.
Talka horren ondorioak ondorio, EAJren soslai abertzalea indartzen du afiliatuek eztabaidatu eta —hala badagokio— onartzeko duten burujabetzaren inguruko agiriak. Lerro horietan irakur daiteke «gure herriaren errealitate institutzionala hiru administrazio esparrutan zatitua» dagoela. Nafarroaren «eskuduntza maila indartzeko» lan egitea proposatzen du EAJk, harentzat ere «aldebiko bermeen sistema» proposatuz. Ipar Euskal Herriari begira, berriz, EAJren agiriak dio «Ipar Euskadiren instituzionalizatze prozesuan aurrera» egiten lagunduko duela, «gure herriko maila instituzionalen arteko harreman politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak sustatuz».
Bestalde, EAJren martxoko Batzar Nagusiak onets ditzakeen agirien artean egon daiteke, era berean, alderdiak euskal gizartearekin duen harremanari erreparatzen dion beste bat, baldin eta zuzendaritzak eztabaidarako proposatu duen oinarria aurrera ateratzen bada. Euskal gizarteak «hurbiltasun handiago» eskatzen die alderdiei, EAJren agiri horretan azaldua dutenez. EAJ bere herriaren zerbitzura dagoen alderdia: euskal herritarrekiko loturak izenburuko agirian diote «irekitasun, gardentasun, sentsibilitate eta gizartearekiko komunikazio handiagoa» behar dela. Idatzi horretan proposatzen dute EAJk «alderdi irekiagoa» izan behar duela, «jarrera aktiboarekin entzun» behar duela, «ahots berriak» eta «ideia berriak» jaso ditzaten. Izan ere, agiriaren egileek uste dute «herritarren artean politikarekiko atxikimendu falta sakona» agertzen ari dela, «bereziki pandemiaz geroztik». Atxikimendu falta hori «ongizate sisteman gertatzen ari den tentsioaren sintoma bat» dela uste dute.
Barne demokrazia indartu
Horrez gain, EAJren barne prozesuan alderdiaren antolaketari eragiten dion esparrua ere doitu dezakete, afiliatuen eztabaidaren ondoren, eta Batzar Nagusian berresteko beste agiri bat jarri du mahai gainean. EAJ Euskadin «sustraiak dituen eta egonkor jarraitzen duen alderdia» dela ziurtatu dute agiri horretan, baina jeltzaleei ere «eragiten» diete «garai asaldatuek».
Egun, «erronka berriak» ditu alderdi jeltzaleak, idatzi horren arabera, eta «barne demokrazia indartu» egin behar dutela uste dute. Hala, zuzendaritzen eta alderdikideen arteko lotura «estutu» behar dela diote hirugarren agiri horretan. Garbi diote oinarrizko alderdikideen zeregina «aitortu» behar duela EAJk. Parte hartzea sustatze aldera, «komunikatzeko eta erabakiak hartzeko prozedura arinagoak» proposatzen dituzte. Finean, kalean dauden eztabaidak «proaktiboki jasoko dituen erakundea» nahi dute.