EAJren Espainiako Kongresuko talde parlamentarioaren ustez, «profesional bat adierazpen askatasuna gauzatzeagatik kanporatzea onartezina da». Jeltzaleek hiru galdera planteatu dizkiote Espainiako Gobernuari, Granada futbol taldeak Unai Etxebarria atezaina (Getxo, Bizkaia, 1996) kanporatu duelako, partida baten ondorengo ospakizunetan Altsasuko gazteen aldeko elastiko bat erakusteagatik. Granadak ez du kaleratzearen berri ere eman —bigarren taldeko kide gisa agertzen da klubaren webgunean—, baina BERRIAk herenegun baieztatu zuen 2021eko ekainaren 30era arteko kontratua eten diola klubak Etxebarriari, eta horretarako arrazoia izan dela lehia baten ondoren aipatutako kamiseta erakustea —klubak espedientea ere ireki zion horregatik—.
EAJk Kongresuko Mahaira helarazitako idatziaren arabera, «baieztatuko» balitz «arrazoi ideologikoengatik diskriminatu dutela» Etxebarria, «berpiztuko» lirateke «jada zaharkitutako eskemak, zeintzuek euskal herritarrak katalogatzen dituzten haien adierazpen gutxi gorabehera publikoengatik». EAJren ustez, hori «eskubideen urraketa larria» da, «nola lan arloan, hala esparru zibilean».
Hori guztia kontuan hartuta, EAJk hiru galdera planteatu dizkio Espainiako Gobernuari. Galdetu dio, batetik, ea «kontatutako kaleratzea» bateragarria den Espainiako lan legediarekin. Bigarren galdera: «Gobernuak pentsatzen du adierazitakoaren moduko ekintzak zaindu beharko lituzkeela lan ikuskatzaileen bidez?». Eta hirugarrenik, EAJk galdetu dio gobernuari ea «onartzen» dituen «bat ez etortzeak» gobernuak edo epaitegiek hartutako erabakiekin, hori egiten dutenak «haien eskubideen beldur» izan gabe.
Elkarretaratzea, bihar
Euskal kirolaren aldeko Gu Ere Bai plataformak, elkarretaratzera deitu du biharko Unai Etxebarriari babesa adierazteko. Getxoko San Nikolas plazan egingo dute (13:00), Adierazpen askatasuna! leloarekin.
EAJk Espainiako Kongresura eramango du Etxebarriaren kaleratzea
Jeltzaleentzat, «onartezina» da «profesional bat adierazpen askatasuna gauzatzeagatik» kanporatzea. Azalpenak eskatu dizkiote gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu