EAJk handitu egin du Arabako Batzar Nagusietan duen ordezkaritza: aurreko legegintzaldian baino lau aulki gehiago izango ditu. PSE-EEk ere, aurreko legegintzaldiko EAJren gobernukideak, gorakada adierazgarria izan du. Hamar aulki lortu ditu, 2015ean baino bost gehiago. Egoera horrek eskura uzten die biei gobernu moldea errepikatzea. EH Bildu bigarren alderdia da orain, ordezkaritza mantendu arren: hamabi aulki. PPk eta Elkarrekin Podemosek izan dute gainbehera handiena. Lau aulki galdu dituzte PPkoek, eta bost koalizioa osatzen duten alderdiek. Ciudadanosek galdu egin du 2015ean erdietsi zuen ordezkaria, ez baita heldu botoen %3ko mugara.
Ramiro Gonzalezek aukera handiak ditu aginte makilari eusteko. Hori gertatuko balitz, 1977tik agintaldia errepikatuko lukeen bigarren diputatua litzateke. Ramon Rabanerak baino ez ditu bete bi agintaldi. Hori bermatzeko, Gonzalezek nahikoa lituzke 2015etik gobernukide izan duen PSE-EEren botoak. Bien artean gehiengo osoa izango lukete. 26 eserleku da Arabako Batzar Nagusietan gehiengo osoaren muga, eta EAJk eta sozialistek 27 auki lortu dituzte bien artean.
EH Bildu bigarren alderdia izango da, botoetan eta aulkietan gora eginda ere. Arabako botoen %21 inguru eskuratu ditu, eta 2015ean baino ordezkari bat gehiago izango du legegintzaldian.
PPren gainbehera
2015ean boto gehien jaso zuen alderdia izan ostean, laugarrena da orain PP. 1999tik lehen aldiz, ez da izan boto gehien jaso duten bi alderdietako bat. 2015etik 10.000 boto baino gehiago galdu ditu, eta 2011tik zortzi ordezkari.
Elkarrekin Podemosek lau aulki lortu ditu. Koalizioa osatzen duten alderdiek bederatzi ordezkari erdietsi zituzten 2015eko hauteskundeetan: Ahal Dugu-k zortzi, eta Irabazik bat.
Ciudadanos, Vox, Libres por Euskadi eta Omniak ez dute ordezkaririk lortu, ez baitira heldu botoen %3ko mugara.
Udal eta foru hauteskundeak. Arabako Batzar Nagusiak
EAJk eskura du berriro agintea
PSE-EEk 2015ean halako bi aulki erdietsi ditu, eta jeltzaleekin gehiengoa izango lukete gobernu batean. EH Bildu bigarren alderdia da Araban. PPk lau ordezkari galdu ditu 2015etik, eta Elkarrekin Podemosek, bost
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu