EAJk eserleku bat gehiago lortuko luke Eusko Legebiltzarrerako bozak gaur eginez gero

EH Bilduk, berriz, gaur egun dituen legebiltzarkideei eutsiko lieke (27), eta Araban eta Gipuzkoan gailenduko litzateke. Bizkaian EAJk lortuko lituzke eserleku gehien.

Eusko Legebiltzarra, irailean egindako kontrol saio batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eusko Legebiltzarra, irailean egindako kontrol saio batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko otsailaren 7a
11:25
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak orain eginez gero, EAJk irabaziko lituzke, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera. 28 eserleku lortuko lituzke, gaur egun dituenak baino bat gehiago. Iazko apirilaren 21eko hauteskundeetan, EAJk eta EH Bilduk legebiltzarkide kopuru bera lortu zuten: 27. Koalizio abertzaleak lehengoari eutsiko lioke.

PSE-EEk hamabi eserleku ditu egun eta, galdeketaren arabera, horietako bat galduko luke. Alderdi Popularrak, berriz, kontrara: zazpi ditu orain, eta zortzi eskuratuko lituzke. Sumar eta Elkarrekin Podemos-IU legebiltzarretik kanpo geratuko lirateke; azken horrek jada ez zuen eserlekurik lortu azken hauteskundeetan, eta Sumarrek legebiltzarkide bakarra lortu zuen. Voxek eutsi egingo lioke orain duen eserlekuari.

Bizkaian nabaria izango litzateke EAJren garaipena, botoen %39,7 eta 11 eserleku lortuta. Izan ere, iazko hauteskundeetan lortutako legebiltzarkide kopuru bera lortuko lukete alderdi guztiek: EH Bilduk zortzi, PSE-EEk lau eta PPk bi.

Araban eta Gipuzkoan, berriz, EH Bilduk irabaziko luke botoetan. Araban, hala ere, eserleku kopuru bera lortuko lukete koalizio abertzaleak eta EAJk; botoen %28,6 eta %27,7 eskuratuta, hurrenez hurren. Izan ere, lurralde horretan, hauteskundeetan baino eserleku bat gehiago lortuko luke EAJk. Alderdi Sozialistak, Alderdi Popularrak eta Voxek ez lukete aldaketarik izango: launa legebiltzarkide lortuko lituzkete lehenengo biek, eta bakarra, hirugarrenak. Gaur egun duen legebiltzarkidea galduko luke Sumarrek.

Gipuzkoan ere aldaketa gutxi. Botoen %39,8 lortuta, EH Bilduk egun dituen 11 eserlekuei eutsiko lieke, eta EAJk, egun dituen bederatziei —botoen %31,5 lortuko lituzke—. PSE-EEk, berriz, hiru eserlekuetatik bat galduko luke, eta PPk, bat irabazi. Bi lortuko lituzke, beraz.

Bizitokia Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan duten eta 18 urte edo gehiago dituzten herritarrei egin diete galdeketa, urtarrilaren 28tik 31ra bitartean. 3.030 lagunek erantzun dute, telefonoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.