EAJko lurralde zuzendaritzak berritu ondoren, beste urrats bat egin dute EAJko estrategia eta helburu politikoak zehaztuko dituzten txosten politikoak onartzeko prozesuan. Euzkadi Buru Batzarrak jadanik bidali dizkie Uri Erakundeei datozen asteetan eztabaidatu eta zuzenduko dituzten bost txostenen zirriborroak; BERRIAk aurreratu zuen moduan, horien artean dago «erabakitzeko eskubidea» jasotzen duen txosten politikoa, «burujabetza osoari» eta «Euskadi nazioa dela aitortzeari» buruzkoa. Datozen hilabeteetan eztabaidatuko dute txosten horren eta beste lauren inguruan, eta, gero, onartu egingo dituzte EAJren IX. Batzar Nagusian; martxoaren 29an eta 30ean egingo da, Donostian.
EBBk helburu politikoak ezarri ditu afiliatuen arteko eztabaidarako proposatutako lehen txostenean, «erabakitzeko eskubidea instituzionalizatuz» lehenik eta behin. Finean, «burujabetza osoa» dauka xede EAJk, baina «mailakako» prozesu baten barruan. Prozesu horren barruko beste urrats baten gisa proposatzen du, esaterako, Europako Batasunaren barruan ardura handiagoa izatea eragile gisa.
Helburu politikoak ezartzearekin batera, alderdi jeltzaleak barne funtzionamenduari ere erreparatu dio, gaur egungo arautegia doitzeko, besteak beste afiliatuen eta kargudunen arteko harremanak errazteko. Horrez gain, alderdia gizarteari irekitzeko moduak ere aztertzen ditu beste txosten batek, gizartean barneratzeko.
Eztabaidagai izango dituzten bost txosten horien izenburuak hauek dira: Euskadi, Nazioa Europan;Askeago izateko Nazio oparoa eraikitzea; Mundu hobe, jasangarri eta baketsu batera irekia den Nazioa; Bere Herriaren zerbitzura dagoen Alderdia; eta Antolaketa demokratikoa.
Ildo politikoari dagokion zirriborroak argi esaten du EAJren xedeak hauek direla: «Euskal nazioaren burujabetza osoa eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa». Hala jarraitzen du txostenak: «Herri eta nazio gisa ditugun nahiak Europako Batasunean eta hura ordezkatzen duten balioen eta printzipioen barne egituran jasota daude». Jarraian azaltzen du zer helburu dituzten «Europan eskubide osoko nazioa izateko subiranotasunaren eta nortasunaren arloan».
Eskubide ukaezina
Hala jaso du dokumentuan EAJk: «Euskotarrok, komunitate honetako kide sentitzeagatik, gure borondatez eta pertsona aske eta arduratsu gisa ditugun eskubide indibidualak gauzatzean, herri bat osatzen dugu». Eta, beraz, «herri bat» osatzen dute «euskotarrek», eta «komunitate nazional baten subjektu politiko izaera» dute.
Txosten berean idatzi dute «herri baten askatasun gosea eta nahi demokratikoak edozein inposaketaren gainetik» daudela; hau da, «erabakitzeko eskubidea printzipio demokratikoa» dela, «integratzailea eta modernoa»; eta batez ere «europarra eta europazalea» dela.
Hala, txostenean adierazi dute EAJrentzat «eskubide ukaezina» dela erabakitzeko eskubidea: «Herri batek gauzatu ahal izango du edo ez; bere historiako une bat edo beste aukeratu ahal izango du eskaera egiteko; plebiszitu bidezko erabaki egintza bat aukeratu ahal izango du, edo erabaki hori mailaka eta jarraian hartu. Ezin zaio uko egin, ezta eskubide hori indarrez kendu ere».