EAJk transferentziaz hitz egiteko ekitaldia egin du gaur Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) lotzen dituen oinezkoen zubian. Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak elkarrizketa eta autogobernua aldarrikatu ditu transferentziak lortzeko. Astelehenean, Aldiriko Trenbideen, Tituluen Homologazioaren eta Migratzaileen Harreraren transferentzien akordioa sinatuko dituzte bitariko batzordean, Gasteizen, eta horietan akordioak garrantzia izan duela azpimarratu du Estebanek, «euskal gizartea kohesionatuagoa izateko» balio izango dutelako.
Gaurko ekitaldian parte hartu dute Bakartxo Tejeria eta Markel Olano Gipuzkoako hautagaiek, eta alderdi jeltzaleko ordezkaritza zabal batek. Besteak beste, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak. Estebanek deitoratu egin du Madrilen sarritan liskar politikoa izatea, eta, horri aurre egiteko, elkarrizketaren eta akordioaren bidea defendatu du. Hala, EAJk eta PSOEk transferentzien inguruan lortutako akordioa betetzera premiatu du Espainiako Gobernua.
Aldiriko trenbideen transferentziari dagokionez, Irunen «eragin zuzena eta positiboa» izango duela adierazi du, eta herritarrei «zerbitzu hobea» eskainiko diela. Atzerriko unibertsitate tituluak homologatzeko eskumenaz, berriz, adierazi du horri esker izapideak arinduko direla eta pertsona horiek lan merkatuan «azkarrago sartzea» ahalbidetuko duela.
Era berean, Estebanek nabarmendu du lehen aldiz eskualdatu zaiola erkidego bati migrazioaren harrera faseari dagokion eskumena, eta lorpen horregatik poztu egin da. EAJren lana goraipatu du hala: «Gizarte integratu bat egin nahi dugu, gizarte harmoniatsu bat, eta, zalantzarik gabe, guri dagokigunez eta orain iristen zaizkigun eskumenei dagokienez, horretan ahaleginduko gara», azpimarratu du.
Espainiako aurrekontuez ere mintzatu da Esteban; esan du espero duela negoziazioak azkartzea, eta Espainiako Gobernuak lehenbailehen erdiestea akordioa Kongresuko bazkideekin, «kontrakoa suizidioa litzatekeelako».