Udal eta foru hauteskundeak

EAJk Elixabete Etxanobe Landajuela proposatuko du Bizkaiko ahaldun nagusi izateko

EAJren Bizkai Buru Batzarrak Etxanobe proposatu du diputatugai, eta Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagai

Elixabete Etxanobe Landajuela. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
2022ko irailaren 22a
09:59
Entzun

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi kargura ez dela berriz aurkeztuko baieztatu ostean, EAJren Bizkai Buru Batzarrak hautagaien berri eman zien atzo gauean Bizkaian dituen 123 Uri Erakundeei. BBBk Elixabete Etxanobe Landajuela eta Ana Otadui Biteri proposatu ditu hurrenez hurren, Bizkaiko ahaldun nagusirako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenterako hautagai gisa, 2023ko maiatzean egingo diren Foru Hauteskundeei begira.

Behin proposamena bidalita, Bizkaiko alderdikideek izango dute azken hitza aukeraketa honetan. Azaroaren 26an egingo den Herrialde Batzarrean amaituko da prozesua.

EAJren barne aukeraketako prozesuak bi hautespen aldi ditu. Lehen bozketa urriaren 4tik 16ra da, eta fase honetan alderdikide bizkaitarrek egokitzat jotzen dituzten hautagaiak proposatu ahal izango dituzte. Bigarren hautespen aldian, urriaren 27tik azaroaren 10era bitartean garatuko den fasean, Bizkaiko alderdikideek aukeratu egin beharko dute lehen bozketa aldian proposatu dituzten hautagaien artean. Azaroaren 26an egingo den Herrialde Batzarrean amaituko da prozesua. EAJren barne organo horrek izango du azken hitza.

Ikusi gehiago:EAJk Alderdi Eguna ospatuko du igandean, 'Goazen!' leloa hartuta

Elixabete Etxanobe Landajuela (Otxandio, 1978) Zuzenbide Ekonomikoan lizentziaduna da (Deustuko Unibertsitatea), Abokatutzan master bat du (Zuzenbide Pribatuko espezialitatea), Oinarrizko Eskubideei eta Botere Publikoei buruzko master bat (UPV-EHU), eta ikastaro ugari egin ditu Zuzenbide Administratiboan espezializatzeko. Durangoko Udaleko karrerako funtzionarioa da, eta udal horretan aritu izan da 10 urtez. 2013an Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari izendatu zuten. 2019an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzaren ardurak bereganatu zituen. 2020. urtearen amaieran, Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza hartu zuen. 2021z geroztik, Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua da. EAJko alderdikide da 2006tik, eta bere jaioterriko udalean, Otxandion, zinegotzi izan zen legegintzaldi batean. Gaur egun, udalerri horretako Udal Antolaketako idazkaria ere bada. Euskaraz –ama hizkuntza– gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten eta idazten du.

Ana Otadui Biteri (Elorrio, 1976) Zuzenbidean lizentziaduna da, Deustuko Unibertsitatean ikasitakoa. Bizkaiko Foru Aldundiko funtzionario da, eta gaur egun eszedentzian dago. Durangoko Udalean ere lan egin zuen. 2005etik Elorrioko EAJko alderdikide da. 2011. eta 2015. urteen artean Elorrioko alkate izan zen, harik eta 2015ean Lurralde Batzarrak Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente izateko hautagai izendatu zuten arte. Ardura hori 2015eko foru hauteskundeetan bereganatu zuen, eta 2019koetan berriz aukeratu zuten. Euskaraz —ama hizkuntzan— gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten eta idazten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.